Turkiaren eraginaren aurkako boza

Ipar Zipreko Turkiar Errepublikako hauteskundeetan Zipre batzearen aldeko hautagaiak lortu zuen boto gehien. Turkiaren aldeko diskurtsoa Zipre iparraldearen «beherakada ekonomikoarekin» lotu dute herritarrek.

Tufan Erhurmanen jarraitzaileak hauteskundeen emaitza jakin berritan, urriaren 19an. BIROL BEBEK / EFE
Tufan Erhurmanen jarraitzaileak hauteskundeen emaitza jakin berritan, urriaren 19an. BIROL BEBEK / EFE
Igor Baigorri Perez (2)
2025eko azaroaren 16a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Jaten ematen dien eskuari kosk egitea. Hori egitea erabaki zuten Ipar Zipreko Turkiar Errepublikako herritarrek iragan urriaren 19ko hauteskundeetan; Turkiaren aldeko hautagaiaren aurkako boza gailendu zen. Beste era batera esanda, Tufan Erhurman Zipreko uhartea batzearen aldeko hautagaiak irabazi zituen hauteskundeak, botoen %64 lortuz. Zipre turkiarreko herritarrek «atzerriko esku hartzeen gaineko nekea» erakutsi zuten hauteskundeetan, Serkan Soyalan Ipar Zipreko Kibris egunkariko kazetariaren arabera.

Itxuraz, irla bat da Zipre, irla bakar bat, Mediterraneo itsasoan dagoena. Baina zenbat eta gehiago gerturatu, orduan eta zatituago ikusten da uhartea, politikoki. Irlaren bi heren kontrolatzen ditu Zipreko Errepublikak (Zipre greziarra), eta iparraldeko zatia, aldiz, Ipar Zipreko Turkiar Errepublikak kontrolatzen du (Zipre turkiarra). Bi agente horiez gain, Zipre kontrolatzen duten beste bi ere badaude. Nazio Batuen Erakundeak (NBE) Zipre turkiarraren eta greziarraren arteko muga kontrolatzen du, eta Erresuma Batuak ere bi lurralde ditu bertan: Akrotiri hegoaldean eta Dhekelia hego-ekialdean; base militarrak ditu bertan.

Aspaldikoa da Turkiaren eta turkiar-zipretarren arteko lotura historikoa eta kulturala. 1974an, Turkiako tropek uhartearen iparraldea inbaditu zuten, irlan zeuden greziar nazionalisten estatu kolpeari erantzunez, eta 1983. urtean aldarrikatu zuen zati turkiarrak bere independentzia, nahiz eta Turkiak soilik onartzen duen estatu gisa. Orain, herritarrek adierazi dute ez dutela irlaren «erabateko haustura» nahi, baizik eta «berdintasunean, autonomian eta elkarrekiko errespetuan oinarritutako harremana», azaldu du Soyalanek. «Bereziki herritar gazteenek turkiar-zipretar laikotzat, eleaniztuntzat eta Europaren aldekotzat dute beren burua. Haien identitate sentimendua ez da nazionalitatean oinarritzen, baizik eta adierazpen askatasunaren, aukera berdintasunaren eta giza duintasunaren printzipioetan», gehitu du.

Turkiak Zipren egin zuen inbasioaren 50. urteurren ekitaldia, iaz. KATIA CHRISTODOULOU / EFE
Turkiak Zipren egin zuen inbasioaren 50. urteurren ekitaldia, iaz Nikosian. KATIA CHRISTODOULOU / EFE

Bide beretik, Cenk Mutalyakal Yeniduzen egunkariko kazetariak zera dio: «Tufan Erhurmanen garaipenak turkiar-zipretarren aldaketarako borondatea erakusten du». Izan ere, uharteko barruti guztietan irabazi zuen uhartea batzearen aldeko hautagaiak, eta, «turkiar jatorriko boto emaile ugari dituzten barrutietan ere, gehienek Erhurmanen alde bozkatu zuten».

Turkiarekin erlazioa

«Lurraldeko krisi ekonomikoak herritarren kontzientzia politikoa eta kritika areagotu ditu», adierazi du Soyalanek. Esan du herritar askorentzat egonkortasun ekonomikoa eta autogobernu politikoa «helburu banaezinak» direla, eta nazioartean aitortua ez izateak bakartua uzten duela iparraldeko Zipre.

Bi adituen ustez, Ersin Tatar hauteskundeetako Turkiaren aldeko hautagaiak Ankararen aldeko diskurtsoa besterik ez du erakutsi, eta herritarrek ikusi dute diskurtso hori Zipre iparraldearen «ekonomiaren beherakadarekin» dagoela lotuta. «Tatarrek uhartean aurrera eraman nahi zuen bi estatuen narrazioak ez zuen mamirik. Haren mezu bakarra zera zen: ‘Turkiaren babesa dut’, eta karguan egon den bost urteetan ez du negoziazio formalik egin Zipreko auziaren inguruan», nabarmendu du Mutalyakalek.

«Tatarrek uhartean aurrera eraman nahi zuen bi estatuen narrazioak ez zuen mamirik. Haren mezu bakarra zera zen: ‘Turkiaren babesa dut’, eta karguan egon den bost urteetan ez du negoziazio formalik egin Zipreko auziaren inguruan»

CENK MUTALYAKAL 'Yeniduzen' egunkariko kazetaria

Aldiz, presidente izendatu berriak beste jokabide bat hartu du Yeniduzen egunkariko kazetariaren arabera. «Erhurmanek adierazi zuen Turkiarekin hitz egiten jarraituko zuela, liskartzeko asmorik gabe. Kanpaina, irtenbide federal baten ikuspegia adierazi zuen, non bi estatu konstituziogileek beren botere subiranoak erabiliko zituzten, eta, aldi berean, funtsezko gaiak, hala nola segurtasuna, herritartasuna, itsas eremuak eta energia, berdintasun politikoan oinarritutako erabaki bateratuak hartuta kudeatuko ziren».

Soyalanen esanetan, «hauteskundeen emaitzak itxaropen sentimendua islatzen du». Esplikatu du sentimendu horrek «goia jo» zuela NBEk 2002. urtean Zipre bateratzeko asmoz aurkeztu zuen Annanen Planarekin. «Hauteskundeen emaitza eskaera kolektiboa da negoziazioei berriz ekiteko».

Zatitutakoa bateratu

Uhartea bateratzea da Erhurmanen xedea, baina «uhartea zatituta dago» zentzu askotan. Iparraldeak Turkiaren moneta du, lira turkiarra, eta Turkiarekin sinatutako protokolo ekonomikoen bidez irauten saiatzen da. Bertan tropak ditu Turkiak, eta bertara itsasoz edo airez iristeko, nahitaezkoa da Turkiatik abiatzea. Zipreko Errepublika, berriz, Europako Batasunaren parte da, nazioarteko aitortza du, eta euroa erabiltzen du. «Eguneroko bizitzan argi eta garbi ikusten dira desberdintasunak monetan, prezio garestietan, legezko babesetan, errenta mailan, kalitate instituzionalean eta zerbitzu publikoetan», nabarmendu du Soyalanek.

«Herritar askoren botoa zailtasun ekonomikoen, atzerriko esku sartzeen eta joera autoritarioen aurkako protesta izan zen, baina baita bakearen, berdintasunaren eta lankidetza federalaren aldeko baieztapena ere»

ISERKAN SOYALAN 'Kibris' egunkariko kazetaria

Beste ezberdintasun ugari ere antzeman daitezke lehen begiratuan; hizkuntzaren eta kulturaren ingurukoak, hain zuzen. Baina Zipreko komunitateen artean ere «elkarreragin handiak» daudela argudiatu du Kibris egunkariko kazetariak: «Zipreko herritarrek egunero erabiltzen dituzte Nazio Batuen Erakundeak kontrolpean dituen pasabideak lanerako, hezkuntzarako, osasunerako eta merkataritzarako». Gainera, kazetariaren ustez, «bi gizarteek antzeko erronkak dituzte: gazteen langabezia, etxebizitzaren garestitzea, pertsona kualifikatuen exodoa, eta bakea eta egonkortasuna izateko desira partekatua».

Hauteskundeen emaitzek, Soyalanen iritziz, badute sinbolikotik eta ez-sinbolikotik: «Herritar askoren botoa zailtasun ekonomikoen, atzerriko esku sartzeen eta joera autoritarioen aurkako protesta izan zen, baina baita bakearen, berdintasunaren eta lankidetza federalaren aldeko baieztapena ere».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.