Emandako hitza eta hartutako erabakia bete egin du Turkiak, hango armadak dagoeneko egin dituelako Irakeko iparraldean aurreneko erasoak PKK Kurdistango Langileen Alderdiaren kontra. Hala ziurtatu dute Turkiako hedabideek lehendabizi, eta Gobernuaren iturriek ondoren.
AKP Turkiako Gobernuko alderdiarekin harreman onak dituen hedabide batek -Yeni Safak-ek- argitaratu duenez, PKKren "gune terroristak" bonbardatu dituzte turkiar soldaduek. Zortzi mila militar bidali ditu Turkiak hara, komunikabide haren arabera.
AKPren iturriek, berriz, esan dute Iraken barrura 50 kilometrora sartu direla turkiar militarrak.
PKKren gerrilarien inguruko hebabideek, berriz, haiek bahitutako zortzi turkiar soldaduen argazkiak argitaratu dituzte.
Ali Babacan Turkiako Atzerri ministroa Iraken izan zen atzo, PKKren aurkako borrokan Iraki laguntza eskatzeko helburuarekin. Hoshiar Zebari Irakeko Atzerri ministroarekin egindako bileran, besteak beste, bi herrialdeek gerrillari kurduei aurre egiteko lankidetzan aritzea hitzartu zuen.
Herenegun PKK-k aldebakarreko su-etena iragarri zuen. Turkiari baldintza bakarra eskatu zion horren truke: Irakeko iparraldeko eskualdean dituen kokagunean ez erasotzea. Babacanek esan zuenez, ordea, Turkiak gerrillariek emandako su-etena ez onartzen erabaki du. "Su-etena bi estaturen edo armaden artean ematen da. Erakunde terrorista baten aurka ari gara borrokan gu. PKK-k ezin du su-etena eman".
Gaur Europako Legebiltzarrak Iraken ez sartzeko eskatu dio Turkiari.
Mundua
Turkiak egin ditu PKKren kontrako lehen erasoak Irak iparraldean
Zortzi mila soldadu bidali ditu eta "gune terroristak" bonbardatu dituzte. Europako Legebiltzarrak Iraken ez sartzeko eskatu dio Turkiari. Kurdistango Langileen Alderdiak aldebakarreko su-etena iragarri zuen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu