Etxe Zuriko Bulego Obalean, helikopteroa hartzear, helikopterotik jaitsi berritan, Truth Social sare sozialean, Air Force One hegazkineko komunaren ate ondoan... Donald Trump AEBetako presidenteak ia egunero egiten ditu adierazpenak, dagoen tokian dagoela, eta ia aldiro ez dira oharkabean pasatzen. Egunero analizatzen dira haren politika, estiloa, solaskera, intentzioa eta bertze, oraindik ere kalifikatzeko eta entenditzeko zail diren seinale. Edozer edozein tokitan edozein maneratan errateko kapaz da munduko lehenbiziko potentziaren presidentea, eta horrek ondorioak izaten ditu aipagai dituen arloetan. «Estatu Batuetako presidentea ez da jolasean aritzen. Zerbait eginen duela erraten duenean, eta arazo bati buru eginen diola, egiatan erraten du», adierazi zuen Marco Rubio Estatu idazkariak, AEBek Nicolas Maduro Venezuelako presidentea bahitu zutenean. Egiazki, Trumpek iritzi eta jarrera gogorrak ere egun batetik bertzera aldatu izan ditu, eta horrek zalantza, anbiguotasuna eta tentsioa eragiten ditu.
Venezuelarekin lotuta, Gustavo Petro Kolonbiako presidenteari mehatxu egin zion Maduroren patu berbera izanen zuela, baina joan den astean, telefonoz mintzatu ondoren, Petrorekin solas egitea «ohorea» izan zela erran zuen, eta Etxe Zurira gonbidatu zuen. Lasaitua hartu du Kolonbiak, oraingoz. Azken orduotan bertan egin ditu antzeko aldaketak nazioartean arretagune nagusi diren bi gairen gainean.
Groenlandia: «Aterako da zerbait»
Ezin da erran iritzia aldatu duela, baina Artikoko uhartea bereganatu nahi duela-eta sortu duen gatazka diplomatikoan, aldartea baretu du ordu gutxian. JD Vance AEBetako presidenteordea eta Rubio Estatu idazkaria Vivian Motzfeldt Groenlandiako Atzerri ministroarekin eta Lars Loekke Rasmussen Danimarkakoarekin elkartu ziren atzo Etxe Zurian. Trump aspaldian ari da mehatxuak eta presioak egiten bi herrialde horiei, baina azken egunotan gogortu egin ditu adierazpenak. Duela bortz egun, Etxe Zurian egindako agerraldi batean, erran zuen groenlandiarrek eta danimarkarrek «nahi edo ez» Groenlandian «zerbait» eginen zutela. «Akordio bat egin nahiko nuke onean, baina ez badugu onean egiten, txarrean eginen dugu». Bileraren aitzineko 24 orduetan, Trumpek gogor egin zuen Groenlandiaren eta Danimarkaren aurka. Herenegun, Jens-Frederik Nielsen Groenlandiako lehen ministroak zera adierazi zuen, AEBen parte bihurtzearen edo Danimarkako Erresuman jarraitzearen artean aukeratu behar izanez gero, Danimarkan jarraitzea aukeratuko dutela. «Nork erran du hori?», galdetu zien Trumpek kazetariei, adierazpenen berri eman ziotenean. «Ez dakit nor den, ez dakit deus hari buruz, baina arazo handi bat izanen da harentzat». Bilera hasi baino ordu batzuk lehenago, berriz, Danimarkak Groenlandia «Txinarengandik eta Errusiarengandik» defendatzeko duen gaitasuna auzitan paratu zuen, eta ezinbertzekotzat jo zuen AEBek uhartea bereganatzea. «Ez da onargarria hori baino gutxiago den deus».
Vance presidenteordea eta hiru herrialdeetako diplomazia arduradunak Etxe Zurian bildu ondotik, berriz, Trumpek agerraldi bat egin zuen Bulego Obalean, eta hainbat gairi buruz galdetu zioten kazetariek. Groenlandia indarrez hartzeari buruz errandakoez, adibidez. «Zeinek erran duela erraten duzu?», erantzun zion Trumpek kazetariari. «Zuk erran duzu hori», erantzun zion kazetariak. Trumpek ez zion onartu, ordea: «Ez, zu ari zara hori erraten. Nik ez dut erran. Zu ari zara erraten nik hori eginen dudala. Ez dakizu zer eginen dudan». Groenlandiaz jabetu nahi duela erran zuen berriz, hori bai, eta Danimarkaren gaitasun militarrei buruz duen iritzia ere berretsi zuen, baina dezente baretua zuen ordu batzuk lehenago erakutsitako aldartea: «Hagitz harreman ona dut Danimarkarekin. Aterako da zerbait».
Iran: «Sarraskia gelditzen ari da»
Trumpek jomugan du Iran lehenbiziko legegintzalditik. Hark atera zituen AEBak Irango programa nuklearrari buruzko akordiotik, eta iazko ekainean eraso egiteko agindu zuen Ekialde Hurbileko herrialde horren instalazio nuklearren kontra. Duela bi astetik barne egoera ezegonkorrean da Iran, protesta handiak izan baitira gobernuaren kontra, bizimoduaren garestitzearengatik eta egoera ekonomikoarengatik. Zenbait gobernuz kanpoko erakundek adierazi dute 2.000 goiti manifestari hil dituztela, baita estatuko indarretako 150 kidetik goiti ere. Protesta horiek aitzakiatzat erabili ditu Trumpek Irani mehatxu egiteko. Esplizituena herenegun egin zuen, Truth Social sare sozialean: «Irango abertzaleak, har itzazue zuen instituzioak! Laguntza bidean da».
Hurrengo egunean, Bulego Obaleko agerraldian, Groenlandiako auzian baino are gehiago baretu zuen jarrera Irangoan: «Kontatu digute sarraskia gelditzen ari dela Iranen, eta ez dagoela planik exekuzioak egiteko». Zehaztu zuen «iturri onetik» jakin zutela eta informazioa egiaztatzen ari zirela. Gaur, AEBetako presidenteak Fox News katearen lerroburu bat idatzi du Truth Social sare sozialean, Iranek exekuzioak gelditu dituela dioena. «Berri onak dira. Espero dezagun horrela jarraitzea». Adierazpen horiek barealdi bat eragin dute nazioartean. Iranek berriz ireki zuen aire eremua, errate baterako —nahiz eta gaur berriz ere ordu batzuetan itxita izan duen—. Trump Bulego Obalean agertu aitzinetik, Mendebaldeko zenbait herrialdek Irandik alde egiteko eskatu zieten bere herritarrei, eta Reuters agentziak Europako iturri anonimo ofizialak aipatuta argitaratu zuen bazitekeela AEBen eraso bat berehala gertatzea. AEBek beraiek Qatarren duten basetik soldaduak erretiratzen hasteko agindua eman zuten, «prebentzio» gisa. Reuters agentziak jakinarazi duenez, gaur alerta maila jaitsi, eta itzultzeko agindu diete militarrei.
Nazioarteko hedabide batzuek argitaratu dute Ekialde Hurbileko zenbait herrialdek presio egin diotela Trumpi, Irani eraso egin ez diezaion. Ekintzei dagokienez, AEBek zenbait irandarren aurkako zigorrak ezarri dituzte gaur, protesten errepresioan erantzukizuna dutelakoan. Baretu egin da egoera, baina lasaitasuna urruti dago oraindik, Trumpek ondotik zer erranen duen esperoan.