AEB Ameriketako Estatu Batuetako presidente Donald Trumpek Davosko foroan inauguratu zuen Gazarako Bake Batzordea, urtarrilaren 22an, eta gaur egingo du batzorde horrek lehen bilera, ia hilabete geroago. Washingtonen izango da, Euskal Herriko 16:00etan.
Trumpek irail amaieran aurkeztu zuen Gazarako plana, Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroarekin batera, eta haren parte da Bake Batzordea sortzeko asmoa. Hasiera batean, Gazako bake plana ikuskatzeko sortu zen. Baina, gerora, ikuspegi zabalagoa hartu zuen, nazioarteko beste gatazka batzuk konpondu ahal izatea helburua ezarrita.
Zein herrialde daude batzordean?
Davosko aurkezpenean hemeretzi herrialdetako ordezkariek parte hartu bazuten ere, AEBetako Gobernuak jakinarazi duenez, «35 herrialde inguruk» begi onez ikusi dute erakunde horren parte izatea. Oraingoz ez dute zerrenda ofizialik argitaratu, baina hainbat herrialdek jakinarazi du baiezkoa eman dutela, gehienak, Trumpen aliatuak. Horien artean daude, besteak beste, Albania, Arabiar Emirerri Batuak, Argentina, Armenia, Azerbaijan, Bahrain, Bielorrusia, Bulgaria, Egipto, Hungaria, Indonesia, Israel, Jordania, Kanbodia, Kazakhstan, Kosovo, Kuwait, Maroko, Mongolia, Pakistan, Paraguai, Qatar, Saudi Arabia, Turkia, Uzbekistan eta Vietnam.
Horiez gain, Japoniako Gobernuaren bozeramaile Minoru Kiharak asteartean jakinarazi zuen Tokio bat datorrela Trumpek Ekialde Hurbilerako eta Gazarako hartutako neurriekin, «bakea eta egonkortasuna lortzen lagundu nahi duelako». Hala ere, gobernuak oraindik ez du esan nor bidaliko duen bilerara.
Beste herrialde batzuek ordezkariak bidaliko dituzte Washingtonera, baina ez dira erakunde horren parte izango, begiraleak baizik. Esaterako, Italia, Errumania eta Txekiar Errepublika. Italiaren kasuan, herrialdeko konstituzioak galarazi egiten dio halako organo baten parte izatea.
Zergatik egin diote uko beste herrialde batzuek?
Beste herrialde askok ez dute onartu Bake Batzordearen parte izateko Trumpek egindako gonbita. Adibidez, Alemaniak, Brasilek, Erresuma Batuak, Espainiak, Frantziak, Kanadak, Norvegiak eta Txinak. Horietako askok iritzi diote Bake Batzorde horrek NBE Nazio Batuen Erakundea ahuldu egiten duela, eta erakunde harekiko konpromisoa erakutsi dute.
Ukrainak ere ezezkoa eman dio Trumpi, Volodimir Zelenski presidentearen esanetan, Ukrainarentzat zaila baita bere burua Errusia egon daitekeen edozein batzordetan ikustea. Errusiari dagokionez, Trumpek adierazi zuen Vladimir Putin presidenteak gonbidapena onartu zuela, baina Errusiak ez du ofizialki adierazpenik egin.
Nola dago egituratuta?
AEBetako presidente karguan egon edo ez, Trump bera izango da Bake Batzordeko zuzendaria, eta erabateko boterea izango du. Alegia, araudiak zehazten duenez, Bake Batzordeko presidenteak eskubidea izango du batzordera nor gonbidatu eta bilkurak noiz eta non egingo diren erabakitzeko. Eta berak edukiko du azken hitza erabaki guztietan.
Egitura hiru zatitan egongo da banatuta: Lehena, eta guztien gainetik dagoena, Bake Batzordea bera, zeinaren buru Trump den. Horren azpitik egongo da bigarrena, Batzorde Exekutiboa. Bertan egongo dira Trumpen aldamenekoak: AEBetako Estatu idazkari Marco Rubio, Ekialde Hurbileko Etxe Zuriaren ordezkari Steve Witkoff, eta Trumpen suhia, Jared Kushner. Eta haiekin batera egongo dira Erresuma Batuko lehen ministro ohi Tony Blair (1997-2007), Marc Rowan finantzaria eta Munduko Bankuko presidente Ajay Banga. Etxe Zuriaren arabera, kide bakoitzak «Gaza egonkortzeko funtsezko sail bat» gainbegiratuko du.
Azkenik, Gazarako Batzorde Exekutiboa. Etxe Zuriak ez du zehaztu zein betebehar izango duen, baina adierazi du NCAG Gazako Administraziorako Batzorde Nazionala zuzenduko duela. Zuzendari exekutiboa Nickolay Mladenov izango da, eta zubi lanak egingo ditu Bake Batzordearen eta Palestinako Batzorde teknokrataren artean — zerbitzu publikoak kudeatzen ditu egunerokoa —. Mladenovek beste hamar kide izango ditu aldamenean.
Gainerako herrialdeei dagokienez, Bake Batzordeko kide izan nahi dutenek 1.000 milioi dolar — 864.000 milioi euro inguru — ordaindu beharko dituzte lehen urtean betiereko eserleku bat ziurtatzeko. Etxe Zuriak adierazi duenez, diru hori «Gaza berreraikitzeko» erabiliko da.
Zer helburu ditu?
Etxe Zuriak hala definitu du Bake Batzordea, erakundearen araudian bertan: «Egonkortasuna sustatu, gobernu fidagarria eta legitimoa ezarri, eta gatazken ondorioz kaltetutako eremuetan bake iraunkorra ziurtatu nahi duen nazioarteko erakundea da». Horrez gain, hauexek izango dira nazioarteko organo berri horren betebeharrak: Gazarako trantsiziozko gobernua gainbegiratzea eta nazioarteko baliabideak mobilizatzea, Gazan gatazka «atzean utzi» eta «bakeari eta garapenari» bide emateko.
Trumpek asteburuan adierazi duenez, Bake Batzordeko herrialdeek 5.000 milioi euro jarriko dituzte Gaza «berreraikitzeko» eta bertako «giza ekimenetarako». Etxe Zuriko maizterraren arabera, gaur egingo dute jakinarazpen ofiziala, lehen bileran. «Bake Batzordeak erakutsiko du inoiz nazioartean egon den erakunderik garrantzitsuena dela», gaineratu zuen Truth Socialen idatzitako mezuan.
Zer harreman eduki nahi du NBErekin?
NBEri errieta egin zion Trumpek batzordea sortu zuenean. Esan izan duenez, beharrezkoa da munduan bakea «modu eraginkorrago batean» ezarriko duen nazioarteko erakunde bat, eta, horregatik, NBE ordezkatu nahi du organo berri horrekin.
Baina astelehenean Trumpek adierazi zuenez, Bake Batzordeak NBErekin lan egingo du, «kasu batzuetan. AEBetako presidenteak esan zuen NBE «hor» dagoela, eta «potentzial handia» daukala, nahiz eta orain arte «erabili ez duen». Hala ere, «pixka bat» lagun dezakeela adierazi zuen. «Kasu batzuetan NBErekin batera lan egingo dugu, eta ikusiko dugu ea horrela NBEk lan egiten duen», gaineratu zuen Trumpek.