Katalunia

Turullek, Rullek eta Fornek hasi dute Kataluniako espetxe batera lekualdatzeko bidaia

Goizean irten dira Madrilgo Valdemoro espetxetik, Zaragozako Zuera espetxera. Bertan emango dute gaua, bihar, Kataluniara iritsi aurretik.

Joaquim Forn, Jordi Turull eta Josep Rull, Auzitegi Nazionalera bidean, iazko azaroaren 2an. FERNANDO ALVARADO, EFE
2018ko uztailaren 10a
14:55
Entzun

Josep Rull, Jordi Turull eta Joaquim Forn Kataluniako Gobernuko kontseilari ohiak irten dira Madrildik. Guardia Zibilaren furgoi batean atera dituzte Valdemoroko espetxetik. 09:55ak aldera utzi dute kartzela.

Hiru presoak Estremerako kartzelan egon dira, atzo, Valdemorora eraman zituzten arte. Fornek Estremerako funtzionarioen eta presoen jarrera eskertu du sare sozialen bidez, espetxea utzi dutenean. "Bagoaz Estremeratik. Funtzionarioei eta presoei emandako tratua eskertu nahi diegu, bidegabekeria larri hau eramangarriago egiten lagundu digutelako. Katalunia oroitu eta estimatura itzultzera goaz, baina bidegabekeriak bere horretan dirau, Kataluniako gure konpromisoak dirauen moduan".

Oriol Junquerasek, Raul Romevak, Jordi Sanchezek eta Jordi Cuixartek joan den astean egin zuten bide bera egingo dute hiru preso independentistek. Hau da, Zaragozan (Aragoi, Espainia) geldituko dira lehenik, Zuera espetxean, eta gaua pasatuko dute bertan. Bihar helduko dira Kataluniara, Sant Joan de Vilatorradako kartzelara, Bartzelonatik 50 kilometrora. Hara heldu aurretik, Guardia Zibilak Lledonerseko espetxera eramango ditu Rull, Turull eta Forn. Bertan, Mossos d'Esquadraren esku utziko dituzte presoak.

Rull, Turull eta Forn lekualdatzen dituztenean, urriaren 1eko erreferendumarekin lotutako auzian espetxeratutako buruzagi independentista guztiak izango dira Kataluniako espetxeetan. Espetxe Zuzendaritza Nagusiaren aginduz egin da lekualdatzea, presoek aurretik hala eskatuta. Pablo Llarena Auzitegi Goreneko epaileak espetxe zuzendaritzari jakinarazi zion amaitua zuela instrukzio fasea eta ez zituela diligentzia gehiago aginduko. Horrenbestez, haren irizpideen esku utzi zuen presoak Kataluniara lekualdatzeko erabakia.

Espainiako Gobernua publikoki agertu da preso independentistak Kataluniara lekualdatzearen alde. Pedro Sanchez Espainiako presidentea eta Quim Torra Kataluniakoa atzo bildu ziren, Moncloan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.