Halako batean, hitz egin du. Edo, hobe esanda, idatzi du. AEB Ameriketako Estatu Batuetako presidente Donald Trumpek, ohi moduan, Truth Social bere sare sozialean egin ditu Washingtonen eta Teheranen arteko ustezko aurreakordioaren inguruko adierazpenak. Ez du, ordea, ezer askorik argitu. Irango portuei ezarritako blokeoa bertan behera utziko duela esan du, eta Teheranek «hartu beharreko» hainbat neurri zerrendatu ditu. Baina ez du baieztatu aurreakordiorik egin dutenik. Teheranen argiago hitz egin du: akordiorik ez dutela itxi ziurtatu du Esmail Baghaei Atzerri Ministerioaren bozeramaileak, ohar batean.
The New York Times egunkariak iturri ofizialak aipatuz kaleratu duenez, Trump bi orduz egon da Etxe Zurian bilduta aurrekordioaren inguruan eztabaidatzeko. Ez dute, ordea, adostasunik lortu. Egunkariak aipatutako iturrien arabera, akordioa «gertu» dago, baina hainbat kontu dituzte argitzeko.
Axios hedabideak Etxe Zuriko iturriak aipatuz eman zuen albistearen berri, herenegun. Informazio horren arabera, Trumpen oniritzia baino ez zitzaion falta aurreakordioari, baina, berria zabaldu eta ordu gutxira, Tasnim albiste agentziaren bitartez, Teheranek ukatu egin zuen itun bat egina zegoela. Gaur, Trumpek Teherani hainbat eskakizun egin ostean, Baghaeik berretsi du akordiorik ez dutela lortu. Are gehiago, esan du Ormuzko itsasartearen kudeaketa Iranen eta Omanen artean erabaki behar dela. Eta oroitarazi du Mendebaldeak ez diola Irani esan behar «zer egin behar duen».
Izan ere, aurrez Trumpek exijitu du, besteak beste, Iranek inoiz arma nuklearrik ez edukitzeko konpromisoa hartu behar duela —Masud Pezexkian Irango presidenteak atzo gogorarazi zuen Teheranek ez duela arma nuklearrik edukitzeko asmorik—, Ormuzko pasabidea ireki behar dela eta bertan ezingo dela bidesaririk kobratu, eta itsasarte horretan dauden mina guztiak suntsitu behar direla. Gainera, ziurtatu du AEBak arduratuko direla iazko ekainean egindako erasoen ostean geratutako «hauts nuklearra» lurperatzeaz eta suntsitzeaz. Eraso horietan, Washingtonek Irango hainbat instalazio nuklear izan zituen jomugan.
Axiosek aipatutako aurreakordioan adostutako neurrien artean dago menia 60 egunez luzatzea ere.
«Agian akordio baten zantzuak ditugu, baina Trump presidenteak egin nahi duenaren araberakoa izango da dena», azpimarratu zuen atzo Scott Bessent AEBetako Altxorreko idazkariak. AEBetako presidenteak ez du inolako aipamenik egin Axiosek kaleratutakoaren harira, baina astelehenean Truth Social bere sare sozialean idatzi zuen ezen akordioa, izatekotan, «bikaina eta esanguratsua» izango dela; alegia, bere nahi guztiak ase ezean ez dela akordiorik sinatuko.AEBetako presidenteorde JD Vancek prentsaurrekoa eman du Euskal Herrian goizaldea zela, eta baikor agertu da Teheranen eta Washingtonen arteko akordio posiblearen harira. Hala ere, adierazi du ez dakiela aldeek akordio hori sinatuko duten edo ez, ezta noiz sinatuko duten ere.
ISRAELGO ARMADAK BESTE sei LAGUN HIL DITU GAZAN
Israelek Palestinako herritarrak itotzen jarraitzen du. Armadak hiru lagun hil ditu eta beste bost zauritu gaur goizean, Khan yunisen, droneekin egindako eraso batean. Palestinako Wafa albiste agentziak zabaldu duenez, beste eraso batean, Gaza hirian, beste hiru lagun hil dituzte. gainera, zenbait puntutan ere egin ditu bonbardaketak Tel Avivek. Zerrendako iparraldean, esaterako, bost lagun zauritu dituzte bonbardaketetan. 2023ko urriaren 7an setioa gogortu zuenetik, Israelgo armadak 72.822 lagun hil ditu eta beste 172.899 zauritu, gutxienez.
Palestinako Atzerri Ministerioak ohar batean salatu du gaur Israelen erasoek nazioarteko zuzenbidea eta aurrez sinatutako su eten akordioa urratzen dutela. Eta bitartekari lanetan ari diren herrialdeei eskatu die —AEB buru dutela— neurriak har ditzatela eta «presio» egin diezaiotela Israeli, «zibilen aurkako krimenak» eten ditzan.
Bestalde, Tel Avivek gaur jakinarazi du atzo Imad Hassan Hussein Aslim hil zuela, Hamaseko komandantea. X sare sozialaren bidez eginiko jakinarazpenean, Israelgo armadak esan du Aslimek «dozenaka eraso terrorista» egin zituela Israelgo soldaduen aurka, eta «mehatxu bat» zela. Hamasek ez du baieztatu berria, baina, hori kontuan hartuta, azken bi asteetan Israelek hil duen Hamaseko hirugarren burua izango litzateke. Urrian Gazan «su etena» ezarri zutenetik hainbat aldiz urratu du menia Tel Avivek, eta mila lagundik gora hil ditu.
Etxe Zuriko bozeramaileorde Stephen Millerrek elkarrizketa bat eman du AEBetako Fox News hedabidean, eta hark ere ukatu egin du bi aldeek akordio bat lortu dutela. Hala ere, Millerren arabera, Iranek kontzesio «esanguratsuak, funtsezkoak eta garrantzitsuak» egin ditu azken orduetan, akordioa lortzeko izandako elkarrizketetan. Millerrek ez du argitu kontzesio horien inguruko xehetasunik, baina zehaztu du «ezinezkoak» liratekeela duela gutxi.
Horrekin lotuta, AEBek eraso egin diote Irani azken egunetan, eta Iranek erantzun egin zuen atzo. Hala ere, eraso horiek ez dituzte geldiarazi bi aldeen arteko zeharkako elkarrizketak —Pakistan eta Qatar ari dira bi aldeen arteko bitartekari lanetan—, eta «su etena» indarrean dagoela esan du JD Vancek.
Pakistango eta AEBetako ordezkariek bilduta egon dira, Washingtonen. Pakistango Atzerri ministro Mohammad Ishaq Dar AEBetako estatu idazkari Marco Rubiorekin bildu da aztertzeko posible ote den AEBen eta Iranen artean behin betiko akordio bat lortzea. Baina bileraren ostean ez dute xehetasun handirik eman; AEBetako Estatu Idazkaritzaren arabera, bitartekari gisa egiten ari den lana eskertu dio Rubiok Pakistani. Irango presidenteak ere eskerrak eman dizkio Shehbaz Sharif Pakistango lehen ministroari gaur, dei baten bidez, AEBekin «akordio bat lortzeko» egindako ahaleginagatik.
«Ohartarazpenak», misil bidez
Irango Tasnim albiste agentziak Irango Guardia Iraultzaileko iturriak aipatuz zabaldu du Teheranek misilak jaurti dituela gaur goizaldean, itsasora. Esan dutenaren arabera, Ormuzko itsasartean dauden eta arauak urratu dituzten ontziei egindako «ohartarazpen bat» izan da, eta ez dute inor zauritu.
Gogorarazi beharra dago Teheranek hainbat aldiz esan duela bere esku dagoela pasabidearen kontrola, eta ohartarazi duela inork oztoporik jarriz gero «erantzun gogorra» emango diotela.