Trumpek pozik alde egin du Txinatik, eta Xi gustura geratu da

AEBetako presidenteak uste du berak eta Txinako bere homologoak «antzeko» ikuspegia dutela Iranez. Xik esan du «historikoa» izan dela bisita, eta eskatu du Ormuz «ahalik eta azkarren» irekitzeko. Txinako presidentea AEBetara joango da udazkenean.

Donald Trump eta Xi Jinping Pekinen, gaur. EFE
Donald Trump eta Xi Jinping Pekinen, gaur. EFE
Igor Susaeta.
2026ko maiatzaren 15a
12:14
Entzun 00:00:00 00:00:00

Azkeneko bi egunetan pozik ibili da Donald Trump Txina aldean. Gaur alde egin du handik AEBetako presidenteak, eta nabarmendu du berak eta Xi Jinping Txinako presidenteak, munduko bi potentzia ekonomiko nagusietako liderrek, «arazo pila bat» konpondu dutela elkarrekin. «Beste batzuk ez ziren gai izango». Jakinarazi du, gainera, bi herrialdeentzat «bikainak» izango diren merkataritza akordioak egin dituztela; ez du zehaztu zeintzuk diren, ordea. Pozik ibili da, eta pozik alde egin du. Eta Xi ere gustura geratu da, AEBek Taiwango auzian duten jarrera gorabehera. Haren esanetan, bien arteko harremanaren bidea aldatu dute, «eraikitzailea eta estrategikoki egonkorra» izan dadin.

Trump bederatzi urteren buruan itzuli da Txinara, eta Pekin atsegina izan da Etxe Zuriko maizterrarekin. Trumpek ere keinu lagunkoiekin erantzun du, beste estatuburu eta gobernuburu batzuekin jendaurrean erakutsitako zabarkeria baztertuz. «Gizon hau XI Jinping da, munduko lider handienetako bat», idatzi du Truth Social bere sare sozialean. Trumpi alfonbra gorria zabalduta egin zioten harrera asteazkenean, eta gaur ere, hegazkinera igo aurretik, alfonbra gorria hedatu dute Pekingo aireportuan; gainera, haur batzuek agur esan diote AEBetako eta Txinako banderak astintzen zituzten bitartean. Xirentzat, «historikoa» izan da bisita. Beren arteko gerra komertziala hauspotzea alboratu dute agerraldi publikoetan. 

Gainera, Fox Newsek egin dion elkarrizketa batean, AEBetako presidenteak adierazi du Txinak onartu duela AEBetako petrolioa, soja eta Boeing hegazkinak erosteko asmoa duela. Pekinek ez du horri buruzko iruzkinik egin, baina Trump, bere estiloan, areago joan da: «Texasera joango dira. Hasi behar dugu ontzi txinatarrak Alaskara, Texasera, Louisianara bidaltzen. Gauza handia da hori».

Txinako presidenteak hiriko lekurik enblematikoenetara eraman du Trump. Atzo, Herriaren Areto Handian bildu ziren; gero, Zeruko Tenplua erakutsi zion, eta elkarrekin afaldu zuten; gaur, berriz, bilera egin dute hiriburuko beste leku sinbolikoenetako batean: Hiri Debekatuan. Trumpek han egin ditu adierazpenak. Wang Yi Txinako Atzerri ministroak gaur iragarri duenez, Xi AEBetara joango da udazkenean, Trumpek gonbidatuta.

45 egunez luzatu dute Libanorako su etena

AEBetako Estatu Departamentuko bozeramaile Tommy Pigottek sare sozialetan jakinarazi du 45 egunez luzatuko dutela Libanorako tregoa. Israelgo eta Libanoko zenbait ordezkari Washingtonen batzartu dira azken bi egunotan, eta ekainaren 2an eta 3an helduko diete berriro elkarrizketei —apirilaren hasieratik hirugarren aldia da biltzen direna da oraingoa—. Negoziazio sorta horietako lehenaren ostean, apirilaren 17an, iragarri zuten menia. Are, maiatzaren 29an «segurtasunaz» hitz egingo dute Israelgo eta Libanoko «ordezkaritza militarrek», Pentagonoan, Pigotten arabera.

Otsailaren 28an Israelek eta AEBek Iranen aurka hasitako erasoaldiari erantzunez, Hezbollah talde xiitak eraso egin zion Israeli, eta ordutik Tel Avivek erasoak areagotu ditu Libanon, baita herrialdearen hegoaldea inbaditu ere. Menia indarrean badago ere, atzo bertan gutxienez 25 pertsona hil zituen Israelgo armadak Libanon.

Besteak beste, Taiwango eta Ekialde Hurbileko egoera izan du hizpide. Taiwani dagokionez, Trumpek Washingtonera eramango duen hegazkinean adierazi du «ondo» ulertu direla bi aldeak, baina zehaztu du ez duela inolako konpromisorik hartu horren inguruan. Taiwango kantziler Lin Chia-lungek, berriz, eskerrak eman dizkio Washingtoni, «behin eta berriro babesa adierazteagatik» —Marco Rubio AEBetako estatu idazkariak atzo esan zuen AEBek ez dutela jarrera aldatu Taiwani dagokionez—.

Ekialde Hurbilari dagokionez, Trumpen esanetan, bai berak eta bai Xik «antzeko» ikuspegia dute Iranez. «Bukatzea nahi dugu. Ez dugu nahi haiek arma nuklearrik edukitzea. Itsasartea irekitzea nahi dugu». Ormuzkoaz ari zen. 

Hain zuzen, Txinako Atzerri Ministerioak auzi horri buruzko ohar bat kaleratu du gaur. Bertan, eskatu du Irango auzia elkarrizketaren bidez konpontzeko —ez dio aipamenik egin auzi nuklearrari—, eta Ormuzko pasabidea «ahalik eta azkarren» atzera irekitzeko. Atzo, hain justu, Xi eta Trump bileran zeudenean, Irango Guardia Iraultzaileak iragarri zuen itsasartea zeharkatzen utzi ziela Asiako portuak helmuga zituzten 30 bat petroliontziri. Tasnim eta Fars Irango berri agentziek iturri ofizialak aipatuz kaleratu zutenez, Pekinek hala eskatuta hartu zuten neurri hori. Teheranek, ordea, azpimarratu nahi izan zuen blokeoak bere horretan jarraitzen duela. 

Eta horrekin guztiarekin lotuta, Abbas Araghtxi Irango Atzerri ministroak esan du, Irango telebista batean egin dioten elkarrizketa batean, Trump «mezu kontraesankorrak» zabaltzen ari dela, eta horrek negoziazioak zaildu dezaketela. Otsailaren amaieran Israelek eta AEBek Iranen kontrako erasoaldia hasi zutenetik —su etena dago ezarrita apirilaren 8tik—, aldeak hitz egiten ari dira, eta, are, Islamabaden (Pakistan) bildu ziren apirilaren 11n; ordutik, baina, ez atzera ez aurrera dabiltza.

Abu Dhabiren oliobidea

Kontuan hartu behar da Iranek esportatzen duen petrolioaren %80 Txinara doala. Hori bai, Iranek Txinarekin duen mendekotasun energetikoa Txinak Iranekin duena baino handiagoa da; izan ere, Txinak inportatzen duen petrolioaren %13 inguru iristen da Irandik, Txinako zenbat hedabidek kaleratu izan dutenaren arabera.

Horren guztiaren harira, Arabiar Emirerri Batuek iragarri dute herrialdearen mendebaldea eta ekialdea lotuko dituen oliobide bat eraikitzen hasi direla; azpiegitura, horren bidez, hain zuzen, modua izango lukete petrolioa Persiar golkotik ateratzeko Ormuzko itsasartea zeharkatu gabe. Abu Dhabik komunikatu baten bidez eman du azpiegituraren berri, eta, gehiago zehaztu gabe, esan du espero duela 2027rako martxan egotea. Oharrak dioenez, instalazio horrek bikoiztu egingo luke petrolioa esportatzeko Arabiar Emirerri Batuek duten gaitasuna.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Euskarak badu egunkari bat, euskaltzaleon babesa ezinbestekoa duena. BABESTU EZAZU ZUK ERE