«Presidenteak gobernua gidatzeko aukeratzen duenari emango diot karguaren ardura», adierazi zuen atzo gauean Hitxem Metxixi Tunisiako lehen ministroak. Kais Saied presidenteak kargugabetu zuen igandean, eta erabakiak krisi politiko sakona eragin du Tunisian, 2011ko iraultzaz geroztik ezagutu duen larriena.
Metxixik azaldu duenez, ez du oztopo izan nahi herrialdearentzat. Tunisia «blokeo handiagoa» saihesteko hartu du kargugabetzea onartzeko erabakia. «Tunisiar guztien segurtasuna babesteko, gure herriaren eta bere eskubideen alde lerratuko naiz. Adierazten dut ez dudala estatuko kargurik edo ardurarik atxikiko».
Lehen ministroa kargugabetzeaz gain, Justizia, Barne eta Defentsa ministroak ere kargugabetu zituen, atzo, Saied presidenteak. Horrez gain, parlamentuaren jarduna eten zuen, behin-behinean, 30 egunerako.
Gobernuaren kontrako protesta jendetsuak izan ondorengo egunean hartu zuen erabakia presidenteak, «bakea Tunisiako gizartera itzuli arte eta estatua salbatu arte». Larunbateko protestetan, herrialdearen egoera ekonomikoa salatu zuten manifestariek. Aurretik makurra zen egoera, are gehiago okertu du COVID-19aren pandemiak Tunisian. Protestetan gobernuaren kudeaketaren aurka egin zuten. Hurrengo egunean, herritar ugarik ospatu zuten presidentearen erabakia.
Gobernuaren aldekoek, baina, «estatu kolpea» ematea leporatu diote Saiedi. Horien arabera, presidenteak 2014ko konstituzioak aitortzen dizkion botereak gainditzen ahalegindu da. Konstituzioak atzerri gaietan eta arlo militarrean esleitzen dizkio eskumenak, eta Saiedek adierazi du funtzio exekutiboa bere gain hartuko duela, lehen ministro berri baten laguntzarekin.
Ennahdha alderdi islamistak, Tunisiako Parlamentuan ordezkari gehien dituenak, «iraultzaren eta konstituzioaren aurka» jokatzea egotzi dio presidenteari. Hala ere, hauteskundeak aurreratzearen alde agertu da lehen ministroak kargua uztea onartu ondoren. «Ennahdhak kezka handiz bizi du legez kanpoko kolpeak herrialdean sortu duen ziurgabetasuna eta nahasmena. Orain argi dago Kais Saidek indar antidemokratikoekin aritu dela elkarlanean diputatuen eskubide konstituzionalak indargabetzeko eta bere gertukoekin ordezkatzeko».
Ratxed Ghannutxi Ennahdako buruak protestara animatu zituen atzo herritarrak, «iraultza defendatzera», eta gobernuen aldekoen eta kontrakoen arteko liskarrak izan ziren parlamentuaren parean, Ghannutxi bera ganbera barrura sartzeko ahaleginean ari zenean. Soldaduek moztu zioten bidea.
Gaur, berriz, protestak bertan behera uzteko eskatu die Ennahdhak gobernuaren aldekoei, indarkeria ekintza oro saihestu eta «kontrairaultzak» zilegitasuna irabaztea eragozteko.
«Lasaitasuna» eskatu du NBE Nazio Batuen Erakundeak ere. «Gatazka eta desadostasun oro elkarrizketaren bidez konpondu behar da», esan du Farhan Haq erakundeko bozeramaileak. NBE «alde guztiekin» harremanetan dago. Bozeramaileak nabarmendu du ez dagoela beste gatazka baterako tokirik Afrika iparraldea bezalako eremu ezegonkorrean.
Krisi ekonomiko eta soziala
Metxixiren gobernuaren ahulezia agerikoa izan da azken hilabeteetan. Tunisiako presidentearekin gatazka politiko betean ibili da, egoera ekonomiko zail bati aurre egin ezinda, eta pandemiak kutsatutako eta hildakoen kopuru gero eta handiagoekin mahai gainean. Langabezia tasak nabarmen egin du gora, eta estatuak murrizketa ugari egin ditu zerbitzu publikoetan.
Lehen ministroak aitortu du herrialdearen egoera «itogarria» dela eta herritarren onarpenik ez duten neurriak hartu dituela. Baina erabaki horiek «beharrezkoak» zirela ziurtatu du, estatuaren gaitasun mugatuagatik eta finantza publikoen egoeragatik.
Gobernua kreditu berri bat negoziatzen ari zen NDF Nazioarteko Diru Funtsarekin, estatuko finantzen porrota saihesteko. Kreditu hori lortzeko, hainbat erreforma ekonomiko egiteko exijitu dio NDFk, eta gobernuak badaki neurriek herritarrengan eragin zuzena izango luketela, horiek indarrean jartzeak diru laguntzak eta sektore publikoko lanpostuak murriztea baitakar. Gobernuan eztabaida sutsuak piztu ditu gaiak.