Akaso halakorik badela iritzita, Donald Trump Ameriketako Estatu Batuetako presidenteak esan du «Irango erregimen berriak» erasoak eteteko eskatu diola, hango «presidenteak», hain zuzen ere: «Ez da bere aurrekoak bezain erradikala, eta askoz ere azkarragoa da», idatzi du gaur Truth Social sare sozialean. Kontua da Irango presidentea Masud Pezexkian dela 2024tik, eta ez dela aldaketarik egon; hortaz, ez dago argi Trump nortaz ari den hizketan. Abbas Araghtxi Irango Atzerri ministroak gezurtatu egin ditu AEBetako presidentearen hitzak, eta «espekulatzea» egotzi dio.
Eta hala balitz ere, menia proposamena jasoko balu ere, Trumpek ez luke hura kontuan hartuko harik eta Ormuzko itsasartea ireki eta «askatu» arte: «Ordura arte Iran txikitzen jarraituko dugu, desagerrarazi arte; Harri Arora itzularaziko dugu». Pakistanek, aldeen artean bitartekari ari den herrialdeak, erasoak aldi baterako eteteko proposatu die, baina oraindik ez du ezein alderen erantzunik jaso, Reuters berri agentziak herrialde horretako iturri ofizialak aipatuz kaleratu duenez.
Teheran soilik ez, bere aliatuak ere estu hartzen ari da Trump Ormuz irekitzeko esku hartu dezaten. AEBetako presidenteari iruditzen zaio NATO Ipar Atlantikoko Itunaren Erakundeko kideek bakarrik utzi dutela Iranen aurkako erasoaldian. Mehatxuak ere erabili ditu aliatuak Ormuzko itsasartean esku hartzera bultzatzeko; azkena: aliantzatik irtetea pentsatzen ari dela. «Inoiz ez nau konbentzitu», adierazi du The Telegraph Erresuma Batuko egunkariari eskainitako elkarrizketa batean; eta Reuters berri agentziari esan dio «erabat, duda gabe» pentsatuko duela aliantza militarra uztea.
Iranek ia guztiz itxita dauka Ormuz otsailaren 28tik, eta munduan kontsumitzen den petrolioaren %20 inguru handik igarotzen da. Atzo beste herrialdeen esku utzi zuen itsasarte hori berriro irekitzeko ardura. Hura berriro irekitzeko ahalegin militarrean ez diotela lagundu nahi uste du Etxe Zuriko maizterrak: «Ni ez nintzen askorik tematu, baina zuzenean erantzun behar zuten».
Ez da hala izan, ordea, eta Trumpek asteon esan du aurrerantzean ez diela Europako aliatuei laguntza militarrik emango. Eta gogora ekarri du Ukrainari ere lagundu ziotela, AEBen «arazoa» ez izanik ere. Are, Financial Times egunkariak negoziazioetako iturriak aipatuz kaleratu duenez, Trumpek mehatxu egin du Ukrainari ez diola armarik bidaliko bere aliatuek Ormuz irekitzen lagundu ezean.
Hain zuzen, Trumpek NATO uzteko mehatxua egin berritan, Frantziak eta Japoniak esan dute konpromisoa hartu dutela Ormuzen itsas nabigazio «segurua» bermatzeko, baina ez dute neurri zehatzik iragarri. Emmanuel Macron Frantziako presidentea Japonian dago, bisita ofizial batean —Japonia ez da NATOko kidea—.
Erresuma Batuak ere bere alea jarri nahi du Ormuz irekitzen laguntzeko. Keir Starmer lehen ministroak gaur prentsaurreko batean iragarri du 35 naziotako ordezkariekin bilera bat egingo duela itsasarteko «nabigazio askatasuna» berrezartzeko asmoz. Halere, ziurtatu du ez dela gerran sartuko Iranen aurka.
israelek hezbollahko komandante bat hil du, hego frontearen burua
Israelgo armadak gaur jakinarazi du Hajj Yusuf Ismail Haxem Hezbollahko komandantea hil duela Beiruten. Tel Avivek zabaldutako oharraren arabera, Haxem Libanoko talde xiita horren arduraduna zen herrialdearen hegoaldean. Kargu horretan haren aurretik zegoena ere Israelek hil zuen, 2024an Beiruten egindako eraso batzuetan. Libanon gaur egindako bonbardaketetan gutxienez bederatzi pertsona hil ditu Tel Avivek, eta 1.200 baino gehiago dira martxoaren hasieratik hildakoak.
Gainera, AEBetako presidentea gaur «iragarpen garrantzitsu bat» egitekoa da Iranen kontra duela hilabete pasa hasitako erasoaldiari buruz. Nazioari mintzatuko zaio 21:00etan —osteguneko 03:00ak Euskal Herrian—. Aurrez, ordea, berretsi du «nahiko laster» aterako direla Irandik —«bizpahiru» asteko epea aipatu zuen herenegun—, eta behar izanez gero balitekeela hara itzultzea, zertarako-eta «eraso puntualak» egiteko. Are, NATO Ipar Atlantikoko Itunaren Erakundearekiko «atsekabea» ere adieraziko du.
Kazetarien aurrean aritu zen atzo Etxe Zurian, eta adierazi zuen «helburua» bete dutela. «Misilak fabrikatzeko hainbat instalazio suntsitu ditugu gaur [atzo]. Gogor jo ditugu», adierazi zuen. Trumpen arabera, gainera, «erregimena» erorarazi dute. «Oraingo liderrak lehengoak baino zentzudunagoak dira». Dena den, ez dago argi zein den AEBek eta Israelek otsailaren 28an Iranen kontra hasitako erasoaldiaren helburua, Trumpek orain gauza bat esaten duelako eta ordu batzuk geroago, berriz, kontrakoa.
Aldeak, hizketan
Agerraldi hori egin baino ordu batzuk lehenago, Trumpek esan zuen ez dagoela helburuen artean Iranen uranio biltegiak suntsitzea, argudiatuta instalazio horiek lurpean daudela, eta oso zaila dela haietara iristea, horretarako operazio militarra handia izanda ere. Otsailaren 28aren aurretik zeharka negoziatzen ari ziren AEBak eta Iran, eta, Washingtonen esanetan, Teheranen programa nuklearra mugatzea zen elkarrizketa horien xedeetako bat.
Iranen misilen programari ere mugak ezarri nahi zizkion Washingtonek, eta, Trumpek atzo gauean esan zuenez, Iranek «15-20 urte» beharko ditu azken hilabeteko erasoek herrialdean eragindako txikizioa konpontzeko. Etxe Zuriko maizterrak atzo egindako iragarpena gorabehera, kontuan hartu behar da AEBek ohi baino 10.000 soldadu gehiago hedatu dituztela azken asteetan Ekialde Hurbilean: guztira 50.000 dituzte eskualdean.
Bien bitartean, aldeek hitz egiten segitzen dute. Teheranek atzo onartu zuen baietz, zuzenean ere ari direla Washingtonekin hitz egiten. Gainera, Pakistan bitartekari, beste bide batzuk ibilita zeharka ere ari dira.