Trumpek tropak bidali arren, migratzaileen atxiloketen kontrako protestei eusten diete Los Angelesen

AEBetako presidenteak Guardia Nazionaleko zenbait tropa zabaldu ditu han, eta horrek Kaliforniako gobernadorearen haserrea eragin du. Liskarrak izan dira manifestarien eta Poliziaren artean.

Manifestari bat, AEBetako Gobernuaren migrazio politiken aurkako mezu bat duten bi kartel eskuetan dituela, atzo, Los Angelesen. ALLISON DINNER / EFE
Manifestari bat, AEBetako Gobernuaren migrazio politiken aurkako mezu bat duten bi kartel eskuetan dituela, atzo, Los Angelesen. ALLISON DINNER / EFE
maddi iztueta olano
2025eko ekainaren 9a
15:22
Entzun 00:00:0000:00:00

Denbora laburrean dimentsio handia hartu dute asteburuan Los Angelesen (AEB) hasitako protestek. Hiriko eta inguruetako herritarrak ostiral gauean irten ziren kalera aurrenekoz, Ameriketako Estatu Batuetako Gobernuaren migrazio politiken aurka egiteko, baita azken asteetan eremu horretan bizi diren migratzaileen kontra egindako sarekadak salatzeko ere. Etxe Zuriko maizter Donald Trumpek larunbat gauean hartutako erabakiak, baina, are gehiago hauspotu du herritarren haserrea: Guardia Nazionaleko 2.000 soldadu bidali ditu hara, «ordena berrezarri» dezaten.

AEBetako armadako tropa batzuek osatzen dute Guardia Nazionala, eta salbuespenezko egoeretan soilik jarduten dute. Kasu honetan, Kaliforniako gobernadore Gavin Newsomek eman behar lioke talde horri Los Angelesko protestetara joateko agindua; edo, bestela esanda, Newsomek berak eskatu beharko lioke Trumpi tropa horiek hara bidaltzeko. Kaliforniako gobernadoreak ez du halako agindurik eman, ordea, eta haren baimenik izan gabe hartu du erabakia Etxe Zuriko maizterrak.

Trumpek AEBetako armadaren araudian jasotako lege federal bat baliatu du horretarako, zeina hiru egoera hauetako bati aurre egiteko soilik erabil daitekeen: «AEBak inbaditzen badituzte edo arrisku hori baldin badago; gobernuaren aurkako iraultza bat baldin badago; eta AEBetako presidenteak ezin baldin baditu legeak betearazi Polizia indar federalekin soilik». Hiru aukera horien artean, Trumpek bigarrena baliatu du hartutako erabakia justifikatzeko: haren arabera, Los Angelesko protestak «AEBetako Gobernuaren autoritatearen aurka iraultza egiteko modu bat dira». Kaliforniako gobernadoreak uste du, ordea, Trumpek «inolako motibaziorik eta oinarririk gabe» hartu duela erabakia; horregatik, gaur iragarri du salaketa bat aurkezteko asmoa dutela.

Polizia agente batzuk manifestarien aurka egiten, atzo, Los Angelesen. CAROLINE BREHMAN / EFE
Polizia agente batzuk manifestarien aurka egiten, atzo, Los Angelesen. CAROLINE BREHMAN / EFE

Trumpen neurriak, hain justu, are gehiago hauspotu ditu mobilizazioak, eta Kaliforniako politikari demokraten haserrea eragin du. Los Angelesko alkate Karen Bassek salatu du, ABC7 telebista katean, tropa militar horiek zabaltzea ez dela «beharrezkoa»; halaber, sare sozialen bidez, Newsomek leporatu dio Trumpi protestak baretu ordez «espektakulu bat» muntatu nahi izatea. Iritzi berekoa da Nanette Barragan Behe Ganberako ordezkari demokrata: «Ez dugu laguntza mota hori behar». AEBetako presidentearen neurria defendatu du, bestalde, Defentsako Departamentuko Idazkari nagusi Pete Hegsethek.

Azkenekoz, 1965ean baliatu zuten lege federal hori estatuko gobernadore baten baimenik izan gabe; halere, orduz geroztik, behin baino gehiagotan zabaldu dituzte herrialdeko tropa militarrak. Kasurako, 1992an, Kaliforniako gobernadore Pete Wilsonek indar horiek zabaltzeko eskatu zion George W. Bushi —biak ziren Alderdi Errepublikanokoak—, Rodney King afrikar jatorriko estatubatuarra jipoitzeaz akusatutako bi polizia absolbitu ostean sorturiko liskarrengatik; 2020an, berriz, hainbat estatuk eskatu zuten tropa horien laguntza, George Floyden hilketaren harira herrialde osoan izandako protestei aurre egiteko.

Babes eremu

Babesa ematen duten estatu edo hiri deitzen diete AEBetan ICE Immigrazioko eta Aduanetako Polizia Indarrarekin ez kolaboratzeagatik ezagunak diren estatuak. Hamahiru dira horrelako estatuak, eta horietako bat da, hain zuzen, Kalifornia. Estatus horri esker, langile publikoek ezin diete ezein herritarren egoeraren berri eman langile federalei baldin eta herritar horiei ez badiete delitu larriren bat leporatzen. AEBetako azken datu ofizialen arabera (2023), atzerrian jaiotakoak dira estatu demokrata horretan bizi diren herritarren %27 inguru.

Trumpen administrazioak begiz joak ditu herrialdean bizi diren migratzaileak; horren erakusle da, hain justu, AEBetako presidenteak helburutzat duela agintaldi honetan «inoizko deportaziorik handiena» egitea. Asmo hori bete nahian, azken hilabeteotan milaka pertsona — 65.000 baino gehiago— atxilotu dituzte ICEko agenteek, eta, azken asteetan, gisa horretako operazioak areagotu dituzte Los Angeles hirian eta horren inguruko herrietan. Herrialdeko hedabideek egunotan kaleratu dutenez, protestak hasi baino lehen, ehunka migratzaile atxilotu dituzte eremu horietan; horretarako, sarekadak egin dituzte hainbat lantokitan.

Manifestari batzuk, atzo, Los Angelesen. CAROLINE BREHMAN / EFE
Manifestari batzuk, atzo, Los Angelesen. CAROLINE BREHMAN / EFE

Hala, egunetik egunera geroz eta jende gehiago ari da parte hartzen sarekada horiek salatzeko protestetan. Los Angelesko Polizia Departamentuak jakinarazi duenez, «legez kanpoko bilkura» gisa izendatu dituzte manifestazioak, eta liskarrak izan dira manifestarien eta Poliziaren artean. Halere, Kaliforniako gobernadoreak eskatu die herritarrei «protesta baketsuak» egiteko: «Ez eman Trumpi lortu nahi duena».

AEBetako presidenteak egindako adierazpenei erreparatuta, ordea, ez du irudi egoera laster baretuko denik. «Los Angeles legez kanpoko migratzaileek eta kriminalek inbaditutako eta okupatutako hiri bat» dela esan du bart sare sozialen bidez, eta ohartarazi du asteburuan hasitako protestek bere migrazio politikak indartzeko baino ez dutela balioko.

118

Zenbat migratzaile atxilotu zituzten iragan astean Los Angelesen. AEBetako Segurtasun Nazionalaren Departamentuak BBC hedabideari atzo jakinarazi zionez, joan den astean 118 «legez kanpoko migratzaile» atxilotu zituzten; departamentu horren arabera, horietatik bost «talde kriminal baten» parte lirateke.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.