Aurrerantzean ere AEBetan jaiotako guztiek edukiko dute Estatu Batuetako herritartasuna. Donald Trump presidentea eskubide hori mugatzen saiatu da, dekretu bidez, baina gaur Auzitegi Gorenak ebatzi du presidenteak hartutako neurria konstituzioaren kontrakoa dela, eta bertan behera utzi du.
Besteak beste, Trumpek eskubide hori kendu nahi zien paperik gabeko etorkinen eta aldi baterako bisak dituztenen seme-alabei. Horretarako, presidente kargura itzuli zen egunean bertan, 2025eko urtarrilaren 20an, agindu exekutibo bat sinatu zuen eskubide hori bertan behera uzteko. Estimazioen arabera, urtero 255.000 haur ingururi eragingo die Trumpek hartutako erabakiak, baina gaur Auzitegi Gorenak baztertu egin du.
Trumpen neurria bertan behera uztearen alde bozkatu dute bost epailek, eta kontra lauk. Kontra bozkatu dutenek argudiatu dute ez zaiola «automatikoki» herritartasuna eman behar AEBetan jaiotzen den pertsona orori. Hori da konstituzioko hamalaugarren eranskinean jasota dagoena, baina Trumpek esan izan du gaizki interpretatu dela artikulu hori.
Transen aurkako legeak, indarrean
AEBetako hainbat estatuk transen aurka hartutako neurrietako bat da emakume transei debekatzea kiroletan emakume gisa lehiatzea. Gaur Auzitegi Gorenak lege horiek berretsi ditu. Sei epailek bozkatu dute arau horiek mantentzearen alde, eta hiruk kontra. Mendebaldeko Virginia eta Idaho estatuek lege horiek indarrean jarri ostean, bi atleta transek helegitea jarri zuten, neurria konstituzioaren aurkakoa eta baztertzailea dela argudiatuta. Auzitegiak, ordea, ebatzi du legezkoa dela lege hori.
Trumpek epaileen erabakia goraipatu du, Truth Social bere sare sozialean: «AEBetako Auzitegi Gorenak emakumeen kiroletan gizonak lehiatzearen aurka ebatzi du. Amaitu da egoera irrigarri hau». Etxe Zuriko maizterrak genero aniztasunaren kontrako hainbat neurri hartu ditu AEBetako presidentetzara itzuli denetik. Besteak beste, kargua hartu zuen egunean bertan, ordena exekutibo bat sinatu zuen aitortuz soilik bi genero daudela: gizonezkoa eta emakumezkoa.