Donald Trump Ameriketako Estatu Batuetako presidenteak gustu hartu dio gatazkak zenbait puntuko planen bidez amaitzen saiatzeari: negoziatzea, zertarako-eta behintzat itunen bat lortzeko, eta «bakea» baizik ez dakarrela botatzeko. Baina azkenaldian gustu hartu die esku hartze militarrei ere: urte hasierako Venezuelaren kontrakoa da horietako bat, eta Israelekin batera Iranen kontra hasitakoa beste bat. Orain, ordea, aurrez porrot egindako diplomaziara itzuli nahi du AEBetako presidenteak, edo itzuli da dagoeneko: Steve Witkoff eta Jared Kushner AEBen mandatariek «oso elkarrizketa onak eta emankorrak» izan dituzte Irango buruzagi «errespetagarrienarekin» —Mojtaba Khamenei lider gorenarekin ez; Trumpen hitzetan, ez dute haren berri—, eta, hortaz, presidenteak bost egun atzeratu ditu Iranen aurka iragarritako erasoak, «oraingo bileren eta eztabaiden arrakasta» gorabehera. Aste honetan segitzekoak dira negoziatzen.
Teheranek ukatu egin du Washingtonekin negoziatu duenik: Irango Parlamentuko presidente Mohammad Bagher Ghalibafek adierazi du sare sozialetan idatzitako mezu batean ezetz, elkarrizketarik ez dela egon aldeen artean; herrialdeko IRNA agentziak jaso duenez, Atzerri Ministerioko eledun Esmaeil Baghaeik ere gezurtatu egin ditu Trumpen hitzak, nahiz eta «zenbait herrialde lagunkoik» jakinarazi dieten AEBak negoziatzeko asmoa dutela —Axios hedabidearen arabera, Turkia, Egipto eta Pakistan daude bi herrialdeen artean mezuak trukatzen—.
Iranek Ormuzko pasabidea itxiarazi zuen otsailaren 28aren ondoren, eta, larunbat gauean, AEBetako presidenteak ultimatuma egin zion Irani sare sozialetan: 48 orduko epea eman zion Ormuzko pasabidea erabat irekitzeko, edo bestela Irango zentral elektrikoei erasoko ziela egin zuen mehatxu. Gaur gauerdian betetzekoa da epe hori, baina dagoeneko atzera egin du Trumpek: «Gerra zuzendaritzari agindu diot azpiegituren aurkako ekintza militarrak bost egun atzeratzeko», idatzi du sare sozialetan. Hori bai, hasi direla dioen negoziazioek porrot eginez gero, «besterik gabe» Iran bonbardatzen jarraituko dute, Air Force One hegazkinera igo baino lehen kazetariei gaur adierazi dienez, Floridan (AEB). Israelgo iturri batek Reuters berri agentziari esan dio litekeena dela Israelek ere AEBen planarekin bat egitea.
Irango iturri ofizial batek Fars berri agentziari esan dionez, Trumpek «atzera egin du, Iranek Ekialde Hurbileko zentral guztiak helburu izango zituela jakin ondoren». Izan ere, Teheranek erantzun egin zion Trumpek larunbat gauean egindako mehatxuari. Esan zuen hark Irango zentral elektrikoei eraso eginez gero Ekialde Hurbileko energia azpiegiturei, gatzgabetze plantei eta informazio zentroei eraso egingo zietela. Irango Parlamentuko presidenteak ohartarazi zuen azpiegitura horiek «atzera-bueltarik gabe» suntsituko zituztela.
Beste aldeak gezurtatuagatik ere, AEBetako presidenteak ziurtatu du bat datozela zenbait gai «esanguratsutan», eta ituna eginez gero hamabost puntu izango lituzkeela: Iranek arma nuklearrei uko egitea jasoko lukete lehenak, bigarrenak eta hirugarrenak. Balizko ituna da oraingoz, esan baitu balitekeela akordio bat lortu ezin izatea, baina dagoeneko iragarri du «erregimen aldaketa oso serioa» ekarriko lukeela, Khamenei ez baitu errekonozitzen lider goren gisa: «Litekeena da AEBek lider bat topatzea, Venezuelan bezala». Venezuelako Auzitegi Gorenak berak agindu zion Delcy Rodriguezi jarduneko presidente kargua hartzeko, joan den urtarrilean, AEBek Nicolas Maduro presidentea bahitu eta gero.
Gakoa, Ormuz
Zentral elektrikoen aurkakoa ez da AEBen mehatxu bakarra: Irani lurrez eraso egiteko mehatxua ere egin izan du azkenaldian. Hain justu, AEBetako Axios berri agentziak gaur goizaldean jakinarazi du Irango Kharg uhartea inbaditzeko edo blokeatzeko aukera ari dela aztertzen Washington, Teherani presio egiteko Ormuz ireki dezan. Irango kostaldetik 25 kilometrora dagoen irla bat da Kharg, eta handik abiatzen dira Irango petrolioa eta gasa esportatzen duten itsasontzi gehienak. Irango esportazioak geratu nahi dituzte AEBek horrela. Baina, makurtu beharrean, erasora egin du Iranek, eta aditzera eman berak esportatzen ez badu eskualdeko gainontzekoek ere ez dutela esportatuko.
Laugarren astean sartu da AEBak eta Israel Iranen aurka egiten ari diren erasoaldia, eta, oraingoz, Iran ez da makurtu. Are gehiago, erasoei eta mehatxuei modu berean erantzun die. Gaur, esaterako, Irango Defentsa Kontseiluak esan du AEBek lurreko erasoak egiten badituzte Iranek minak jarriko dituela Persiar golkoan.
«Irango kostaldeari edo uharteei erasotzen saiatuz gero, Persiar golko osoko sarbideak eta komunikazio bideak minaz beteko ditugu», ohartarazi du Defentsa Kontseiluak IRNA Irango berri agentziaren bidez. Kontseiluaren hitzetan, horrek golko osoa blokeatzea ekarriko luke: «Persiar golko osoko pasabideak Ormuzko itsasartearen antzera geratuko lirateke». Eta erantsi du AEBena izango litzatekeela erantzukizuna.
Nagusiki Ormuzko itsasartetik esportatzen da Persiar golkoko petrolioaren gehiena; baina ez guztia. Badaude petrolioa garraiatzen duten beste bi oliobide: Ekialdetik Mendebalderako Hodia eta Habxan hodia. Lehenak Persiar golkoa Itsaso Gorriarekin lotzen du, eta Saudi Arabia alde batetik bestera gurutzatzen du —Ras Tanuratik Yanbura—. Bigarrena Arabiar Emirerri Batuetatik barrena doa, eta Persiar golkoa Omango golkoarekin lotzen du.
Txinak ekintza militarrak amaitzeko deia egin du. Lin Jian Atzerri Ministerioko eledunak ohartarazi du gatazkak aurrera jarraitzen badu eskualde osoa «egoera kontrolaezin batean» geratuko dela. Energiaren merkatuari are kalte handiagoa egiteko aukera dagoela ikusita, elkarrizketen premian jarri du azpimarra: «Inoiz hasi behar ez zuen gerra honek ezin du aurrera jarraitu». Baieztatu du bi aldeekin harremanetan dagoela Pekin, gatazka arintzeko asmoz.
Bitartean, elkarri eraso egiten jarraitzen dute bi aldeek. Israelgo Defentsa Indarrek (IDF) jakinarazi dute herrialdeko aire defentsek Irango zenbait misil atzeman dituztela gaur goizean, eta, lehenago, Irango Fars berri agentziak adierazi du Israelgo indar militarrek aire bidezko erasoak egin dituztela Teheranetik gertu.
libano hegoaldearen anexioa eskatu du smotrichek
Libanon ere erasoek ez dute etenik. Israelgo armadak Libano hegoaldeko zubiak lehertzen jarraitzen du, argudiatuz erasoak Hezbollah talde xiitaren aurkako operazioaren parte direla. Avichay Adraee Israelgo armadaren eledunaren arabera, Al-Dalafa zubia erasotzeko intentzioa du Israelek. Bezalel Smotrich Israelgo Finantza ministroak lurralde horren anexioa eskatu du: «Litani ibaia izan beharko luke Israelen muga berria».
Erasoen eraginez, milioi bat pertsona baino gehiagok egin behar izan dute alde etxetik —bost herritarretik batek—, eta Hezbollahk baieztatu du artilleria bidez eraso egin diola Israelgo armadaren talde bati, Markabatik gertu, Israelen eta Libanoren arteko mugan.