Txadeko presidentea hil da, errebeldeen aurka zauritu ostean

Liskarretan jasandako zaurien ondorioz zendu da, bere seigarren legealdia hasi eta egun batera

Idriss Deby Txadeko presidente zendu berria, Israelen izan zen aldi batean. ABIR SULTAN / EFE.
Julen Aperribai.
2021eko apirilaren 21a
00:00
Entzun
Liskar armatu batean jasandako zaurien ondorioz hil zen atzo Idriss Deby Txadeko presidentea, azken hiru hamarkadetan herrialdeko estatuburua izan dena eta bere seigarren legealdia hasi berri zuena. «Idriss Debyk azken hatsa eman berri du, lurraldearen defentsan. Saminez jakinarazten dizuegu Txadeko mariskalaren heriotza », adierazi zuen Azem Bermandoa Agouna armadaren bozeramaileak, herrialdeko telebista publikoan irakurri zuen adierazpen baten bidez. Zehazki, armadaren eta FACT Alternantziarako eta Konkordiarako Txadeko Frontearen arteko liskarretan jasandako zaurien ondorioz hil dela azaldu zuen.

Heriotzaren inguruko azalpen handirik ez zuten eman agintariek, baina jakina zen herrialdearen iparraldean zela Deby, FACTekin borrokan ari diren tropei bisita egiten. Ohikoa zen herrialdeko presidentea armadako kideekin batera ikustea, jantzi militarra soinean zuela. Izan ere, agintea erakusteko propaganda operazioak egin ohi ditu armadak; batez ere, talde islamista armatuen aurka. Duela aste batzuk, esaterako, Boko Haram talde jihadistaren aurkako operazio bat gidatzen ageri zuten irudi batzukzabaldu ziren hedabideetan.

Trantsiziorako kontseilu militar bat izendatu zuten behin-behinean, estatuburuaren heriotza baieztatu eta gero, eta presidentearen semeak, Mahamat Idriss Debyk, gidatuko duela jakinarazi zuten. Haren funtzionamenduaren inguruko azalpenak eman zituen atzo hark. «Trantsiziorako bide orri bat» sortuko dute, eta «trantsizio gobernu bat» eratu, parlamentua deseginda. Halaber, hitzeman zuen «instituzio libreak, demokratikoak eta gardenak» izango dituztela herrialdean, haren aitaren «sakrifikaziorako izpirituari jarraituta». Horrekin batera, «elkarrizketarako eta bakerako» deia egin zuen.

Egoera «oso larria» dela esan zuen estatuburu berriak, eta «terrorismoaren eta gaizkiaren aurkako borrokan defentsa egiteko eta estatuaren jarraitutasunabermatzeko» sortu dutela trantsiziorako kontseilu militarra. Haren aitaren irudia ere goretsi zuen: «Libiatik iritsitako terroristen aurkako borroka heroikoen gidari jardun du».

Hamalau eguneko dolu nazionala dekretatu zuen, eta talde armatuekin dituzten tirabirei erantzuteko lehen neurriak iragarri zituen: etxeratze agindua izango da, eta herrialdeko mugak itxiko dituzte, bestelakorik jakinarazi arte.

Militarizatutako herrialdea

Armadan jeneral izan zen Deby, eta militarki iritsi zen agintera, 1990ean estatu kolpea jota. Armadak garrantzi handia izan du haren kudeaketan. Diru asko inbertitu du azken urteetan baliabide militarrak handitzen, talde islamisten aurkako borroka argudiotzat hartuta, eta horretan lagun izan du Frantziako Gobernua, haren aliatu historikoa baita. Oposizioak, berriz, agintekeriaz gobernatu izana egotzi izan dio.

Horixe bera leporatu ziotenhauteskundeen aurretik ere, eta, arrazoi horrengatik, oposizioko hiru zerrendaburuk uko egin zioten parte hartzeari. Apirilaren 11n egin zituzten bozak, eta aise irabazi zituen Debyk. Botoen %79,32 eskuratu zituen, hauteskunde batzordeak herenegun jakinarazi zuenez.

Aparteko arazorik gabe egin zituzten hauteskundeak, baina armadaren eta errebeldeen arteko liskarren sorburu izan ziren. Herrialdeko iparraldean hasi ziren erreboltak, FACT bertara iritsi ostean. Gorane etniako kideez osatutako talde politko-militarra da FACT, eta 2016an sortu zuen UFDD Demokraziarako eta Garapenerako Indarren Batasuna alderditik bereizi zen talde batek, zeina Mahamat Nouri Debyren aurkari politiko baten alderdia den. Libian jarduten du taldeak, baina herrialde horretako muga igaro eta Txadeko Kanem eskualdean sartu zen. Eskualde hori kontrolpean zuela ziurtatu zuen FACTek apirilaren 13an, eta eremu hori «askatzen» hasiko zela iragarri zuen handik bost egunera. Armadak gezurtatu egin zuen inguru hori galtzeko arriskua zuela, ordea. Aitzitik, joan den asteburuan «300 errebelde baino gehiago» hil zituela zabaldu zuen herenegun.

Errebeldeek eremua hartua dutela diote, ordea, eta, hortaz, ez da erraza jakiten zenbaterainoko indarra duen alde bakoitzak. Txadeko gerra zibilean parte hartu zuen talde batek sostengatzen du FACT: UFR Erresistentziarako Indarren Batasunak. 2008an, talde horrek gidatutako errebeldeak N'Djamena hiribururaino iritsi ziren, eta estu hartu zuten gobernua. Frantziako armadaren esku hartze militar baten laguntza ezinbestekoa izan zuen gobernuak, kanporatzeko.

Hainbatetan errepikatu da antzeko egoera: talde islamisten eta errebeldeen erasoen oldarraldiak Parisen laguntzaz gelditu izan ditu Debyk. Talde armatu horiek herrialdeko mugetan gotortu dira azken urteetan, halabeharrez, eta handik bideratu izan dituzte erasoak.
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.