AEB-ak

Trumpen aholkulari ohi bat atxilotu dute, ustelkeriagatik

Mexikoren eta AEBen arteko hesia eraikitzeko aitzakian bildutako dirua bere interesetarako baliatzea egozten diote Bannoni, eta gainontzeko atxilotuei.

Steve Bannon, Etxe Zuriko aholkulari ohia. MARTIN DIVISEC, EFE
arantxa elizegi egilegor
2020ko abuztuaren 20a
16:38
Entzun

AEBeta Mexiko banatzen dituen hesia eraikitzen amaitzeko dirua biltzea zen, ustez, We Build the Wall proiektuaren helburua. Kanpaina 2018an jarri zuten abian, eta ordutik 25 milioi dolar bildu ditu. Baina, AEBetako fiskaltzaren arabera, diru horren zati bat euren gastuetarako desbideratzen zuten kanpainaren sortzaileek. Hala, fiskaltzak lau pertsona atxilotzeko agindua eman du; tartean, Steve Banon Etxe Zuriko aholkulari ohia eta 2016ko bozetan Donald Trumpen kanpainako arduradunetako bat, eta Brian Kolfage militar ohia eta proiektuaren bultzatzaile nagusia.

Akusazioaren arabera, hesia eraikitzera bideratu beharreko dirutik milioi bat dolar hartu zuen Bannonek bere «gastu pertsonaletarako», eta Kolfagek beste 350.000 dolar bereganatu zituen. «Diru emaileei esaten zieten Kolfagek ez zuela irabazirik proiektutik, baina gainerako kideak arduratzen ziren dirua desbideratzeaz, hark ere irabazien zati bat eskura zezan», azaldu du fiskaltzak.

Ikerketaz arduratu den Philip R Bartlett poliziaren esanetan, laurek kontu faltsuak sortu zituzten, dirua zuritzeko eta euren «krimenak» ezkutatzeko. Ustelkeria eta dirua zuritzeko konspirazioa egitea egozten diete laurei. Hogei urteko zigorra jaso dezakete.

Trumpen gertukoa

Bannon izan zen duela lau urte Trumpi Etxe Zurira iristeko modua eman zion kanpainaren arduradunetako bat. Buruzagi errepublikanoa agintera heldu ostean, ordea, bien arteko harremana nabarmen mikaztu zen, eta, 2017an, Trumpek kargutik kendu zuen Bannon, hark estatuburuaren seme zaharrenaren aurka jo zuenean, bozetako kanpainan zirela Errusiako ordezkaritza batekin biltzeagatik. Bannonek «traizio egitea» egotzi zion Trumpen seme zaharrenari.

Azken asteetan, ordea, Bannon estatuburuaren aldeko kanpaina egiten aritu da komunikabideetan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.