Albaniarrek beren herrialdea salgai ez dagoela esan diete Trump sendiari eta Albaniako Gobernuari. Maiatzaren amaieratik, milaka eta milaka lagun protestan ari dira Albaniako hiri nagusietan, AEBetako presidente Donald Trumpen alaba Ivanka Trumpen hirigintza proiektuak salatzeko. Izan ere, ia urbanizatu gabeko irla batean, Sazan uhartean, eta babestutako urmael batzuetan turismorako azpiegiturak eraiki nahi ditu bere senar Jared Kushnerrekin batera.
Sazan uhartea herrialdearen hegoaldean dago, bost kilometro koadroko eremua du, eta 1.400 milioi euroko oporleku bat egin nahi dute han. Garai komunistako base militar bat izan zen, eta ia 4.000 bunker ditu. Eta uhartearen parean, Vloreko badian, Narta urmaela dago, non Vjosa-Narta ibaiko ur gezak itsasoko urarekin elkartzen diren. Urmaelaren ondoan, Zvernec-en, lursail batzuk erosiak dituzte jada Kushnerren eta Trumpen bazkide batzuek, eta ekologistek salatu dute ez dela turismo gune soil bat, baizik eta gune babestu batean eraiki nahi duten hiri guztiz berri bat.

Eraikuntza lanak hasteak areagotu egin du milaka albaniarrek lehendik ere puztua zuten haserrea, eta proiektuaren kontrako protestak Albaniako Gobernuaren kontrako protesta orokor bihurtu dira. Flamenkoen Iraultza izena jarri diete jada azken asteetako protestei, animalia hori baita Narta urmaeleko espezierik deigarriena.
EBra sartzea jokoan
Armenia, Georgia, Serbia, Turkia eta beste hainbat herrialde bezala, Albania Europako Batasunaren parte izateko hautagaia da. Bada, Vjosa-Narta ibaiaren delta babestea EBra sartzeko baldintza handienetako bat da herrialdea EBren ingurumen politiketara moldatzeko. 2005. urtetik babestuta daude Vjosa-Nartaren ibilguko urmaelak, dunak, padurak eta bestelako habitatak. Albanian bioaniztasunik handiena duen ingurua da, eta flamenkoak dira urmael horiek atseden hartzeko eta elikatzeko erabiltzen dituzten animalia ezagunenetakoak, migrazio bidean asko geratzen baitira bertan. Hala ere, flamenkoena ez ezik, beste berrehun hegazti espezie babesturen habitata ere badira urmael horiek.
Kushnerren eta Trumpen asmoen jakitun, Europako Batasunak jada ohartarazi dio Albaniako Gobernuari proiektuak aurrera jarraitzen badu Albaniaren integrazioa kolokan gera daitekeela. Hala esan zuen aurreko asteartean Europako Batzordeko bozeramaileak, Guillaume Mercierrek: «Vjosa-Nartako paisaia babestuaren bilakaerari gertutik erreparatzen ari gatzaizkio, eta proiektuaren hutsuneei buruzko kezkak helarazi dizkiogu Ingurumen ministroari».
«Proiektuaren hutsuneei buruzko kezkak helarazi dizkiogu [Albaniako] Ingurumen ministroari»
GUILLAUME MERCIER Europako Batzordeko bozeramailea
Eta hori, aldi berean, zatiketa sortzen ari da Albaniako Gobernuan. Izan ere, Ingurumen ministroak, Sofjan Jaupajek, egoera baretu nahi izan du, batzordeari zin eginez proiektua geldituko dutela eta ingurumen inpaktuaren ikerketa berriro egingo dutela, «gizarte zibilari kontsulta eginaz». Hala ere, Albaniako lehen ministroak, Edi Ramak, behin baino gehiagotan babestu du jendaurrean proiektua, eta aurrera egiten ari dela adierazi du. Are, protesten atzean Iran dagoela adierazi du, eta manifestatzen ari direnei Iranen «txotxongilo» izatea egotzi die.
Europako Batasunean integratzea ez da txantxa albaniarrentzat, babes handia baitu komunitatean integratzeak herritarren artean: albaniarren %90ek Europako Batasunaren parte izan nahi dute. Baina protestak ez dira horrenbeste horretan zentratzen ari, 2024an Georgian gertatu moduan. Herrialdeko eremu naturalak babestearen alde eta familia dirudunen asmo espekulatiboen aurka ari dira protesta egiten, eta manifestazioen leloa horren eredu da: Albania ez dago salgai. Lehen ministroari dimititzeko ere eskatu diote manifestariek, bai Albaniako bertakoek eta baita atzerriko emigranteek ere.
Zulotik ateratzeko estrategia
XX. mendearen bigarren erdian gobernu komunista bat izan zuten Europako herrialde gehientsuen antzera, kapitalismorako trantsizioa krudela izan zen Albanian. Hala ere, ezberdintasun handiak ere bazeuden; esaterako, nekazaritzak pisu handia zuen 1991. urtean, eta, Ekialdeko Europako herrialde gehienekin alderatuta, atzerapen nabarmena zuen. Kapitalismoaren itzulerarekin, milaka eta milaka albaniarrek herrialdea utzi zuten: 1991. urtetik aurrera, urtero-urtero biztanleria galdu du herrialdeak, Munduko Bankuaren datuen arabera.
Hala, duela 35 urte 3,3 milioi biztanle zituen Albaniak, eta orain, berriz, 2,4; beste hitz batzuetan, biztanleriaren herena galdu du ia herrialdeak. Unicef erakundeak, XX. mendearen amaieran, txosten bat argitaratu zuen Albaniako trantsizioaren kostu sozialak azaltzeko: «Estatuak biztanleak laguntzen zituen, osasun arreta, hezkuntza, etxebizitza, lana, pentsioak eta bestelako oinarrizko zerbitzu batzuk eskainiz, eta hori egun batetik bestera desagertu zen». Besteak beste, haurren heriotza tasa handitu zela ere antzeman zuten, «Mendebaldeko Europarena halako bost izateraino».
%240
Turista kopuruaren hazkundea Albanian, 2014tik 2026ra. Turismoaren sektoreak hazkunde handia izan du Albanian azken urteetan: 2014tik 2026ra %240 handitu da Albania bisitatu duten turisten kopurua.
Horrela eman ditu Albaniak mende berriko lehen hamarkadak, ustelkeriagatik eta mafiengatik ezagun egin den herrialdea bihurtzeraino. Baina azken urteetan turismoaren sektorea garatzeko inbertsio handiak jaso ditu herrialdeak, eta, batez ere aire bidezko konexioak hobetuta, askoz turista gehiago doaz hara azken hamarkadan. Azpiegiturak pixka bat hobetuta, milioika turistak eguzkia, hondartza naturalak eta prezio merkeak topatu dituzte Albanian, eta 2014tik 2026ra %240 handitu da turista kopurua. Kalkuluen arabera, aurten 12,4 milioi turista hartuko ditu Albaniak, bere biztanleria halako bost. Albaniaren barne produktu gordinaren %25 turismoaren sektoreari dagokio.
Hala ere, hartzen dituen turisten profila aldatu nahi du Albaniak, eta, Europako Batasunarekin batera egindako estrategia batekin, «kalitate hobeagoko» turistak nahi ditu orain gobernuak, Blendi Gonxhja Albaniako Turismo, Kultura eta Kirol ministroak Forbes aldizkariari esandakoaren arabera. 2030era begirako estrategia da: egonaldi luzeagoak, urte osoan gehiago sakabanatuak, eta lurralde osoan modu orekatuagoan banatuak. «Gobernu gisa, gure eginkizuna da turismoaren garapenak ondare naturala eta kulturala babestu ditzala, enplegu egonkorra eta epe luzeko balorea sortzen dituen heinean», azaldu zuen orduan turismo ministroak. Bada, gobernuaren esku dago orain herritarren aldarriei kasu egitea edo Trump familiari men egitea.