AEBak prest dira Ukrainari hamabost urtez segurtasun berme «sendoak» emateko, Zelenskiren arabera

Lurraldetasunaren «arantza» gorabehera, Trumpek ziurtatu du akordio ia guztia adostu dutela, eta Kieven Europako aliatuak «inplikatuta» egongo direla.

Volodimir Zelenski eta Donald Trump, atzo, Palm Beachen. EFE
Volodimir Zelenski eta Donald Trump, atzo, Palm Beachen. EFE
Julen Otaegi Leonet.
2025eko abenduaren 29a
11:40
Entzun 00:00:00 00:00:00

Donald Trump AEB Ameriketako Estatu Batuetako presidenteak kargua hartu aurretik esan zuen kapaz zela Ukrainako inbasioa egun bakarrean amaitzeko. Ez zuen lortu, ordea, eta, Etxe Zurira heldu zenetik urtebete betetzear den honetan, Moskuren eta Kieven arteko adostasuna «inoiz baino gertuago» dago, Trumpen arabera. Balizko bake akordioa lortzen dutenerako prestatzen hasiak dira AEBak, eta prest daude behintzat hamabost urtez Ukrainari segurtasun berme «sendoak» emateko, Volodimir Zelenski Ukrainako presidenteak gaur kazetariei mezu bidez jakinarazi dienez; ez du xehatu zer edo nolako bermeak izango diren, baina azaldu du bake akordioaren jarraipena egiteko modua eta aliatuen «presentzia» biltzen dituztela.

Zelenski Trumpekin bildu zen atzo arratsaldean, Mar-a-Lagoko (Florida, AEB) luxuzko bere oporlekuan, eta zenbait hamarkadatarako bermeak eskatu zizkiola adierazi du; printzipioz gutxiagorekin kontentatu beharko da: «Esan nion 30, 40 edo 50 urterako bermeak nahi genituela, eta erabaki historikoa izango litzatekeela hori. Presidenteak esan zuen pentsatuko zuela». Dena den, bilera osteko prentsaurrekoan, Zelenskik eskertu egin zion Trumpi urte honetan egindako «lan gogorra», eta berretsi zuen gutxi geratzen dela Errusiak 2022ko otsailean abiatutako inbasioa amaitzeko. Ikusteko dago, ordea, Errusiak zer duen esateko Ukrainak jasoko lituzkeen segurtasun bermeei buruz, esana baitu ez duela onartuko atzerriko troparik han egotea.

Bi presidenteek elkarrekin egin zuten prentsaurrekoa, eta Trumpek ziurtatu zuen akordioa ixtear daudela, nahiz eta lurraldetasunari buruzko zenbait auzi «arantzatsu» zintzilik dauden oraindik: «Baina hurreratzen ari gara». Ez batek ez besteak ez zuten Donbass eremuari buruzko xehetasunik aipatu.

Hori da, hein batean, ados jartzea eragozten duten eztabaidagaietako bat. Aldeetako bakoitzak bere proposamenak egin ditu: Errusiaren asmoa da eremu horretako bi eskualdeak, Donetsk eta Luhansk, bere esku geratzea —Luhansk guztiz kontrolatzen du—; Ukraina, berriz, prest dago tropak ateratzeko Donetsken kontrolpean duen gunetik —%20 ingururi eusten dio—, gune desmilitarizatu hori esparru ekonomiko berezi bat bihurtzearen truke. Auzi hori oraindik ez dute «konpondu», Trumpek esan zuenez.

Hala eta guztiz ere, iragarri zuen Errusiaren eta Ukrainaren delegazioetako kideek «lantalde bat» osatuko dutela AEBetakoekin batera, eta prest daudela akordioa «datozen asteotan» egiteko: «Uste dut agudo amaitu dezakegula. Bestela, luzaro jarraituko du horrela. Baditugu, bai, akordioaren gakoak, eta bi herrialdeak gogotsu daude. Elkarrizketen azken faseetan gaude». Kievek eta Moskuk nork bere aldetik negoziatu izan dute Washingtongo bitartekariarekin, eta Trumpek ez zuen baztertu hirurak batera biltzeko aukera: «hala dagokionean» gertatuko da hori.

Zelenskik espero du sortuko duten lantalde horrek «erabakiak» hartzea urtarrilean, Donbassi, su etenari eta segurtasun bermeei buruz —NATO Ipar Atlantikoko Itunaren Erakundeko kide ez izanda ere, aliatu izatearen pareko segurtasun bermeak nahi ditu Ukrainak—.

Ukrainak aurkeztutako hogei puntuko planean zehaztutako segurtasun bermeak adostu dituztela adierazi zuen Zelenskik; Trumpek, berriz, esan zuen Ukrainarako planaren «%95» adostu dutela: «Baina ez zait gustatzen ehunekoez hitz egitea. Esango nuke urratsak egin ditugula, bai gaur eta bai azken hilabetean».

Aliatuak, «inplikatuta»

Etxe Zuriko maizterrak ziurtatu zuen Kievek Europaren segurtasun bermeak jasoko dituela eta hango aliatuak «oso inplikatuta» egongo direla, nahiz eta Washingtonek gidatu dituen gatazkako aldeen arteko negoziazioak. Hain zuzen ere, bizpahiru orduz bildu ziren Trump, Zelenski eta bi delegazioetako arduradunak, eta Europako zenbait agintarirekin ere hitz egin zuten telefonoz.

Emmanuel Macron Frantziako presidenteak gaur sare sozialetan iragarri du Ukrainaren aliatuak «urtarrilaren hasieran» bilduko direla, segurtasun bermeak emateko konpromisoaz eta norbere «ekarpenez» eztabaidatzeko: «Funtsezkoak izango dira bake justua eta iraunkorra lortzeko». Gutxi gorabehera 30 herrialdek osatzen dute boluntarioen koalizioa deritzona, gehienbat Europako herrialdeek.

Zelenskirekin bildu baino lehen, Trumpek Vladimir Putin Errusiako presidentearekin hitz egin zuen telefonoz. Ez Errusiak eta ez AEBek ez dute su etenik nahi, «gatazka luzatu» egingo bailuke horrek, Juri Uxakov Putinen aholkulariak gaur esan duenez. Erantsi du nahiago dutela inbasioa amaitzeko akordioa egitea: «Eta, batez ere, Donbassi buruzko Kieven erabaki politiko eta ausarta. Fronteko egoera kontuan hartuta, zentzua edukiko luke Kieveko erregimenak berandu baino lehen erabaki hori hartzeak». «Laster» berriz hitz egingo dutela jakinarazi du gaur Dmitri Peskov Kremlineko bozeramaileak, egunero egin ohi duen prentsaurrekoan. Baztertu egin du Putinen eta Zelenskiren arteko dei bat egiteko aukera.

Sergei Lavrov Errusiako Atzerri ministroak aipatuz herrialdeko hedabideek gaur kaleratu dutenez, Ukraina Putinen egoitza bati eraso egiten saiatu da, Novgorod eskualdean. Errusiak negoziazioekiko jarrera «berrikusiko» duela jakinarazi du ministroak. Zelenskik gezurtatu egin du erasoa egiten saiatu direla, Reuters berri agentziaren arabera.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.