Iranek esan du tentsioa areagotuko dela AEBek blokeatutako funtsak erabiliz gero

AEBek Irani eraso diote hamahirugarren egunez jarraian, eta lau lagun hil dituzte. Iranek AEBen Persiar golkoko instalazio militarrei eraso eginez erantzun du.

Bi motorzale Teheranen, gaur, eta atzean, Irango Guardia Iraultzailearen misilak. ABEDIN TAHERKENAREH / EFE
Bi motorzale Teheranen, gaur, eta atzean, Irango Guardia Iraultzailearen misilak. ABEDIN TAHERKENAREH / EFE
Beñat Mujika Telleria.
2026ko uztailaren 24a
13:45
Entzun 00:00:00 00:00:00

Ataka estuan da Donald Trump AEB Ameriketako Estatu Batuetako presidentea. Irandarrak aise garaituko zituela uste zuen, baina Teheranek sokatiran jarraitzen du erasoaldia abiatu eta ia bost hilabetera. Hori dela eta, beste bide batzuk hartzea erabaki du, Iran are gehiago estutzen ahalegintzeko. Lehenik, atzo esan zuen Iran egingo duela huthien edozein erasoren erantzule. Eta gaur gaineratu du Irani blokeatutako funtsak erabiliko dituela Teheranek eragindako kalte guztiak konpontzeko. Abbas Araghtxi Irango Atzerri ministroak erantzun du aurrekari arriskutsua izango litzatekeela.

AEBek eta beste zenbait herrialdek blokeatuta dauzkate Iranen funts batzuk. AEBek 1979an blokeatu zituzten lehenengoz Teheranen zenbait funts, Irango ikasle talde bat AEBek Teheranen zeukaten enbaxadan sartu ostean —AEBetako 52 herritar bahitu zituzten Mohammad Rezaren estradizioa eskatzeko—. Horietako batzuk desblokeatu egin zituzten gerora, Iranek bahituak askatu zituenean, baina beste batzuk blokeatuta mantendu zituen Washingtonek.

Geroztik, ezin da jakin Iranen zenbat funts dauden blokeatuta. Washingtonek eta Teheranek ekainean sinatutako memorandumaren arabera, horiek desblokeatzea adostu zuten alde biek, baina AEBek bertan behera utzi zuten memoranduma duela kasik bi aste, eta berriro abiatu zituen Iranen aurkako erasoaldiak. 

Trumpek Truth Social bere sare sozialean eman du funtsen gaineko bere erabakiaren berri, eta X sare sozialean idatzitako mezu batekin erantzun du Araghtxik. Bertan, Irango Atzerri ministroak ohartarazi du hemendik aurrera ez dela funtsik «salbu» egongo, eta horrek «kaosa» ekarriko duela. «Funts horietaz baliatzen direnek gogoratu behar dute gobernuek konfiskazioa normalizatzen badute aktibo bakar bat ere ez dela salbu egongo, eta horrek dakarren kaosa ez dela ez atsegina ez bakezalea izango».

Erasoak beste behin

Su etena bertan behera utzi zutenetik, egunero egin diote eraso elkarri AEBek eta Iranek. Gaur, hamahirugarren egunez jarraian egin du eraso AEBetako armadak, eta, Irna Irango albiste agentziak zabaldu duenez, lau lagun hil ditu Irakekin muga egiten duen Juzestan probintzian, eta beste bost lagun zauritu. Iturri berak bertako agintariak aipatuz adierazi duenez, azken bi asteetan gutxienez hamar lagun hil dituzte AEBek Juzestanen.

600

 

Zenbat marinel dauden Ormuzen harrapatuta. Nazio Batuen erakundeak (NBE) adierazi du oraindik laurehun ontzi inguru daudela Ormuzko itsasartean harrapatuta, eta eskatu du nazioarteak neurriak hartu ditzala ontzi horietan dauden seiehun marinelak babesteko. Zehaztu duenez, gehienek ez daukate senideekin harremanetan jartzeko modurik; ezta janik, edanik, elektrizitaterik eta gasolinarik ere.

Horrez gain, hedabide berak zabaldu du beste dozena bat herritan egin duela eraso AEBetako armadak; esaterako, Bandar Abbas hirian —Irango armadaren itsas base bat dago han, eta Ormuzko itsasartetik gertu dago—, eta bi lagun «larri» zauritu ditu. AEBetako armadak ohar batean adierazi duenez, goizaldean egindako erasoek «Irango instalazio militarrak eta kostaldea zaintzeko guneak» zeuzkaten helburu.

Aurrez, Trumpek Axios hedabidean telefonoz egindako elkarrizketa batean atzo adierazi zuen «erasoaldi masibo bat» egitea pentsatzen ari dela, baina oraindik ez duela azken erabakia hartu: «Erasoaldi masibo bat egitea pentsatzen ari naiz. Inoiz baino handiagoa. Erabaki bat hartzear nago. Prest gaude denok».

Teheranek, berriz, azken egunetako estrategia berari eutsi dio, eta, Washingtonen erasoaldiari erantzunez, AEBek Persiar golkoan dauzkaten instalazio militarrak jo ditu gaur. Esaterako, Bahrainen, Jordanian eta Kuwaiten egin du eraso.

Hala ere, Irango funtzionario batek Al-Jazeera hedabideari esan dionez, Teheranek ez dio aterik itxi diplomaziari, eta gaineratu du «aukera guztiak» dauzkatela mahai gainean. Azpimarratu duenez, bi aldeek elkarri eraso egiten jarraitzen badute ere, negoziazioak «aurrera» egiten ari dira bitartekarien bidez.

LAU PALESTINAR ETA ISRAELDAR BAT HIL DIRA ZISJORDANIAN, TIROKETA BATEAN

Palestinako Osasun Ministerioak eta Israelgo larrialdi zerbitzuek jakinarazi dutenez, tiroketa bat izan da Zisjordaniako Tell herrixkan, eta lau palestinar eta israeldar bat hil dira. Palestinako agintarien esanetan, israeldar kolono batzuek eraso egin diete bertako herritarrei eta haien etxeei, eta bi aldeen arteko liskarra piztu da. Orduan iritsi dira Israelgo estatu indarrak, eta lau herritar hil dituzte. 

 

Israelgo armadak adierazi du liskarrean parte hartu duten palestinarrak «terroristak» zirela, eta haien bila ari direla ohartarazi dute. Horrekin lotuta, Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroak ohar batean ohartarazi du «indarra erabiliz» erantzungo duela Tel Avivek, Zisjordanian israeldar bat hil ostean. «Gure esku dagoen indar guztia erabiliko dugu terroristen eta haiek antolatzen eta babesten dituztenen aurka. Ez dugu onartuko Judeako eta Samariako terrorismoak babesa berreskuratzea», adierazi du Zisjordania aipatuz. Bide beretik jo du Bezalel Smotrich Israelgo Finantza ministroak ere, X sare sozialean: «Hiltzaileen herrixkaren aurka Israelgo armadak burdinazko ukabila erabil dezala eskatzen dut. Eta berrezarri ditzala gobernantza eta disuasioa».

Palestinako Atzerri Ministerioak Zisjordanian gertatutako «sarraskia» gaitzetsi du sare sozialetan, eta nazioarteak esku hartu dezala eskatu du, Israelgo armadaren eta kolonoen erasoak geldiarazteko. Horrez gain, salatu du Israelgo agintariek kolonoen biolentzia baimentzen dutela, eta babestu egiten dituztela, «anexioa eta garbiketa etnikoa» helburu dituen «politika sistematiko» baten parte delako.

 Horrez gain, Israelgo armadak Gazan egin du eraso gaur goizaldean. 

Bertako iturri ofizialek jakinarazi dutenez, errefuxiatuen zenbait eremu jo ditu Tel Avivek airez egindako eraso batean; bi lagun hil ditu gutxienez, eta beste bi zauritu. Iragan urriaren 10ean su etena hitzartu zutenetik ia 1.200 lagun hil ditu Israelek Gazan, gehienak zibilak.

 

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA