Trumpek ez du «behin betiko amaierarik» ikusten Palestinako gatazkarako

Gaza hiria hartzen jarraitzeko bertze operazio bat hasi du Israelek. NBEren Segurtasun Kontseiluko kide guztiek —AEBek izan ezik— atzera egiteko exijitu diote.

Hainbat palestinar hildakoen inguruan, Gazako Khan Yunis hirian, 2023ko abenduan. HAITHAM IMAD / EFE
Hainbat palestinar hildakoen inguruan, Gazako Khan Yunis hirian, 2023ko abenduan. HAITHAM IMAD / EFE
Iratxe Muxika
2025eko abuztuaren 27a
20:35
Entzun 00:00:00 00:00:00

AEBek diote Israel Gazan egiten ari den sarraskiari irtenbide bat bilatu nahian dabiltzala, baina kontraerranetan dihardute. Izan ere, Donald Trump AEBetako presidenteak Gazari buruz hitz egiteko bilera bat gidatuko du gaur, Ekialde Hurbilerako AEBen mandatari berezi Steve Witkoffek Fox News kateari atzo iragarri zionez. Etxe Zuriak ez du oraingoz bileraren inguruko xehetasunik eman, baina Trumpek «gerraosterako» dituen planak aurkeztu nahi dituela zabaldu du Axios AEBetako hedabideak, iturri ofizialak aipatuz. Witkoffek «baikor» daudela aurrertu zuen atzo: urte amaiera baino lehen gatazka konpondu nahi dute. AEBetako presidenteak, ordea, ez zuen iragarpen bera egin, eta hor kontraerrana: atzo, kabinetearen ohiko bileran hiru ordutik goiti aritu ondotik, Trumpek kazetariei erran zien ez duela «behin betiko amaierarik» ikusten Israelen eta Palestinaren arteko gatazka laster bukatzeko. «Ez dago irtenbide argirik; gatazka aspalditik ari da gertatzen». Herenegun, baina, Etxe Zurian egindako agerraldi batean bertze jarrera batekin agertu zen: hiru asteko epean «auzia nahiko ongi amaitzeko modua» egon zitekeela erran zuen.

Gazako egoeraz hitz egiteko batzartu da gaur NBE Nazio Batuen Erakundearen Segurtasun Kontseilua ere. Eta bilkuraren amaieran, AEBek ez beste kide guztiek ohar bat kaleratu dute Israeli exijituz geldiarazteko Gazako erasoaldia. Horrez gain, zerendako gosetea «gizakiak eragindakoa» dela nabarmendu dute, eta «berehala» laguntza sartzen uzteko eskatu diote Tel Avivi. Segurtasun Kontseiluak hamabost kide ditu; horietatik bost —AEBak, Erresuma Batua, Errusia, Frantzia, Txina— iraunkorrak dira eta beto eskubidea dute.

AEBak dira Israelen aliatu nagusia Gazan egiten ari den sarraskian; azkeneko 22 hilabeteetan ia 63.000 palestinar hil ditu. Gatazkaren irtenbide bat bilatzen ari den honetan, Hamasek bahitutako gatibuen senideek hitza bete dezala eskatu diote Trumpi. Aintzat hartu behar da AEBak bitartekari ari direla bi aldeen artean, Egiptorekin eta Qatarrekin batera.

Bertze topaketa bat dute gaur AEBek: Marco Rubio AEBetako Estatu idazkariaren eta Gideon Saar Israelgo Atzerri ministroaren bilkura. Kontuan hartzekoa da herenegun bertan agerraldi bat egin zuela Saarrek berak, eta Mendebaldeko gobernuei leporatu ziela Israeli «setio politikoa» ezartzen saiatzea.

Witkoffek, Fox News katean egindako elkarrizketan, erran zuen Hamasekin akordio bat lortzeko «prest» jarraitzen duela. Hain justu, orain astebete iragarri zuen Hamasek onartu eginen zuela Gazarako azken menia proposamena. 60 eguneko plana da, eta, epe horretan, Hamasek aske utziko lituzke oraindik bizirik dauden hamar gatibu, baita dagoeneko hilda dauden hemezortzi bahituren gorpuak entregatu ere. Tel Avivek, trukean, hainbat preso askatu beharko lituzke. Azken proposamen horrek, gainera, Israelgo tropak lekualdatzeko eta laguntza humanitarioa sartzeko modua emango luke, bertzeak bertze.

2

Azken 24 orduetan zenbat haur hil diren Gazan goseak jota. 

Gazako Osasun Ministerioak erran duenez, hamar heriotza erregistratu dituzte azken 24 orduetan, guztiak goseak eta desnutrizioak jota. Horien artean, bi haur; orotara, 313 pertsona hil dira gosearekin lotutako egoeretan.

 

Akordio posible bat Tel Aviven mahai gainean egon arren, Reuters berri agentziak iturri ofizialak aipatuz gaur azaldu du Israelgo armadak Gaza hiria hartzen jarraitzeko bertze operazio bat hasi duela. Israelgo tankeak Gaza hiriaren kanpoaldean —iparraldeko muturrean— dagoen eremu batean sartu dira bart, eta hura hartu egin dute.

Iturriek kontatu dutenez, herritar anitzek Gaza erdigunera egin behar izan dute ihes, eta beldur dira su etenik adostu ezean ez ote dituzten Israelen erasoak geroz eta hurbilago izanen. Eta hain justu horrelako plan bat ontzen ari da Tel Aviv, adierazi baitu Gaza hirian bertze eraso bat egiteko prestatzen ari dela.

Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroak oraindik ez dio erantzunik eman su etenaren proposamenari, eta oposizioa «harrituta» dago horrekin. Yair Lapid oposizioko buruak ez du ulertzen zer ari den gertatzen, Israelgo armadaren irratiari gaur kontatu dionez. «Hamasek onartu ditu Netanyahuren baldintzak; orain ez dakit zer gertatzen den». Berez, joan den ortziralea baino lehen jakinarazi behar zuen Israelek Gazarako menia onartuko zuen ala ez. 

Netanyahuren jokabideak eta gerra egoera salatzeko, hain zuzen ere, mobilizazioa egin zuten atzo Tel Aviven, Bahituen eta Desagertuen Familien Foroak deituta. Dozenaka mila lagun bildu ziren, eta gerraren aurkako deia egin zuten Bahituen Plazan eta inguruko kaleetan.

Hamaseko buru bat, hilik

Bilera bat eta bertze egin bitartean, baina, Israelek jendea hiltzen eta lurrei eraso egiten jarraitzen du. Israelgo armadak ohar bat kaleratu du, eta jakinarazi Hamaseko goi kargudun bat hil zuela joan den astean egindako aire eraso batean, Gaza mendebaldean. Hildakoa «ezagutza iturri garrantzitsua» zen Hamasentzat, Israelgo armadaren arabera.

Oharraren arabera, Israelek Gaza hiriaren inguruan erasoak egiten jarraitzen du, baita Jabalian eta Khan Yunis inguruetan ere. Gaur egindako erasoetan gutxienez 51 palestinar hil dituzte, Al-Jazeera hedabideak zerendako osasun iturriak aipatuz zabaldu duenez.

Bertzalde, Tel Avivek bere lurretan jasandako eraso baten berri eman du gaur; hain zuzen ere, Yemenetik jaurtitako misil batena. Armadak Telegramen emandako abisuak zioenez, ez du biktimarik eragin. Eraso hori erantzun gisa uler daiteke; izan ere, joan den igandean Israelek Yemengo hiriburua bonbardatu zuen, eta hamar pertsona hil zituen, bertako osasun langileek ohartarazi zutenez.

Israelek sei soldadu hil ditu Sirian

Siriako sei soldadu hil dituzte Damasko kanpoaldean, Al Kiswah hiritik gertu, Israelgo armadak egindako drone bidezko bonbardaketa batean. Siriako Gobernuak azaldu duenez, atzo arratsaldean gertatu zen erasoa, eta, armadako kideen kontra egiteaz gain, biktimak artatzeko bertara joan zen osasun taldearen aurka ere egin zuten. 

Bonbardaketa hori baino pixka bat lehenago, goizaldean, bertze eraso bat egin zuen Israelgo armadak Siria hegoaldeko herrixka batean, eta pertsona bat hil zuen, SANA albiste agentziak jakinarazi duenez. 

Iragan abenduan Israelek Golango gainetara eta Hermon mendiaren Siriako aldera bidali zituen bere tropak, argudiatuta «beharrezkoak» zirela «herrialdearen defentsarako». Atzo, Israel Katz Israelgo Defentsa ministroak berretsi egin zuen jokabide hori, eta erran zuen bertan jarraituko dutela tropek, «drusoak babesteko».

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.