Katalunia

Turullek ez du babes nahikoa lortu, eta larunbaterako deitu dute bigarren bozketa

Jordi Turullek ez du presidente inbestitua izateko babes nahikoa lortu, CUPek eutsi egin baitio iragarritako abstentzioari, JxCk eta ERCk egin dioten eskaintza baztertuta. CUPek amaitutzat jo du prozesu subiranista, "Oposiziora pasako gara. Kalera itzuliko gara", adierazi du. Turullek akordioa lortzeko beharra dutela ohartarazi dio CUPi: "Jendeak batasuna eskatzen digu".

Jordi Turull Generalitaterako presidentegaia, Kataluniako Parlamentuko gaurko inbestidura saioan. ALBERTO ESTEVEZ, EFE
Gorka Berasategi Otamendi.
2018ko martxoaren 22a
07:28
Entzun

Jordi Turullek ez du presidente izendatua izateko nahikoa babes jaso lehen inbestidura saioan. Gehiengo osoaren babesa behar zuen, baina JxC eta ERCren aldeko bozak izan ditu soilik, CUPek abstentzioari eustea erabaki baitu plenoaren aurretik alderdiko Kontseilu Politikoak egin duen batzarrean. Beraz, aldeko 64 boto jaso ditu, kontrako 65 —Ciutadans, PSC, Catalunya En Comu Podem eta PPrenak— eta CUP lau abstentzio.

Turullen hautagaitzak gehiengo soilaren babesa nahikoa izango luke JxCko parlamentaria bigarren bozketan presidente izendatzeko. Parlamentuak larunbaterako deituko du bigarren inbestidura saioa (10:00etan), baina ikusteko dago Turullek bilkuran parte hartzeko modurik izango duen. Presidentegaia Auzitegi Gorenera deitu du biharko Pablo Llarena epaileak, beste bost parlamentari auzipeturekin batera: JxCko Josep Rull eta ERCko Raul Romeva, Carme Forcadell, Dolors Bassa eta Marta Rovira. Azken hirurek diputatu akta utzi dute, inbestidura saioa amaitu denean. Llarena epaileak sei auzipetu horien behin behineko espetxeratzea agindu dezake.

Turullek bigarren saioan parte hartuko balu ere, ez luke presidente izateko babes nahikoa izango. Ez behintzat, laraunbata baino lehen JxCk eta ERCk CUP iritziz aldarazten ez badute. Aukera horrek ez dirudi erraza une honetan, gaurko bilkuran alderdi independentisten artean islatu den haustura inbestiduraren bozketatik harago doala aditzera eman baitu CUPek. Ziurtatu duenez, amaitutzat jotzen ditu prozesu subiranista eta orain arteko aliantzak. “Oposiziora pasako gara. Kalera bueltatuko gara”, adierazi du Carles Riera CUPen talde parlamentariko bozeramaileak.

Rieraren esanetan, Turullek hitzaldi “autonomista” eta “neoliberala” egin du gaur. Horrez gain, berretsi egin du CUPek martxoaren 3an JxCren eta ERCren legealdi akordioari buruz esandakoak. Alegia, ez dela Kataluniako Errepublika eraikitzeko akordio bat, izaera autonomistakoa dela, ez dituela beharrezko gizarte politikak proposatzen eta prozesu konstituziogilerik ez dela aurreikusten bertan.

Rierak kritikatu duenez, JxCk eta ERCk defendatzen dute "autonomia egiten egunen batean errepublika egitea". CUPek halakorik ezin duela onartu adierazi du.

Hala ere, Espainiako Estatuaren “errepresioaren kontrako jarduna” koordinatzeko eta Kataluniako auziaren nazioartekotzean elkarlanean aritzeko prest agertu da CUP.

Kritika gogorra izan arren, Turullek ez du etsi. Akordioa lortzeko beharra nabarmendu dio presidentegaiak CUPi, jendeak hori eskatzen duela iritzita. "Jendeak batasuna eskatzen digu, baina batasuna ez da dena nik nahi dudan bezala egitea". Larunbateko bigarren bozketari begira, elkarrizketarako deia egin dio Rierari.

Elkarrizketarako prestutasuna agertu dio Turullek Espainiako Gobernuari ere. Horixe izan da bere hitzaldiaren muina, prozesu subiranistari dagokionez. Kataluniako Errepublika aipatu gabe, elkarrizketa eta negoziazioa eskaini dizkio Madrili, “gobernutik gobernura”. 155aren indargabetzea eta Kataluniako erakundeen "berreskuratzea" jo ditu lehentasun.

Miquel Iceta PSCko bozeramaileak eduki aldaketa atzeman du Turullen hitzaldian, azken hilabeteetan egindakoekin alderatuta. Icetak adierazi du ez dakiela "aldaketa" hori epaitegietan "arazo gehiago ez izateko" helburuz egin duen ala benetan aldebakarreko independentziaren bidea alboratzeko borondatea dagoen atzean. Bigarren aukerak bultzatutako jarrera balitz, "herrialdearentzako albiste ona" litzateke, Icetaren iritziz, eta horrek "esparru interesgarri oso zabala" irekiko lukeela adierazi du, "blokeen konfrontazioa" gainditzeko.

ERCko Sergi Sabriak ere aipatu du blokeak gainditzearen ideia, "adostasun demokratiko eta baketsu indartsua" lortze aldera.

Ciutadanseko bozeramaile Ines Arrimadasek, aldiz, prozesu subiranista ahalik eta gehien luzatu nahi izatea egotzi die JxC eta ERCri. Haren esanetan, bi alderdiak beldur dira "errealitateari" eta gobernu ardurei aurre egiteko, ez dutelako haien burua gai ikusten Kataluniak dituen arazoak kudeatzeko.

Xavier Domenech Catalunya En comu Podemeko parlamentariak 155a indargabetu eta erakundeak berreskuratzera deitu ditu indar independentistak. Domenechen arabera, JxCk eta ERCk ez dute estrategia politikorik eta horren adibide aipatu du bihar espetxeratua izan daitekeen presidente gai bat aurkeztu izana. Nahasmen handiko egoera politikoa bizi du Kataluniak, Domenechen esanetan, eta Turullen hitzaldiak are nahasmen handiagoa eragin du.

PPko Xavier Garcia Albiolek ez dio sinesgarritasunik aitortu Turulli. Hitzaldian Kataluniako Errepublika eraikitzeko asmorik agertu ez duela eta, bere egiazko proiektu politikoa ezkutatzen aritzea egotzi dio. "Gezurra esan duzu gaurko hitzaldian, edo gezurretan aritu zara azken hilabeteetan".

Bihar, goizeko 10:30etarako daude deituta Turull, Rull, Forcadell, Rovira, Romeva eta Bassa. Llarenak hartuko dituen erabakiek larunbateko inbestidura saioa baldintza dezakete.

 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.