Etxe Zuriak jakinarazi du aldaketak egingo dituela COVID-19aren kontrako neurri gisa herrialdera doazen bidaiariei ezarritako mugetan. Txertoaren pauta osoa betea duten EB Europako Batasuneko eta Erresuma Batuko bidaiariak hara joan ahalko dira azaroaren 1etik aurrera. Bidaiatu aurreko 72 orduetan egindako COVID-19aren testean negatibo ematea izango da baldintza bakarra. AEBetara iritsitakoan, bidaiariek ez dute itxialdirik egin beharko, baina lehen hiru egunetan koronabirusaren kontrako proba egin beharko dute.
Jeff Zientsek eman du onartutako neurriaren berri, Etxe Zuriaren COVID-19aren kontrako erantzunaren arduradunak. Ez du zehaztu zein izango diren onartuko dituzten txertoak, hala ere, eta irizpide hori AEBetako Gaixotasunen Kontrol eta Prebentziorako zentroak ezarriko duela jakinarazi du. Bidaiarien bilakaera ere aurkeztuko du erakunde horrek. Hegazkin konpainiek bidaiarien inguruko informazioa eman beharko diote.
Orain arte, AEBetako herritarrek, haien senide hurbilekoek eta herrialdean bizitzeko baimena dutenek soilik izan dute hara sartzeko aukera, Erresuma Batuaren eta EBko herrialdeen kasuan. Kritikak jaso ditu horregatik AEBetako Gobernuak, luzaroan kopuru handiagoak izan baititu kutsatzeetan, ospitaleratzeetan eta hildakoetan. Hark, ordea, COVID-19aren Delta aldaera gerarazteko neurri gisa aurkeztu izan du herrialdeko mugak atzerriko turistei itxi izana.
Europako Kontseiluak abuztu amaieran kendu zituen AEBak egoera epidemiologikoagatik arriskutsutzat dauzkan herrialdeen zerrendatik. Ordutik, EBko herritarrek ez dute hara bidaiatzeko arrazoirik eman beharrik euren herrialdeetan.