Make America Great Again dio Donald Trump Ameriketako Estatu Batuetako presidentearen leloak; Amerika berriro handi egitea, alegia. Kargua hartu aurretik Groenlandia bere egiteko asmoa erakutsi zuen, eta, oraintsu arte isilik egonagatik ere, Artikoko urak harrotu ditu beste behin: Amerika are handiago egin nahi du, hedadura aldetik baldin bada ere. «Zeozer egingo dugu Groenlandiarekin, onean edo txarrean», adierazi zuen atzo Etxe Zurian, kazetarien aurrean.
Trumpen administrazioak argudiatu izan du segurtasun nazionaleko afera dela Groenlandia eskuratzea, eta «etsaiak» daudela inguruan. Hori dela eta, AEBek eragotzi nahi dute Errusiak edo Txinak Artikoko irla hori «okupatzea». Haren «jabetza» eskuratzea da horretarako modu bakarra, Trumpen arabera: «Geuk ez badugu egiten, haiek egingo dute», ohartarazi zuen presidenteak. Ez du nahi bi potentzia horiek «bizilagunak» izatea.
AEBak hainbat bide aztertzen ari dira munduko irlarik handiena hartzeko, eta armada baliatzea ere proposatu dute azken egunotan. Hamar daniarretik lauk uste dute Washingtonek «indarrez» hartuko duela Groenlandia, Danimarkako Voxmeter institutuak Ritzau albiste agentziarentzat egindako inkesta baten arabera.
Groenlandia erosteko aukera ere proposatu du Washingtonek. Baina, Trumpen arabera, «oraindik» ez du hitz egin nahi «diru kontuez». Danimarkak behin baino gehiagotan esan du ez dagoela salgai. «Danimarkaren fan handia naiz. Oso atseginak izan dira nirekin. Baina duela bostehun urte ontzi bat hara heltzeak ez du nahi esan lurralde horren jabe direnik», esan zuen Trumpek atzo.
100AEBek zenbat milioi dolar eskaini zizkioten Danimarkari 1946an Groenlandiaren truke Ameriketako Estatu Batuek hainbatetan erakutsi dute Groenlandia eskuratzeko asmoa. Horietako batean, 1946an, ehun milioi dolar eskaini zizkioten Danimarkari; eskaintza atzera bota zuen hark. Besteak beste, Washingtonek bi lurralde eskuratu ditu salerosketa bidez: Alaska erosi zion Errusiari 1867an, eta Louisiana Frantziari 1803an.
Aste honetan, Marco Rubio AEBetako Estatu idazkariak iragarri du Danimarkako eta Groenlandiako ordezkariekin bilduko dela datorren astean. Nuuk, ordea, uzkur dago: «Beste behin nabarmendu nahi dugu AEBek gure herrialdeari dioten mespretxua amaitzeko nahia», adierazi dute Groenlandiako Parlamentuan ordezkaritza duten bost alderdietako buruek bart kaleratutako ohar batean. «Ez dugu estatubatuarrak izan nahi, ez dugu daniarrak izan nahi: groenlandiarrak izan nahi dugu». Iragarri dute bilera bat egingo dutela parlamentuan, eztabaidatzeko Washingtoni nola erantzun. «Geure kabuz erabaki behar dugu gure herrialdearen etorkizuna, erabaki azkar bat hartzeko presiorik gabe, eta bestelako herrialdeen atzerapenik edo esku hartzerik gabe», erantsi dute oharrean.
Groenlandia lurralde autonomoa da 2009. urteaz geroztik: gobernu propioa badu ere, Danimarkaren mende dago. Kopenhagerekin urte hartan egindako akordio baten arabera, independentzia lortzeko modua litzateke legezkoa eta loteslea den erreferendum batean herritarren gehiengoak horren alde egitea. Alderdi gehienak dira independentistak, bakoitza bere modura: Demokraatit alderdi liberalak irabazi zituen iazko martxoko bozak, eta independentzia bainoago «oinarri ekonomiko ona» edukitzea lehenetsi zuen; independentzia prozesua azkartzearen aldeko alderdi bat geratu zen bigarren, Naleraq deiturikoa.