Donald Trump AEBetako presidentearen esanetan, Ukrainako gerra amaitzeko beharrezkoa da «lurralde truke posibleez» hitz egitea. Hori esan die Ukrainaren Europako aliatuei, eta Ukrainako presidente Volodimir Zelenskiri berari, gaur Etxe Zurian, elkarrekin egin duten bileraren hasieran. Hau da, ondoriozta daiteke ontzat jotzen duela Vladimir Putin Errusiako presidenteak aurreko ostiralean Alaskan (AEB) eskatu ziona: gerra konponbidean jartzeko, Kievek bere lurralde batzuei uko egin beharko die. «Horretarako, kontuan hartu beharko da egun gerra frontea non dagoen». Marra gorri bat da Ukrainarentzako bere lurralde osotasunari uko egitea, baina Zelenskik berak esan du, Trumpekin bildu ondoren, auzi hori beraren, Etxe Zuriko maizterraren eta Putinen arteko balizko hiru bilera baterako uzten duela. Trumpek esan du «ondobidean» bilera hori egingo duela, eta berretsi tregoa bat ez dela beharrezkoa gerra bukatzeko.
Hasteko, AEBetako eta Ukrainako presidenteak batzartu dira gaur Washingtonen. Batez ere, bigarrenaren janzkerak eragin ditu izenburuak hedabideetan: 2022ko otsailean Errusiak Ukrainako inbasioa hasi zuenetik erabiltzen duen janzkera nolabait militarra alboratu, eta trajea jantzi baitu Zelenskik. «Ederki geratzen zaizu», esan dio Trumpek, hedabideen aurrean. Eta barre txikia ukrainarrak. Gainontzean, ez dute planteamendu zehatzik egin Ukrainako gerra amaitzeko.
Ordu erdi inguru iraun du prentsaren aurrean egin duten agerraldiak, eta kazetariek galdetu diote Trumpi ea zein segurtasun berme eman diezazkioketen Ukrainari. Izan ere, aintzat hartu behar da Etxe Zuriaren Errusiarako ordezkari Steve Witkoffek berak esan duela azken orduetan Trumpek proposatu duela NATO Ipar Atlantikoko Itunaren Erakundearen 5. artikuluak jasotzen duenaren moduko formula bat jartzea mahai gainean horretarako —hau da, behin gerra amaituko lukeen itun bat lortu ondoren Ukrainari eraso egiten badiote, aliatuek militarki erantzuteko aukera edukitzea—, eta Moskuk ez duela gaizki ikusten. Etxe Zuriko maizterrak, baina, ez du xehetasunik eman, eta mugatu da esatera segurtasun arloan, hau da, esparru militarrean, Europako aliatuek eta AEBek Ukrainari «laguntza handia» emango diotela aurrerantzean ere.
Lurralde osotasunaz ere galdetu diote Zelenskiri, baina agerraldian, behintzat, ez du erantzun argirik eman. Hori da negoziazioen puntu garrantzitsuenetako bat. Putinen eta Trumpen bileraren ondoren, Financial Times Erresuma Batuko kazetak argitaratu zuen Kremlineko buruak esan ziola Trumpi herrialdearen ekialdeko Donbass eskualdearen erabateko kontrola edukitzea jarri duela baldintza gisa gerra amaitzeko. Luhansk eta Donetsk probintzia errusiazaleek osatzen dute eskualde hori, eta ISW Gerra Ikertzeko Institutua AEBetako think tank-aren arabera, Moskuk lehena ia-ia guztiz du bere menpe (%99), baita bigarrenaren zati handi bat ere (%79).
Hain zuzen, lurralde osotasunaren auzia izan du hizpide Trumpek Truth Social bere sare sozialean bileraren aurretik, eta berriro jarri du pilota Zelenskiren teilatuaren gainean. Nabarmendu du «bake akordio bat» lortzeko baldintzetako bat dela Ukrainak uko egitea Krimeako penintsularen jabetza izateari. 2014an anexionatu zuen Errusiak —beste baldintza litzateke, mezuan esan duenez, Kieveko NATOko kide izateko nahia bazter uztea—.
Trumpekin aurrez aurre egon aurretik, Fox telebista katean elkarrizketatu dute Zelenski, eta azpimarratu du «ezinezkoa» dela lurralde batasunari dagokionez Ukrainak kontzesioak egitea. Kieven marra gorrietako bat da lurralde osotasuna. 2022ko inbasioaz geroztik, Zaporizhia eta Kherson probintziak ere partzialki okupatu ditu Errusiak; hau da, Ukrainaren %20 inguru du kontrolpean.
Aliatuek babestuta
Washingtonen gaur egindakoa Zelenskiren eta Trumpen arteko aurtengo hirugarren bilera da. Otsail amaieran batzartu ziren Etxe Zurian bertan, eta apiril bukaeran Vatikanoan, Frantzisko aita santuaren hiletaren ondoren. Aurrenekoa gatazkatsua izan zen, eta Trumpek eta AEBetako presidenteorde J.D. Vancek aurpegiratu zioten Ukrainako presidenteari «eskerrak ez ematea» Washingtoni; are, erakutsitako jarrerarekin «hirugarren munduko gerra bat» pizteko aukerarekin «jolasean» aritzea egotzi zioten. Tentsioak gora egin zuen pixkanaka, Ukrainako presidentea Etxe Zuritik irten eta bilera bertan behera uzteraino.

Trajerik ez janztea ere leporatu zioten, eta horregatik eragin ditu goiburuak Zelenskiren itxura aldaketak. Kazetarien aurrean egindako agerraldiaren hasiera, gainera, Trumpi eskerrak emateko baliatu du Zelenskik, «gerra amaitzen ahalegintzeagatik». Giroa atsegina izan da.
Aintzat hartu behar da, horren guztiaren harira, Zelenski oraingoan ez dela bakarrik joan Washingtonera. Izan ere Europako aliatuak lagun izan ditu. Eta Ukrainako presidentearekin batzartu ondoren, Trumpek beste bilera bat egin du, Etxe Zuriko beste gela batean, aliatu horiekin. Horretan parte hartu dute Ursula von der Leyen Europako Batzordeko presidenteak, Mark Rutte NATOko idazkari nagusiak, Emmanuel Macron Frantziako presidenteak, Friedrich Merz Alemaniako kantzilerrak, Keir Starmer Erresuma Batuko lehen ministroak, Alexander Stubb Finlandiako presidenteak, Giorgia Meloni Italiako lehen ministroak, baita Zelenskik berak ere.
Bien bitartean, larunbatean Trumpekin egindako bileraren xehetasunak eman zizkien Putinek, atzo, Narendra Modi Indiako lehen ministroari, eta Brasilgo zein Hegoafrikako presidente Luiz Inacio da Silva Lula-ri zein Cyril Ramaphosari. Kremlinen ohar baten arabera, horietako bakoitzarekin telefonoz mintzatu zen Putin. BRICS taldearen sortzaileak dira herrialde horiek, Txinarekin batera.
HAMALAU lagun HIL ditu ERRUSIAK UKRAINAN
Gutxienez hamalau pertsona hil dira, gaur goizaldean Errusiak Ukrainako hainbat probintziatan egindako erasoen ondorioz. Kieveko iturri ofizialen arabera, Moskuren bonbardaketek zazpi hildako eragin dituzte Kharkiv hirian, lau Donetsk eskualdean, eta hiru Zaporizhia eskualdean. Bestalde, Errusiako Defentsa Ministerioaren arabera, Ukrainak jaurtitako 23 drone eraitsi dituzte bart.