Trumpek bertan behera utzi du errepublikanoen konbentzioa

Abuztuan ziren egitekoak, Floridan. Koronabirusaren egoerak behartu du erabaki hori hartzera.

Donald Trump AEBetako presidentea. YURI GRIPAS / POOL / EFE
Jone Bastida Alzuru.
2020ko uztailaren 24a
11:16
Entzun

Donald Trump AEB Ameriketako Estatu Batuetako presidenteak atzo iragarri zuen bertan behera utzi duela Alderdi Errepublikanoaren konbentzioa. Berez, abuztuaren 25etik 27ra ziren egitekoak, Jacksonvillen (Florida); koronabirusaren pandemiak gehien jo dituen eremuetako bat da hori, eta, hain zuzen, krisi sanitarioak behartu du Trump erabaki hori hartzera.

“Ez da garai egokia konbentzio handi bat egiteko”, adierazi zuen AEBetako presidenteak atzo eginiko prentsaurrekoan. Zehaztu zuenez, eutsi egingo diote hilaren 24an alderdiko ordezkariak Charlotten (Ipar Karolina) egitekoak diren bilerari, eta, ofizialki, hor izendatuko dute Trump hauteskundeetarako errepublikanoen hautagai gisa; azaroaren 3an egingo dituzte presidentetzarako bozak.

Hasieran, ekitaldi osoa Charlotten egitea zegoen aurreikusita, baina, hango agintarien edukiera mugatuko zutela jakinarazi ostean, Floridara aldatzea erabaki zuen AEBetako presidenteak. Asmoa zen 15.000 pertsona biltzea aire zabaleko estadio batean, Trumpen onarpen diskurtsoa eta beste zenbait ekitaldi politiko egiteko. “Estatubatuarrak babestu behar ditut”, adierazi zuen errepublikanoen buruak.

Egunotan, pandemiaren inguruko diskurtsoa moldatu du Trumpek, eta herritarrei maskarak erabiltzeko deia egin die; baita jendea ez pilatzeko eskatu ere.

Jendaurrean egitekoak ziren ekintza politikoak bertan behera utzi arren, Trumpek adierazi zuen mantendu egingo duela onarpen diskurtsoa, baina ez zuen zehaztu nola egingo duen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.