Irango auziaren inguruko nahasmena elikatzen segitzen du Trumpek

AEBetako presidenteak esan du Irango petrolioa «hartu» nahi duela; elkarrizketak «oso ondo» doazela ere adierazi du, ordea. Mehatxu egin du itunik lortu ezean Kharg irla eta energia azpiegiturak «guztiz txikituko» dituela.

Donald Trump AEBetako presidentea, gaur goizaldean. YURI GRIPAS / EFE
Donald Trump AEBetako presidentea, gaur goizaldean. YURI GRIPAS / EFE
Igor Susaeta - Julen Otaegi Leonet
2026ko martxoaren 30a
19:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Ezin jakin Iranen kontrako erasoaldiarekin lotuta zeintzuk izango diren AEBek emango dituzten hurrengo pausoak. Are gutxiago munduko lehen potentzia ekonomikoko eta militarreko presidentea Donald Trump izanda. Erasoaldia hasi zenez geroztik hilabete igaro den honetan, nahasmena elikatzen segitzen du. Alde batetik, gerrazale mintzo da, eta gaur goizaldean Financial Times egunkariari esan dio ez duela baztertzen Irango petrolioa «hartzea». Baina ordu batzuk geroago, Air Force One hegazkinean, kazetariei adierazi die zeharka ez ezik zuzenean ere ari direla negoziatzen Teheranekin, elkarrizketak «oso ondo» doazela, «ziurrenik» akordio bat egingo dutela, eta Iranen ordezkariak «oso zentzudunak» ari direla izaten. Iranen arabera, ez da egia zuzenean hitz egiten ari direla, eta zera leporatzen diote, jendaurrean negoziazioez hitz egitea baina egiazki lurrez eraso egiteko prestatzen aritzea.

AEBetako iturri ofizialak aipatuz hango hedabideek kaleratutakoa kontuan hartuta, behintzat, bigarren aukeraren alde egin beharko litzateke apustu gaur-gaurkoz. The Washington Post-ek azken orduetan argitaratu duenez, lurrez esku hartze bat egiteko prestatzen ari da Pentagonoa. Esku hartzeak hainbat aste iraungo luke, baina ez litzateke «inbasio handia» izango. The Wall Street Journal-en arabera, bestalde, Trumpek mahai gainean du Irandik 450 kilo uranio aberastu erauzteko plan bat. Etxe Zuriko maizterra aztertzen ari da ea horrek zenbateko arriskuan jarriko lituzkeen AEBetako soldaduak. Egunkari horrek aipatutako iturriek diotenez, horri oniritzia emango baliote, Trumpek erasoaldiaren helburu nagusia lortu ahalko luke: Iranek arma nuklearrak egiteko modurik ez edukitzea.

Eskualdeko aliatuek, Saudi Arabiak eta Arabiar Emirerri Batuek, esaterako, Iran indargabetzen segitu dezala eskatzen diote; hau da, eutsi diezaiola Israel bazkidearekin batera abiatutako erasoaldiari. Ekialde Hurbilean duten presentzia militarra, gutxienez, handitu dute AEBek. The New York Times-ek atzo kaleratu zuen informazioaren arabera, eskualdean 40.000 soldadu egotea izan da ohikoena orain arte, izan base militarretan, izan gerraontzietan. Gaur-gaurkoz, ordea, 50.000 inguru dauzka han hedatuta.

Etxe Zuriko maizterrarekin inoiz ezin da jakin, ordea. Gaur goizaldean esan du baietz, akordioa lortuko dutela; baina honako hau ere adierazi du: «Baina beharbada ez». Sare sozialetan idatzitako mezu batean, diplomaziak porrot egiteak zein ondorio izango dituen ohartarazi du Trumpek: «Irango egonaldi zoragarria amaituko dugu, eta guztiz txikituko ditugu Kharg irla, argindarra ekoizteko plantak eta petrolio putzuak (baita gatzgabetze instalazioak ere, ziurrenik!); oraindik ez ditugu ukitu, nahita». Beste baldintza bat ere ezarri du: Ormuzko itsasartea «berehala» irekitzea.

Trumpek esku artean duen aukeretako bat Kharg uhartea «okupatzea» da —Persiar golkoan dago—; hori kontatu dio Financial Times-i. Iranen petrolio esportazioen %90 inguru handik ateratzen dira, eta, hain zuzen, duela bi aste pasatxo, martxoaren 14an, eraso egin zioten AEBek uharte horri.

Ormuzko itsasartea du ekialdean, eta Trumpek kazetariei esan die Iranek hogei petroliontziri handik pasatzen utziko diela gaur, «errespetuzko keinu gisa». Teheranek pasabidea blokeatu zuen otsailaren 28an, eta ez die handik pasatzen uzten etsaien —AEBen eta Israelen— «aliatuei».

Trumpen hitzei dagokienez, ez du iruzkinik egin, baina Esmail Baghaei Atzerri Ministerioaren bozeramaileak azpimarratu du ez zuela parte hartu asteburuan Islamabaden Pakistan anfitrioiak, Turkiak, Saudi Arabiak eta Egiptok izandako elkarrizketa saioan; gogorarazi du erasoaldia ez zuela Iranek hasi, eta «moderazioa» ez zaiola aldeetako bati soilik eskatu behar. Bide batez, Europar Kontseiluko presidente Antonio Costak Pakistango lehen ministro Xehbaz Xarifekin hitz egin du telefonoz, eta txalotu egin du Pakistanen jarrera, iruditzen baitzaio diplomaziaren bidea ibili nahi duela. Hori adierazi du sare sozialetan idatzitako mezu batean. 

Bi kasko urdin hil dituzte Libanon

Nazio Batuen Libanorako Indar Behin-behinekoen (Unifil) bi soldadu hil dituzte azkeneko orduetan Libano hegoaldean; Indonesiakoak ziren biak, iturri ofizialek jakinarazi dutenez. Unifilen konboi bati eraso egin zioten atzo gauean, eta kasko urdinetako bat orduan hil zen; bestea, gaur. Gertatutakoa ikertzeko eskatu du Indonesiako Gobernuak. Giroak gaiztotuta dago oraindik ere Libanon. Israelek segitzen du herrialdea bonbardatzen, eta iturri ofizialek jakinarazi dute, gainera, Tel Avivek Libanoko armadako soldadu bat hil duela kontrolgune batean. Israelen esanetan, beren soldadu bat ere hil dute hegoaldean. Antonio Guterres Nazio Batuen Erakundeko idazkari nagusiaren bozeramaileak, Stephane Dujarricek, adierazi du ezen balitekeela kasko urdinen kontrako erasoa gerra krimena izatea.

Ormuzko pasabideari dagokionez, handik igarotzen diren ontziei bidesari bat kobratzea proposatzen duen lege proiektu bat erregistratu dute Irango Parlamentuan. Hori jakinarazi du gaur ganbera horretako presidenteorde Ali Nikzadek, ISNA berri agentziak kaleratu duenez. Munduan kontsumitzen den petrolioaren %20 inguru igarotzen da Ormuztik, eta, lege horren bitartez, Teherango agintariek zera nahi dute, joan den astean adierazi zutenez, eremu horren gaineko subiranotasuna aitortua izatea, eta diru sarrerak handitzea bidesariaren bidez.

Halaber, Irango Atzerri Ministerioaren bozeramaileak jakinarazi du NPT Arma Nuklearrak Ez Ugaltzeko Itunetik ateratzea eztabaidatuko dutela parlamentuan: «Itun horretako kide izatea paper bat edukitzea besterik ez baldin bada, [...] orduan zer zentzu dauka?». Argudiatu duenez, Irani ez dizkiote aitortzen ituneko kide izateari dagozkion «eskubideak» —programa nuklearra garatu ahal izatea helburu zibiletarako—, eta «erasoak eta bidegabekeria» ari da pairatzen.

Hildako bat Kuwaiten

Aldeek elkarri eraso egiten segitzen dute, bien bitartean. Israelgo armadak sare sozialetan jakinarazi du, esaterako, laurogei bonba jaurti dituztela Iranen eta armak egiteko berrogei instalazio izan dituztela helburu. Ordu batzuk geroago heldu da kontraerasoa. Israelgo iturri ofizialen esanetan, misil bat erorarazi dute, eta horren zatiek findegi bat jo dute Haifan (Israel). Hezbollah Libanoko milizia xiitak bere gain hartu du erasoa.

Iranek helburutzat jo ditu eskualdeko herrialdeetako energia azpiegiturak, eta, horrela, Kuwaiteko gatzgabetze instalazio bateko langile bat hil du gaur goizaldean, hainbat dronerekin egindako eraso batean. Horren berri eman dute Kuwaiteko iturri ofizialek.

Turkiako Defentsa Ministerioak sare sozialetan idatzitako mezu batean jakinarazi du misil balistiko bat atzeman dutela NATO Ipar Atlantikoko Itunaren Erakundearen aireko defentsa sistemek, Mediterraneoaren ekialdean. Irani egotzi dio erasoa. Gatazka hasi zenetik NATOren sistemek bota duten laugarren misila da gaurkoa.

Bestalde, Teheranek gaur baieztatu du Alireza Tangsiri hil dela, Guardia Iraultzailearen itsas indarren buruzagi gorena. Horren berri eman dute herrialdeko hedabideek. Israelek hil egin zuela esan zuen joan den ostegunean. Tel Aviven arabera, Ormuzko pasabidearen blokeoaren erantzuleetako bat zen.

Iruzkinak
Ezkutatu iruzkinak (1)

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA