Arrazakeria AEBetan. 50 urte Martin Luther Kingen hitzalditik

Txeke zuria, kobratu gabe

50 urte bete dira Lanaren eta Askatasunaren Aldeko Martxaren harira Martin Luther Kingek hitzaldia eman zuelaAEBetako giza eskubideen aldeko elkarteek diote benetako berdintasuna ez dela lortu

Ion Orzaiz.
2013ko abuztuaren 28a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
«Zentzu batean, txeke bat kobratzera etorri gara. Errepublikaren arkitektoek konstituzioaren eta Independentzia Adierazpenaren hitz ederrak idatzi zituztenean, agindu txartela ari ziren sinatzen. Kontratu hori promesa bat zen, zeinaren arabera, estatubatuar guztiei, bai zuriei baita beltzei ere, bizitza, askatasuna eta zorionaren bilaketaren eskubide ukaezinak bermatuko zitzaizkien. Bistakoa da AEBek ez dutela kontratu hori bete herritar beltzekin. Txeke baliogabea eman digute, dirurik ez zigilua jarrita itzuli diguten txekea».

Martin Luther King Jr. doktore eta artzain baptistak 1963ko abuztuaren 28an Washingtonen emandako hitzalditik, I Have a Dream» (Amets bat daukat) izeneko pasartea da ezagunena, baina badira esanguratsuagoak ereAEBetako beltzen orduko eta gaurko borroka ulertzeko. Ordaindu gabeko txekearen metafora da horietako bat. Izan ere, 50 urte hauetan arrazakeriaren eta eskubide zibilen aferan aldaketa handiak izan diren arren, txekea oraindik kobratu gabe dagoela uste dute askok.

50 urte beteko dira gaur Martin Luther Kingek hitzaldi hori jendaurrean irakurri zuenetik. Lanaren eta Askatasunaren Aldeko Martxa antolatu zuten giza eskubideen aldeko zenbait eragilek, eta egun horretako agendan, arrazakeria eta bazterkeria ziren puntuetako bat, baina baziren beste asko ere: beltzen pobrezia tasa, gutxiengo soldataren igoera, hezkuntza eskubidea eta langabezia, besteak beste. Manifestazioa Abraham Lincoln AEBetako presidente ohiaren monumentuaren aurrean amaitu zen, eta bederatzi hizlari igo ziren taula gainera. Martin Luther Kingen solasak, ordea, itzala egin zien beste guztiei.

Garai hartan, AEBetako hegoaldean arraza bereizkeria arautzen zuten legeak indarrean ziren oraindik —zurien eta beltzen arteko ezkontzak debekatuak zeuden 16 estatutan— eta beltzen aurkako jazarpena etengabea zen. Kingen hitzaldiak txalo eta oihu zaparrada eragin zuen bertaratuen artean. Orduko eskuindar eta kontserbadoreei, alta, kirioak dantzan jarri zizkieten artzainaren aldarrikapenek. Hurrengo egunean, The Washington Post egunkariak ez zuen gaia lehen orrialdean azaldu, eta barruko kronikan, Martin Luther Kingen hitzaldiaren aipamenik ere ez zen ageri.

Ordutik, dezente aldatu da beltzen egoera AEBetan, azalean bederen. Inor gutxik aitortuko du jendaurrean arrazakeriaren edo bereizkeriaren alde dagoela. Gaur egun, Alderdi Demokratako zein Alderdi Errepublikanoko agintariek Kingen hitzak errepikatzen dituzte, eta eredu gisa aurkezten dituzte. «Joera arrazista agerikoak onargaitz bihurtu dira gizartean, eta aniztasuna txalotzeko moduko helburu bihurtu da. Baina beste zerbaitek kezkatzen nau: goia jo ote dugun. Azaleko aurreiritziak desagerrarazi ditugun arren, ez dugu gogorik aurreiritzi inplizituen nahiz egiturazko arrazismo sistematikoaren aferei heltzeko», azaldu du Charles M. Blow adituak The New York Times kazetan.

Eskubideen murrizketak

Askorentzat, Etxe Zurian presidente beltz bat egote hutsak Kingen ametsa errealitate bihurtu dela esan nahi duen arren, orduko aldarrikapen asko oraindik bete gabe daudela uste dute giza eskubideen aldeko eragile gehienek. «Aldaketa handiak izan dira AEBetan arrazismoaren eta eskubide zibilen alorrean, baina aldaketa horiek ez dira erabatekoak, eta atzera bota daitezke», azaldu du IREHR Giza Eskubideen Ikerketarako eta Hezkuntzarako Institutuko presidente Leonard Zeskindek. «Ustez, boto eskubidea bermatua dago, baina arriskuan dago hainbat estatutan; etxebizitza politikan legez kanpokoa da arraza bereizkeria, baina oso hedatua dago; bazterketa sustatzen duten eskola publikoak ere ez dira legezkoak, baina, berez, beti bezain bereizita daude ikasleak».

Eta ez dira bidegabekeria bakarrak: AEBetako beltzen %27,8 pobreak dira, %13,5ek ez dute lanik —zurien langabezia tasaren bikoitza— eta %16tik gora espetxean izan dira noizbait. Herrialdeko justizia sistemaren aurreiritziei egiten zaizkie giza eskubideen aldeko elkarteen kritika gehienak. 2012ko otsailean George Zimmerman guarda boluntarioak Trayvon Martin gazte afroamerikarra hil izanak eta, batez ere, beltzik gabeko epaimahai batek Zimmerman errugabe jo izanak agerian utzi du aurrejuzkuek tokia dutela oraindik AEBetako gizartean. «Espero nuen Zimmermanen epaia», aitortu du Zeskinek. «Urratsak urrats, atzeraka goazela ematen du zenbait alorretan. Martin Luther Kingen ametsa ez da bete».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.