Trumpen aurrekontu proiektua onartu du Senatuak

Gastu publikoa txikitzea eta zergak murriztea du helburu. Ordezkarien Ganberara itzuli dute egitasmoa.

 John Thune errepublikanoen Senatuko liderra (erdian) azalpenak ematen, gaur.  JIM LO SCALZO / EFE
John Thune errepublikanoen Senatuko liderra (erdian) azalpenak ematen, gaur. JIM LO SCALZO / EFE
Igor Susaeta.
2025eko uztailaren 1a
19:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Donald Trump AEBetako presidenteak hauspotutako aurrekontu proiektua onartu du gaur Senatuak. Finean, gastu publikoa txikitzea eta zergak murriztea du helburu. Jasotzen duena kontuan hartuta, diru gehiago jarriko dute esparru militarrean eta migrazioaren kontrolean, osasun funts publikoaren eta beste programa federal batzuetakoen kaltetan, esaterako. Behin Senatuak oniritzia eman eta gero, proiektua Ordezkarien Ganberara itzuliko dute. Eta lanak azkartu beharko dituzte behe ganberan, Trumpek epemuga bat jarri baitu egitasmoa sinatzeko: uztailaren 4a, ostirala; hau da, AEBetako Independentziaren Eguna.

Baina proiektuak desadostasunak eragin ditu Alderdi Errepublikanoko kongresukideen artean. Argi asko ikusi ahal izan da hori gaur, neurri sorta —omnibus lege moduko bat— bozkatzean. Errepublikanoek gehiengoa dute goi ganberan (53-47), baina hiruk kontra bozkatu dute. Gisa horretako kasuetan, konstituzioak berdinketa hausteko boterea ematen dio presidenteordeari. Beharbada horretara jo beharko zutela jakitun, J. D. Vance Kapitoliora joan da, eta bozketan parte hartu du; horri esker atera ahal izan dute proiektua aurrera.

Modu horretan, Trumpek segitu nahi du bere lehen agintaldian (2017-2021) hasitako murrizketekin. Dena den, hura baino are eskuin muturrerago dauden errepublikanoek ez dute begi onez hartu planteamendua, iritzita gastu publikoa areago txikitu beharko litzatekeela. Presidenteari egotzi diote legedi berriaren gastuaren ondorioz 3,3 bilioi dolar —2,8 bilioi euro inguru— gehiago handituko dela zor publikoa hamar urte barru. Kalkulu hori egin du Kongresuko Aurrekontuaren Bulegoak, hain zuzen.

Eta ikusteko dago Ordezkarien Ganberan nola jokatuko duten errepublikanoek. Hor ere gehiengoa dute (220-212), baina maiatz amaieran, proiektuaren lehen bertsioa bozkatu zutenean, ozta-ozta atera zuten aurrera: 215-214. Lehen proposamen hari hainbat aldaketa eginda itzuli dute egitasmoa behe ganberara.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.