«Zuen herrialdeak infernura doaz», ohartarazi die Donald Trump AEBetako presidenteak Europako agintariei. Immigrazioaren eta energia berdearen aurkako mezuz betetako hitzaldia eman du Etxe Zuriko maizterrak gaur, NBE Nazio Batuen Erakundearen urteroko Batzar Nagusian. «Legez kanpoko etorkinak» Europa «inbaditzen» ari direla ziurtatu du, eta klima larrialdiari aurre egiteko neurriak «iruzur berde» gisa definitu ditu. Gainera, NBEren Batzar Nagusian zalantzan jarri du erakundea bera baliagarria ote den: «Zertarako balio dute Nazio Batuek?».
Bost urteren ostean Trump berriz mintzatu da NBE Batzar Nagusiaren urteroko bilkuran, eta AEBetako presidente batek erakunde horretan inoiz eman duen hitzaldirik luzeena eman du. Hitza hartu bezain laster, New Yorkeko aretoa asaldatu du. Umoretsu hasi du agerraldia AEBetako presidenteak: Teleprompter-a izorratuta zegoela-eta tresna horren arduradunak «arazo larri bat» zuela esanez. Hortik aurrera, ia ordubete iraun duen hitzaldian, bertaratuen barre algarak eta marmarrak tartekatu dira. Segituan aldatu du tonua, eta zalantzan jarri du NBEren jarduna. Ziurtatu du urtarrilean bigarrenez kargua hartu zuenetik —AEBetako presidente izan zen 2016tik 2020ra ere— munduan zehar zazpi gatazka amaiarazi dituela: «batzuen ustez, amaiezinak ziren».
Trumpen hitzetan, berak bultzatutako negoziazioei esker konpondu dira gatazka horiek, eta zerrendatu egin ditu: «Kanbodia eta Thailandia, Kosovo eta Serbia, Kongoko Errepublika Demokratikoa eta Ruanda, Pakistan eta India, Israel eta Iran, Egipto eta Etiopia, Armenia eta Azerbaijan». Herrialde horien artean bake hitzarmenak sinatu dituzte edo menia bat deklaratu dute, baina, gehienetan, gatazka ez dago oraindik guztiz amaituta.

Halere, AEBetako presidenteak garaipen gisa hartu ditu akordio horiek, eta NBEri egotzi dio negoziazioetan ez lagundu izana: «Lastima da gauza horiek nik egin behar izana Nazio Batuek egin beharrean». Herrialde horietako guztietako liderrekin zuzenean negoziatzen aritu zela, eta, tarte horretan, NBEren «dei bakar bat ere ez» zuela jaso ziurtatu du. Erakundeak «potentzial izugarria» duela aitortu du, baina ez dela baliatzen uste du: «Gutunak idazten ditu hitz indartsuekin. Baina hitz hutsak dira, eta hitz hutsek ez dute balio gerrak gelditzeko». Trump baino lehenago mintzatu da Antonio Guterres NBEko idazkari nagusia, eta NBEren balioan jarri nahi izan du azpimarra: «[NBE] bilera gune bat baino gehiago da: iparrorratz moral bat da, bakea mantentzeko indar bat, giza eskubideentzako itsasargi bat».
Ez da iritzi berekoa AEBetako presidentea. Hitzaldiaren ostean Guterresekin egin duen bilkuran NBE «%100ean» babesten duela adierazi badu ere, nazioarteko liderren aurrean, bestela mintzatu da: «[NBE] arazoak konpondu ordez, arazoak sortzen ari da». Trumpen arabera, nazioarteko erakunde horrek immigrazioa bultzatzen du; horregatik adierazi du «arazoak» sortzen dituela. Besteak beste, aipatu du «legez kanpo» AEBetan sartu nahi zuten immigranteei jana, garraioa eta laguntza eskaini dizkiela NBEk. Immigrazioaren aurkako bere gudarekin jarraituz, Europako agintariei zuzendu zaie: «porrot» egin nahi ez badute, gomendatu die albo batera uzteko «ate irekien politikak», eta bere administrazioaren ereduari jarraitzeko.
Hori gutxi ez eta begitan hartua duen beste gai bati ere heldu dio: klima larrialdiari. Haren hitzetan, «historiako iruzurrik handiena» da klima aldaketa, eta trantsizio energetikoan inbertsioak egin dituzten herrialdeei ohartarazi die «porrot» egingo dutela. Immigrazioak eta energia iturri berdeek Mendebaldeko Europaren «heriotza» ekarriko dutela iragarri du. Horregatik, «mugak gogortzeko» eta «ohiko energia iturriak» erabiltzeko deia egin die agintariei.
Europa, Ukrainako gerra «finantzatzen»
Erregai fosilen aldeko deia egin badu ere, erregai horiek Errusiari ez erosteko eskatu die AEBetako presidenteak Europako herrialdeei: «Errusiari petrolioa eta gasa erosten ari dira Errusiaren aurka borrokan ari diren aldi berean. Lotsagarria da». Gainera, Trumpek aitortu du uste zuela «erraza» izango zela Ukrainako gerra konpontzea, Vladimir Putin Errusiako presidentearekin duen hurbiltasunagatik, baina «sorpresak» ere izaten direla gaineratu du. Prest agertu da Moskuri zigor gehiago jartzeko, baina Europako herrialdeek jarrera bera hartu beharko dutela adierazi du. Hungaria eta Eslovakia dira Errusiatik petrolioa esportatzen jarraitzen duten EB Europako Batasuneko herrialdeak; bietako gobernuburuak Trumpen hurbilekoak dira.
omek adierazi du parazetamola segurua dela, trumpek autismoarekin lotu ostean
OME Osasunaren Mundu Erakundeak jakinarazi du ez dagoela ebidentziarik parazetamola autismoarekin lotzeko, atzo Donald Trump AEBetako presidenteak sendagaia ez kontsumitzeko deia egin ostean. Gainera, EMA Sendagaien Europako Agentziak azpimarratu du segurua ez ezik parazetamola «aukera garrantzitsua» dela haurdunaldian mina eta sukarra baretzeko. AEBetako presidenteak Tylenol sendagaia —parazetamol marka bat da— ez kontsumitzeko deia egin zuen atzo. Haren administrazioaren arabera, haurdunaldian sendagai hori kontsumitzeak edo jaioberriei emateak haurrarengan autismoa sortu dezake.