«Azken ehun urtean baino aldaketa gehiago egin ditugu ehun egunean». Horrela ospatu zuen atzo Donald Trumpek, AEBetako presidenteak, Etxe Zurian eman dituen hiru hilabete pasatxo, Michiganen egin zuen mitinean. Urtarrilaren 20an hartu zuen kargua, eta gaur bertan bete ditu ehun egun presidente lanetan. Tarte horretan, dekretu bidez ezarri du bere agenda, Alderdi Errepublikanoak AEBetako Ordezkarien Ganberan gehiengoa izanagatik ere: honezkero 141 dekretu sinatu ditu horretarako erabili ohi duen errotuladore beltzarekin, azken mendeko AEBetako beste edozein presidenteek baino askozaz ere gehiago. Onartutako dekretuek ez ezik, esandakoek eta egindakoek ere izan dute eragina hala herrialdean nola munduan.
Eta agintean ehun egun besterik ez badaramatza ere, dagoeneko adierazi du asmoa duela 2028ko presidentetzarako hauteskundeetara aurkezteko. AEBetako Konstituzioak, ordea, ez du halakorik onartzen. «Bozez bestelako bide batzuk» daude, Trumpek martxoan esan zuenez.
Migrazio politikak
«Demokratek inbasio eta migrazio masiboaren alde egin dute; guk deportazio masiboak ekarri ditugu», adierazi zion atzo Trumpek ABC News telebista kateari, elkarrizketa batean. Presidente kargua hartu eta berehala hasi zen paperik gabeko migratzaileen kontrako neurriak aplikatzen: AEBen eta Mexikoren arteko mugako kontrola gogortu zuen, eta 1.500 militar bidali zituen bertara; aurrez, 2.500 zeuden —eta denera 10.000 egotea da presidentearen asmoa—. Joe Biden AEBetako presidente ohiaren (2021-2025) agintaldia amaitzen ari zenean, behera egin zuen muga zeharkatzen saiatzeagatik mugan bertan atxilotutako herritarren kopuruak, baina, Aduana eta Muga Babesteko Bulegoak emandako datuen arabera, geroz eta gutxiago atxilotu dituzte Trumpen dekretuaz geroztik: martxoan 7.181 lagun inguru atxilotu zituzten; iazko martxoan, berriz, 137.000 lagun atxilotu zituzten.
Immigrazio eta Aduanen Agentziaren arabera, paperik gabeko 57.000 migrante deportatu dituzte urtarrilaren 20tik gaur arte, nahiz eta Etxe Zuriak bestelako datuak eman dituen: 139.000 lagun deportatu dituzte, eta agintaldiko lehen 50 egunetan ia 33.000 atxilotu —iazko urte osoan bezainbeste—.
Martxoan, Trumpek agindu zuen Texasen preso zeuden Venezuelako 200 migrante baino gehiago El Salvadorko espetxe batera deportatzeko, Tren de Aragua taldeko kide izatea leporatuta; 1798ko Atzerriko Etsaien Legea baliatuta hartu zuen erabakia, nahiz eta aurrez James Boasberg Washingtongo epaile federalak agindua eman zuen lege horren bidez egindako edozein deportazio kautelaz blokeatzeko. Apirilean, AEBetako Auzitegi Gorenak bertan behera utzi zuen presidentearen erabaki hori. Herrialdeko justizia erakundeen kontra ere egin zuen atzo Trumpek Michiganen: «Ezin diegu utzi ezker muturreko epaile komunistei gure legeak aplikatzea galaraztea, ezta AEBetako presidenteari dagozkion betebeharrak beren gain hartzea ere».
Diplomazia eta atzerri politika
Astelehen honetan egin zituzten Kanadako hauteskundeak, eta Mark Carney lehen ministro liberalak irabazi zituen. Emaitzen berri izan eta berehala esan zuen aurre egingo ziola Trumpi: «Hautsi egin nahi izan gaitu, AEBak gure jabe izan daitezen. Hori ez da inoiz ere gertatuko». Agintera heldu zenetik, Trumpek Kanada anexionatzeko mehatxua egin du, eta astelehen honetan bertan ere iradoki zuen asmo hori; Carneyk argi utzi zuen bi herrialdeen arteko harremana amaitu egin dela. Hauteskunde gauean, halere, telefonoz hitz egin zuten bi agintariek, eta, Kanadako lehen ministroaren bulegoaren arabera, bat etorri ziren biak, eta «nazio independente eta subirano gisa elkarrekin eta elkarren onerako lan egitea» adostu zuten. Anexioa alde batera utzita, «harreman estuari eustea» adostu zuten defentsa eta merkataritza gaietan.
Kanada ez ezik Groenlandia ere AEBen parte bilakatzeko nahia erakutsi du Etxe Zuriko maizterrak, nazioarteko «bakearen» izenean. Groenlandiako herritarrek behin baino gehiagotan adierazi dute ez dituztela Trumpen asmoak onartzen. Han ere bozak egin zituzten, martxoan, eta Demokraatit alderdi liberalak irabazi zituen: Etxe Zuriaren adierazpenak entzunda, Jens-Frederik Nielsen alderdiko buruak elkar hartuta aritzeko deia egin zien herrialdeko gainontzeko alderdiei. Are gehiago, Mette Frederiksen Danimarkako lehen ministroa gonbidatu zuen Groenlandiara joan den astean, eta bildu osteko agerraldian esan zuen «errespeturik» ez zutela erakutsi AEBek: «Groenlandia ez da inoiz izango edonork eros dezakeen jabetza».
Panamako kanala ere begiz jota du Trumpek, horren kontrola «berreskuratu» nahi baitu —aurreko mende hasieran eraiki zuten AEBek, eta 1977an Panamaren esku utzi zuten—. Hain zuzen, atzo, Javier Martinez-Acha Panamako Atzerri ministroak esan zuen ez dutela mehatxurik onartuko herrialdeko asanblean: «Inork ere ez du hertsatuko errepublikako presidentea, ezta Atzerri ministroa eta gobernua ere».
Ukrainako gerra eta Gazako setioa
Trumpek iragarri zuen presidente kargua hartu eta berehala amaiaraziko zuela Ukrainako gerra. Ehun egun igaro dira ordutik hona, eta Ukraina eta Errusia nor bere aldetik AEBekin negoziatzeak ez du meniarik ekarri: otsailaren amaieran, «Hirugarren Mundu Gerrarekin jolasean» aritzea aurpegiratu zion Trumpek Volodimir Zelenski Ukrainako presidenteari, bien arteko lehen aurrez aurreko bileran; martxoan, Itsaso Beltzerako eta energia azpiegituretarako menia onartu zuten bi aldeek —menia urratzea leporatu zioten bata besteari—; eta Trumpek egindako mehatxuak ere ez du fruiturik eman —bake elkarrizketak alde batera utziko dituela ohartarazi izan du—.
AEBak Ekialde Hurbiletik urrunduko zirela hitzeman zuen presidenteak, baina agintaldian begiz jo du Gaza. Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroarekin bildu zen otsailean, eta bi milioi palestinar zerrendatik aterako zituela berretsi zuen: «Zergatik nahiko lukete itzuli? Leku hori infernu hutsa da». Israelen bonbardaketek txikituta utzi dute Gaza, eta hura berreraikitzeko asmoa erakutsi zuen Trumpek: «Ez dut txantxetan ibili nahi, baina... Ekialde Hurbileko Riviera. Hori bikaina litzateke».