Elkarrizketa nazionala sustatu eta Tunisiako demokrazia sendotzeko eratu zuten 2013ko udan bitartekaritza taldea. Izan ere, 2011ko errebolten ondotik eratorri zen demokratizazio prozesua kolokan zegoen, ezkerreko politikarien kontrako hainbat hilketa eta liskar izan baitziren. Elkarte honek prozesu politiko baketsuaren alde egin zuen. Tunisiako langileen UGTT sindikatuak, patronalak, giza eskubideen ligak eta abokatuen elkarteak osatzen dute taldea.
Suediako batzordearen arabera, bitatekari horiek "berebiziko lana" egin zuten Tunisian "demokrazia aniztuna" garatzearen alde. Besteak beste, nabarmendu dute alderdi politikoekin izaniko elkarrizketen ondotik Tunisian gobernu teknokratiko bat eratzea lortu zutela Tunisiako gizartearen ahots desberdinak aintzat hartuz eta erlijio, sexu edota sinismen politiko guztiak errespetatuz.
Izendapen honek gain hartu die sarirako hautagai ziren Angela Merkeli, Frantzisko aita santuari eta Mussie Zerai erlijiosoari.