Turkiak Siriaren menpeko Kurdistan erasotzearekin mehatxu egin du

Siria iparraldean PKK-ko gerrillariei bost eskualderen kontrola eman izana egotzi dio Ankarak Baxar al-Assaden gobernuariSNCk ere Damaskoren eta kurduen artean elkarlanerako hitzarmena dutela salatu du

2012ko uztailaren 27a
00:00
Entzun
Recep Tayyip Erdogan Turkiako lehen ministroa kezkatuta dago Siriaren menpeko Kurdistandik iristen ari diren berriekin. Azken bi asteetan kurduek gutxienez sei herri askatu dituztela jakinarazi dute. Eurena borroka zibila dela diote, eta tirorik egin gabe hartu dituztela herri horiek, modu erabat baketsuan. Erdoganek ez du sinetsi Siriako armadak besterik gabe eremu horietatik alde egitea onartu duenik, eta Damasko Turkiari min eman nahian ari dela salatu du. Baxar al-Assaden gobernuari PKK Kurdistango Langileen Alderdiko gerrillariei babesa ematea egotzi dio, eta ohartarazi du ez dela besoak gurutzatuta geratuko jarrera hori ikusita. Siriaren menpeko lurretan Turkiarentzat mehatxu diren «talde terroristak» baldin badaude eraso egingo duela ohartarazi du Erdoganek, «Turkiaren eskubide naturala» dela defendatuta.

«Iparraldean bost eskualde eman dizkie [Al-Assadek] kurduei, talde terroristei», salatu duErdoganek. PKK bertan antolatzen ari delakoan dago, ondoren Turkiari eraso egiteko. Hain justu, Siriatik Turkiara eraso egiten badute zer egingo duen galdetuta, Ankarak ere eraso egingo duela erantzun du lehen ministroak. «Horretaz ez izan zalantzarik. Hori da helburua; hori egin behar da». Iraken ere hala egiten dutela azaldu du. «Tarteka eremu horretan bonbardaketak egiten baditugu, defentsa beharrengatik egiten ditugu», argudiatu du.

Ez da, dena den, kurduen auziagatik Damasko eta Ankara haserretzen diren lehen aldia. 1990eko hamarkadan ere PKKri babesa ematea leporatzen zion Turkiak Siriari, eta gerra piztear egon zen.

SNC, kurduen kontra

Oposizioko SNC Siriako Kontseilu Nazionaleko buruak ere kurduen matxinadaren atzean Damaskoko gobernuaren itzala ikusi du, Erdoganen antzera. Siriako armadak PYD PKKren Siriako adar Batasunaren Alderdi Nazionalari «iparraldeko eskualdea» eman diola dio, eta ondoren soldaduek handik alde egin dutela. Hain justu, PYDri Al-Assaden esanetara aritzea egotzi dio SNCk maiz, alderdiak behin eta berriz Siriako presidentearen aurka dagoela esan arren. Baina herrialdeko oposizio islamistaren aurka ere egin dute Siriaren menpe bizi diren kurduek, gobernu autonomo bat eratzeko euren helburua errespetatzen ez dutelako.

Bi aldeen arteko mesfidantza aspalditik dator. 2004an Qamishli hirian arabiarren eta kurduen artean liskarrak piztu ziren futbol partida baten ostean, eta segurtasun indarrek erreprimitu zituzten protestak. Hainbat lagun hil zituzten soldaduek tiroz, guztiak kurduak. Horien hiletetan ere beste hainbat lagun hil zituzten, eta matxinada piztu zen Qamishlin. Egun gutxitan 36 lagun hil zituen, gutxienez, Siriako armadak. Kurduek oroitzen dutenez, tribu arabiarrek elkartasuna adierazi ordez errepresioan parte hartu zuten. Eta orduko mesfidantzak indarrean jarraitzen du oraindik ere.

Entrenamenduak

Massud Barzani Iraken menpeko Kurdistango eskualde autonomoko presidenteak berriki jakinarazi du Siriako armada utzi duten Kurdistan mendebaldeko kurduak entrenatu dituztela «defentsarako». «Ez dugu nahi gatazkan zuzenean parte hartu, baina entrenatu egin ditugu», adierazi du Barzanik. Desertore horien gehiengoa Siriara itzuliko dela azaldu du, «segurtasun hutsuneak» betetzera.

Bestalde, Barzanik baieztatu egin du armadak ihes egin duela Siriaren menpeko Kurdistango Al-Hasekah eskualdetik eta gerrillari kurduen esku dagoela.

Turkiak, hain justu, kurduak indarra hartzen ari direla ikusita eta Sirian gatazka gogortu egin dela ikusita, muga ixtea erabaki du. Dena den, gatazkatik ihesi doazenei igarotzen utziko diela esan du. Sirian segurtasun eremu bat ezartzeko aukera ere aztertzen ari da Ankara, Turkiako militarrek zainduko dutena.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.