Etxe Zuriko korrespontsalen urteroko afaria egin zuten larunbatean Washingtongo Hilton hotelean, eta han zen Donald Trump ere. 2024az geroztik dagoeneko bigarrenez, Ameriketako Estatu Batuetako presidentearen kontrako eraso bat jazo zen: afaltzen ari ziren aretora sartzen saiatu zen gizon bat, soinean pistola bat, eskopeta bat eta hainbat labana zituela. Zenbait tiro hots entzun ziren, baina ez zen biktimarik edo zauriturik izan, eta onik atera zen Trump —ez zegoen erasoa gertatu zen solairu berean—: «Ez nengoen kezkatuta. Ulertzen dut zer den bizitza. Mundu zoro batean bizi gara», esan du bart CBS kateari emandako elkarrizketa batean.
Hauxe zuen asmoa Cole Allen 31 urteko erasotzaileak: presidentea eta gobernuko funtzionario «ahalik eta gehien» hiltzea, Karoline Leavitt Etxe Zuriko bozeramaileak tiroketaren gauean bertan adierazi zuenez. Atxilo hartu zuten, eta hiriburuko epaile federal baten aurrean agertzekoa da gaur, egozten dizkioten karguak irakur diezazkioten: agente baten kontrako eraso armatua eta suzko armak erabiltzea eraso bat egiteko.
Ikerketa abian dela, eta Allenek utzitako manifestua irakurrita, presidenteak adierazi du erasotzaileak «kristauen kontrako gorrotoak» eraginda egin zuela Kaliforniako jaioterritik Washingtonerainoko bidea —4.000 kilometro—, eta «tipo problematiko» bat zela. New York Post egunkariak kaleratu zuen manifestua, eta Norah O'Donnell kazetariak pasarte bat irakurri dio Trumpi, elkarrizketan: «Pedofilo, bortxatzaile eta traidore baten krimenek ez dituzte zikinduko nire eskuak». Presidenteak gezurtatu egin ditu horiek: «Zeure buruaz lotsatu beharko zinateke hori irakurtzeagatik, ni ez naiz horietako ezertxo ere. Lotsagarria. Tira, aurrera. Amaitu dezagun elkarrizketa».
Trumpen kontrako azken-aurreko erasoa 2024ko uztailean gertatu zen, presidentegaia zela Pennsylvanian egin zuen mitin batean. Zauritu egin zuten, tiroetako batek belarrian jo baitzuen, eta bi lagun hil ziren, erasotzailea bera horietako bat.