AEBetako Kongresuak Donald Trumpen aurrekontu proposamena onartu du. Senatuak babestu zuen herenegun, eta gaur azken pausoa eman dute proposamena gauzatu dadin: Ordezkarien Ganberak ere gastu publikoa txikitzea eta zergak murriztea helburu duen planteamendu horren alde bozkatu du.
Alderdi Errepublikanoak gehiengoa du behe ganberan, eta hori baliatu du neurri sorta —omnibus lege moduko bat— aurrera ateratzeko. 218k bozkatu dute alde, eta 214k kontra; azkenean, bi errepublikanok bozkatu dute aurka. Independentziaren Eguna dute bihar AEBetan, eta Trumpek epemuga bat jarri zuen duela egun batzuk: beranduenez egun horretan sinatu nahi zuen proposamena; hala izango da, datozen orduetan izenpetuko baitu.
Trumpek gastu federala apaltzea izan zuen helburu lehen agintaldian (2017-2021), eta urrats nabarmen bat egin du bide horri eusteko, Kongresuak onartutako egitasmoaren bitartez. Bada, murrizketa hori bereziki nabarituko dute Medicaid osasun funts publikoaz baliatzen direnek. Bestalde, aurrekontu lege horren bidez diru gehiago jarriko dute gastu militarrerako eta migrazioa kontrolatzeko, esate baterako.
Ordezkarien Ganberako demokraten lider Hakeem Jeffriesek ahalegina egin du filibusterismo politikoko ariketa bat egiteko, bozketa atzeratu zedin. Izan ere, zortzi orduz eta 45 minutuz aritu da Ordezkarien Ganberan hizketan, eta, hala, behe ganberan zegoen aurreko denbora marka hautsi du. Hori egitea, ordea, ez da nahikoa izan ez bozketa oztopatzeko, ez hura areago atzeratzeko.