Japonia. Lurrikara

Txernobilgo mamua

Fukushimako zentral nuklearraren biltegi batean eztanda bat izan da; 45.000 mila herritar eremu horretatik urrutiratu dituzteUkrainiako hondamendiaz geroztik gertatu den istripu nuklearrik larriena da

Fukushimako zentral nuklearraren biltegi batean eztanda bat izan zen, atzo, 15:36an. BERRIA.
2011ko martxoaren 13a
00:00
Entzun
Japonia astindu duen 8,9 graduko lurrikararen biharamunean begi guztiak Tokiotik 240 kilometrotara dagoen Fukushima zentral nuklearrean iltzatuta egon dira. Atzo eguerdian eztanda bat izan zen biltegi batean eta lau langile zauritu ziren. Japoniako Gobernuak isuri erradioaktiboak «txikiak» izan zirela jakinarazi bazuen ere, ez zuen herritarren ezinegona baretzea lortu.

Japoniako Energia Atomikoaren Agentziak, ezbeharra, INES Istripu Nuklearren Nazioarteko Eskalan laugarren mailakoa dela adierazi du. Zazpigarrena da mailarik altuena eta laugarrenak, istripua kokalekutik kanpo arriskurik gabekoa dela esan nahi du. Txernobilgo isuritik —zazpigarren mailakoa—, 1986tik, jasandako istripurik larriena da Fukushimakoa.

Hain zuzen ere, askori Txernobilgo hondamendia etorri zaie burura eztandaren berri izan ostean. Ukrainiako zentral horretan inoizko erradiazio nuklear isuririk handiena gertatu zen.

Agintariek, ordea, hondamendi nuklearraren arriskua baztertu dute berehala. Baina, eraikinetik ke beltza irteten zen bitartean larritasuna handituz joan da.Hamarretik hogei kilometrora zabaldu dute ebakuazio eremua eta 45.000 mila herritar urrundu behar izan dituzte eremu horretatik. Fukushimatik gertu bizi den herritar batek Gobernuak etengabe egoeraren berri eman dietela azaldu du. «Hala ere, ez gaude lasai, ez baitakigu zer gertatu daitekeen», gaineratu du. Etxetik ez ateratzeko, iturriko urik ez edateko eta bertako jakirik ez jateko eskatu die Gobernuak arrisku eremuan bizi direnei. Iodoa banatzeko ere prestatu dira agintariak, izan ere, isuri nuklearren ondorioz sor daitekeen tiroide minbizitik babesten laguntzen du iodoak.

Hozte sistema matxuratuta

Hasiera batean erreaktoreak eztanda egin duela pentsatu badute ere, aurki, leherketa erreaktorea dagoen biltegian gertatu dela baieztatu dute. Hidrogenoaren eta oxigenoaren arteko erreakzio kimikoak eragin du leherketa eta erreaktorea babesten duen altzairuzko gordetegia erori egin da, ondorioz. Yukio Edano Gobernuko bozeramailearen hitzetan, gordetegiak ez du kalterik jasan.

Zentraleko langileak erreaktorea hozten saiatzen ari zirenean gertatu da ezbeharra. Izan ere Fukushimako zentralak lurrikaraz geroztik hozte sisteman arazoak dituela jakinarazi du Japoniako Segurtasun Nuklearrerako Kontseiluak. Hainbat metodo erabili dituzte erreaktorea hozten saiatzeko, itsasotik ere ura ponpatzeari ekin diote.

Lurrikararen ostean 54 zentraletatik 11 automatikoki itzali ziren. Ondorioz, Japoniako historian lehen aldiz alerta nuklearra indarrean jartzea erabaki zuen Gobernuak. Fukushimako bi zentralak gertutik zaintzen ari da ordutik; lurrikarak eta ondorengo tsunamiak kalte garrantzitsuak eragin baititu bi zentraletan. Gauez sei graduko erreplika jasan dute gainera, zonalde horretan.

Tokyo Electric Power Companyrenak dira bi zentralak. Leherketa lehenengoan gertatu da, baina bigarrengoan ere izan dute kezkarako arrazoia. Enpresaren arabera, Fukushima II-ko hiru erreaktoreetan presioa neurrigabe hazi da.

Garoñako modelo berbera

Energia nuklearraren segurtasunaren inguruko eztabaida lehen mailara ekarri du gertakariak. Jan Benare Greenpeaceko energia nuklearraren aurkako kanpainaren zuzendariak arriskua berezkoa dela gogorarazi du. «Zenbat abisu pairatu behar ditugu erreaktore nuklearrak arriskutsuak direla ulertzeko?», galdetu du. Hori horrela, zentral nuklearrak itxi eta energia berriztagarrien aldeko apustua egiteko exijitu die agintariei.

Europako Batasunak bilera egingo du datorren astean leherketaren ondorioak zehazteko, eta baita gertatutakotik ikasteko ere.

Japoniako zentral nuklearrak munduko seguruenak dira; lurrikara asko pairatzen dituen lurraldea izaki, horiek jasateko diseinatuta baitaude. Herenegungo astinduek, dena den, lau zentraletan eragin ditu kalteak.

Bestalde, Japonian izua eragin duen Fukushimako zentralaren erreaktoreak Garoñakoaren (Burgos, Espainia) modelo berekoak —General Electric-en BWR— direla jakinarazi dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.