Salbuespen bat da, aurrekaririk ez duen planteamendu «sui generis bat». Horrela definitu du Victor Manuel Amado Castro Euskal Herriko Unibertsitateko Historia Garaikideko irakasleak AEBek Gazarako proposatutako trantsizio gobernua. Atzera begira jarrita ere, kosta egin zaio antzeko adibide bat aurkitzea; izan ere, zerrendakoa «Etxe Zuriak sortutako asmakizun bat da, proposamen pertsonal bat». AEBetako presidente Donald Trumpek aurkeztu zuen plana, irailaren 30ean, eta, horren arabera, erasoaldia bukatu ondoren behin-behineko gobernu bat ezarriko dute Gazan, zeinak bi organismo izango dituen: zerbitzu publikoak kudeatuko dituen «batzorde apolitiko eta teknokrata palestinar bat»; eta talde hori gainbegiratuko duen «bake batzorde bat». Trump izango litzateke «bake batzorde» horren burua.
Washingtonek esana du zein den Gazako trantsizio gobernua diseinatzeko ideia orokorra, baina zehazteke daude horren funtzionamendua bermatuko duten ezaugarriak, hala nola zein marko juridiko edukiko duen zerrendak. Juanjo Alvarez EHUko Nazioarteko Zuzenbide Pribatuko katedradunak azpimarratu du hutsune horrek egiten duela berezi Gazako kasua: «AEBen proposamenak modua emango du de facto okupazioaren statu quo-ari eusteko, teorian neutral itxura hartuko duen teknokrazia baten bidez». Alvarezek gaineratu du NBE Nazio Batuen Erakundeak ez lukeela gobernu horretan esku hartzerik izango, eta ez litzatekeela egongo xeheki zehaztutako bide orri juridikorik; finean, zera, «kaos hutsa».
Linbo juridiko horrek gazatarrei beren egunerokoan nola eragingo liekeen galdetuta, zenbait argibide eman ditu EHUko katedradunak: «Bertan behera geratuko lirateke palestinarrei nolabaiteko segurtasun juridikoa ematen dieten elementu guztiak, hala nola jabetza pribatuak eta merkataritza harremanak egiaztatzen dituzten dokumentuak». Adibide zehatz bat jarri du: «Pentsa, agian Trumpi okurritzen zaio nonbait hotel bat jartzea; bada, ziurrenik inork ezingo du esan lur zati hori berea denik».
«Bertan behera geratuko lirateke palestinarrei nolabaiteko segurtasun juridikoa ematen dieten elementu guztiak, hala nola jabetza pribatuak egiaztatzen dituzten dokumentuak»
JUANJO ALVAREZ Nazioarteko Zuzenbide Pribatuko katedraduna
Bi adituek aipatu dutenez, orain arte inoiz ez da izan Washingtonek Gazan ezarri asmo duen gobernuaren antzekorik. Kasu batzuei erreparatu die Amadok: «Triesteko Lurralde Askea Bigarren Mundu Gerra bukatu ondoren sortu zuten, eremu hori Jugoslaviaren eta Italiaren artean zegoen, eta, finean, aldebiko akordio baten ondorioa izan zen; Danzigi [gaur egun Gdansk, Polonia] dagokionez, hori ere Lehen Mundu Gerraren ondoren bi estatu burujaberen artean banatutako lurralde bat izan zen, hitzarmen baten ondorioa».
Alvarezek azaldu duenez, ezingo litzateke NBEk Kosovorako sortutako gobernuarekin ere alderatu: «Kosovorako sortutako misioan abokatu gehiago zeuden soldaduak baino, helburua baitzen estatu baten oinarri juridikoak zehaztea». Historian nolabaiteko analogiaren bat duen beste adibide bat aurkitu nahian segitu du EHUko katedradunak: «Hong Kongeko protektoratuan, adibidez, de facto agintzen zuten figura lokalak zeuden, okupatzaileak lurraldea guztiz utzi arte eremua kudeatu zutenak». Baina kasu hori ere ez da alderagarria. «Gazan ez dago horrelakorik, hasteko, Trump zerrendaren gaineko inolako aginte juridikorik ez duen estatu bateko presidentea da eta».
PANen ezlekua
Etxe Zuriko maizterrak irailaren 30ean aurkeztutako dokumentuan, esaten dena baino garrantzitsuagoa da esaten ez dena. Bederatzigarren puntuan dago jasota zer-nolako itxura izango lukeen Gazako trantsiziorako nazioarteko gobernuak, eta bukaeran egiten zaio aipamena Zisjordanian agintzen duen PAN Palestinako Aginte Nazionalari; horren arabera, PANek ez du gobernu talde horretan esku hartzerik izango «bere erreforma programa osatu arte».
Ikusi beharko da, halaber, etorkizunean zer-nolako itxura hartzen duen Hamasek, Washingtonek eta Tel Avivek exijitu baitiote armagabetzeko eta desegiteko. Baina, Amadok azaldu duenez, horrek ez du esan nahi talde islamistaren adar ideologikoa desagertuko denik: «Palestinan, herrialde arabiarretan bezalaxe, bi mundu daude politikaren alorrean: alderdi islamistak direnak eta ez direnak. Bide hori izango da Hamasen oinordeko taldeek hartu beharko dutena; hau da, islam politikoarena».
«Planaren atzean ez dago inolako konpromiso juridikorik; borondate bat baino ez da, eta interpretazioa oso zabala da»
VICTOR MANUEL AMADO CASTRO Historia Garaikideko irakaslea
Dena den, Palestinako estatu baten balizko sorrera azaletik baino ez da aipatzen dokumentuaren hemeretzigarren puntuan, hots: «Gaza berreraikitzeko lanek aurrera egin ahala, eta PANek bere erreforma programa leialki bete ahala, baliteke, azkenean, Palestinako estatu bat sortzeko eta autodeterminaziorako bide sinesgarri bat hasteko modua izatea, [...]». Lerro horiek kritikatu ditu Amadok: «Planaren atzean ez dago inolako konpromiso juridikorik; borondate bat baino ez da, eta interpretazioa oso zabala da». Gainera, uste du ezin dela ziurtzat jo Trumpek bere jarrera aldatuko ez duenik.
Alvarezek gogorarazi du, berriz, nazioarteko zuzenbideak dagoeneko esana duela zer egin beharko litzatekeen Zisjordanian eta Jerusalem ekialdean: «NBEko Segurtasun Kontseiluak emanak ditu zenbait ebazpen, eta horietan aipatzen da Israelen okupazioa legez kanpokoa dela, eta bi estaturen konponbidea aitortzen da; ebazpen multzo hori indarrean egongo zatekeen AEBen betoagatik ez balitz».
nazioarteko gobernu ereduak
- Danzig (1919-1939). Lehen Mundu Gerra (1914-1918) bukatu ondoren, 1919an, Versaillesko Itunaren bidez erabaki zuten Danzig (gaur egun, Gdansk, Polonia) hiri estatu autonomo izendatzea. Alemaniaren parte izateari utzi, eta Nazioen Ligak hartu zuen bere gain lurraldearen kudeaketa; nolanahi ere, Poloniak eskumen diplomatiko eta ekonomikoak zituen lurralde horretan. Bigarren Mundu Gerran Alemaniaren esku geratu zen, eta, gatazka amaitu ondoren, Poloniak hartu zuen osorik lurraldea.
- Triesteko Lurralde Askea (1947-1954). Triesteko Lurralde Askea 1947an ezarri zuten, Bigarren Mundu Gerra amaitu ondoren, NBE Nazio Batuen Erakundeko Segurtasun Kontseiluan onartutako 16. ebazpenaren bidez. Lurraldea bi eremutan banatu zuten: A eremua Erresuma Batuak eta AEBek kudeatu zuten; B eremua, berriz, Jugoslaviak. 1954an sinatutako akordio baten ondoren, Italiako Errepublikaren parte bihurtu zen A eremua, eta Jugoslavian integratu zen, berriz, B eremua.
- NBEren Jerusalemerako plana (1948). NBEren Batzar Nagusiak onartu zuen, 1947an egindako bozketa baten bidez, Jerusalem nazioarteko gobernu talde batek kudeatzea, eta hiriari estatus berezi bat ematea, hiru erlijio monoteista nagusientzat —kristautasuna, judaismoa eta islama— leku historiko bat zela argudiatuta. Edonola ere, plana ez da inoiz indarrean sartu.
- Kosovo (1999-2008). Kosovoko gerra bukatu ostean, 1999an, NBEren behin-behineko administrazio bat ezarri zuten, Segurtasun Kontseiluak hala onetsita. NBEren misio horrek bi urtez kudeatu zuen Serbiako eskualdea zena, harik eta 2001ean autogobernurako behin-behineko erakundeak ezarri eta udal hauteskundeak egin zituzten arte. Zazpi urteren ondoren, 2008an, Kosovok independentzia aldarrikatu zuen, eta NBEk ardura gehienak utzi zituen. Halere, misioa existitzen da oraindik.