Putinek Trumpen mandatari berezia hartuko du gaur Moskun

Kremlinen esanetan, Witkoff Errusiako presidentearekin biltzea «garrantzitsua da bakearentzat». Errusiak jakinarazi du Ukrainako Pokrovsk eta Vovtxansk hiriak hartu dituela.

Putin eta Witkoff Moskun, joan den abuztuaren 6an. GAVRIIIL GRIGOROV / EFE
Putin eta Witkoff Moskun, joan den abuztuaren 6an. GAVRIIIL GRIGOROV / EFE
Igor Susaeta.
2025eko abenduaren 2a
13:30
Entzun 00:00:00 00:00:00

Azkeneko bi asteotan, egun batean bai eta hurrengoan ere bai, Ukraina eta Errusia, nor bere aldetik, AEBekin negoziatzen ari dira. Eta testuinguru horretan, Steve Witkoff Etxe Zuriaren mandatari berezia, Donald Trump AEBetako presidentearen negoziatzailea, Vladimir Putin Errusiako presidentearekin batzartuko da gaur Moskun, 15:00etan. «Gaurkoa egun garrantzitsua da bakearentzat», idatzi du X sare sozialean Kiril Dmitrievek, Putinen aholkulari ekonomikoak. 

Asteburuan Miamin (AEB) Kieven ordezkaritza batekin bildu ondoren heldu da Witkoff Errusiako hiriburura, eta Jared Kushner Trumpen aholkulari eta suhia izango du alboan, CNN telebista kateak iturri ofizialak aipatuz kaleratu duenez. 

Aurten Witkoffek Errusiara egindako bosgarren bisita da. Hain zuzen, iturri ofizialak aipatuz azkeneko bi asteotan hainbat hedabidek argitaratutakoaren arabera, Witkoff bera eta Dmitriev arduratu dira AEBek eta Errusiak Ukrainarako ondutako 28 puntuko plana diseinatzeaz. Higiezinen sektoretik heldu da Witkoff diplomaziara, eta Errusiaren Inbertsio Funtsen zuzendaria da Dmitriev.

Azken bi asteetan filtratu den 28 puntuko plan hori, Putinen hitzetan, gatazkaren irtenbiderako oinarri bat da; are, Kremlineko buruaren iritziz, abuztuaren 15ean Alaskan (AEB) Trumpekin egindako bileran adostutakoa jasotzen du gutxi gorabehera.

92

Kurskeko zenbat herritatik kendu dituen minak Errusiak. Errusiako Kursk eskualdeko gobernadore Alekandr Jinxteinek gaur bideo baten bidez jakinarazi duenez,

 eskualde hartako 92 herritatik minak kendu dituzte; «guztira, 2,7 milioi lehergai». Kontuan hartu behar da Ukrainak eskualde mugakide hori okupatu zuela iazko abuztuan, eta sei hilabetez kontrolatu zuela.

Baina planteamendu horrek jasotzen duena aldatu egin da bilerak egin ahala. Ukrainak, AEBek berek eta Europako potentziek azaroaren 23an adierazi zuten «bakerako esparru eguneratu eta perfekzionatu bat» landu zutela; eta Trumpek bizpahiru egun geroago esan zuen plana «findu» zutela, kontuan hartuta batzuen eta besteen «ekarpen gehigarriak».

Dokumentuan jasota dago, besteak beste, lurralde batasunari dagokionez Kievek kontzesioak egin behar izatea; horren arabera, Ukrainak bere lurraldearen %20 inguru galduko luke —Errusiak egun okupatua duena—. Horren harira, Volodimir Zelenski Ukrainako presidenteak atzo aitortu zuen, Emmanuel Macron Frantziako presidentearekin batzartu ondoren, negoziazioetako auzirik «zailena» lurraldetasunarena dela, eta igandean, Miamin, sei orduz aritu zirela horri buruz hizketan. Kieven marra gorrietako bat da hori, eta planteamendua filtratu zenean, duela ia bi aste, Ukrainako presidenteak azpimarratu zuen bi aukera baizik ez zituztela: «Duintasuna galtzea, edo aliatu ezinbesteko bat galtzeko arriskua hartzea»; hau da, edo kontzesio horiei men egitea, edo proposatutakoa ez onartzea. Azken egunetan, baina, itxaropentsuago agertu da.

Errusiak marra gorririk ezarri ote duen galdetu zioten atzo Kremlineko bozeramaile Dmitri Peskovi, egunero eman ohi duen prentsaurrekoan. Erantzun zuen «bozgorailuaren diplomazia» ez dela baliagarria. Horren guztiaren harira, Errusiak azken orduetan jakinarazi du Pokrovsk (Donetsk) eta Vovtxansk (Kharkiv) hiriak hartu dituela; Moskuk estrategikotzat jotzen zuen aurrena horiek hartzea, gero Donetsk eskualdeko Kramatorsk eta Sloviansk hartzeko ahaleginean. 

Witkoffen jarrera

Eta Moskuk, azken urtean egin bezala, frontean aurrerapausoak ematen dituen bitartean —Zelenskik esaten du Kremlin «esajeratzen» ari dela—, Witkoff eta Putin batzartuko dira orain. Witkoff izan zen, hain zuzen, Gazarako plana negoziatu zuen AEBetako ordezkaritzaren kideetako bat. Hori bera goratu du, hain justu, Dmitrievek.

Witkoffen jokabideak, baina, zeresana eman du AEBetako Alderdi Errepublikanoan. Bloomberg hedabideak argitara atera zuen, lehengo astean, Witkoffek eta Putinen aholkulari Juri Uxakovek urriaren 14an telefonoz edukitako elkarrizketa baten transkripzioa, eta horretan Witkoffek esaten dio Uxakovi Putinek zeri helduko beharko zion, zer komentatu beharko zion Trumpi, beren arteko hurrengo telefono deian. 

Horiek horrela, jarrera errusiazalea edukitzea egotzi diote Witkoffi. Trumpi berari horri buruz galdetu zioten, eta AEBetako presidenteak garrantzia kendu zion: «Hori da negoziatzaile bat izatea».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.