Bihar egingo dute Txileko presidentetzarako hauteskundeen bigarren itzulia, eta Gabriel Boric azkeneko presidentearen lekukoa nork hartuko duen erabakiko da. Bi hautagai lehiatuko dira: Jeanette Jara ezkerraren ordezkaria —botoen %26,9 eskuratu zituen— eta Jose Antonio Kast eskuin muturrekoa —botoen %23,9 eskuratu zituen—. Bietako bat helduko da Moneda jauregira.
Lehen itzulian Jararen edo Kasten aldeko botorik eman ez zuten herritarrek izango dute azken hitza Moneda Jauregira nor helduko den jakiteko —botoa ematea derrigorrezkoa da—. Azaroaren 16an egin zuten lehen itzulia, eta Kastek argi esan zuen orduan eskuineko alderdiek «batuta» egon behar dutela desadostasunak desadostasun, ezkerrak agintean jarrai ez dezan. Eta azken asteetan ere horixe errepikatu du behin eta berriro, «benetako aldaketa» baten beharra aldarrikatuz.
Johannes Kaiserrek —ultraeskuineko beste alderdiko burua da— %13,9ko babesa jaso zuen, eta Evelyn Mattheik —eskuin tradizionalaren presidentegaia da—, %12,4koa. Biek ala biek eskatu diete Kasten alde egiteko lehen itzulian euren alde bozkatu zuten hautesleei. Hiru alderdiek, batera, botoen %50 pasa lortu zituzten lehen itzulian, eta hori nahikoa litzateke Kast presidente bilakatzeko.
Giltza Franco Parisi populistak izan zezakeela uste zen; edo, hobeto esanda, lehen itzulian haren alde bozkatu zutenek. Hura izan zen lehen itzuliko ustekabe nagusia; izan ere, Parisiren Jendearen Alderdia hirugarren indarra izan zen, botoen %19,7 eskuratuta. Egun hartan ez zuen argitu bi hautagaietako baten aldeko botoa eskatuko zuen edo ez: «Irabazi itzazue botoak; guk ez dugu behar inolako faborerik». Handik egun batzuetara, ordea, argitu zuen: boto baliogabea ematea edo zuri bozkatzea erabaki zuten alderdiko militanteek. Online egindako kontsulta batean militanteen %78 agertu ziren hala bozkatzearen alde. «Emaitza horrek islatzen du gure oinarriek bigarren itzulira igaro diren alternatibekin duten nahigabea», idatzi zuen alderdiak, ohar batean.
Horiek horrela, aurreikuspenen arabera Kastek irabaziko ditu hauteskundeak, eta hura izango litzateke Txileko hurrengo presidentea, Kaiserren eta Matheiren sostenguarekin, eta Jarari hamar puntu ingururen aldea aterata. Hala ere, adituek hainbat hedabidetan azpimarratu dute alderdi batetik bestera doazen botoak ez direla denak zuzenean joaten.
Tentsioa eztabaidetan
Azken bi asteetan egin dituzte bi hautagaien arteko eztabaidak, eta argi gelditu da oso urrun daudela bataren eta bestearen herrialde ereduak. Besteak beste, segurtasuna, migrazio politika eta hazkunde ekonomikoa izan zituzten hizketagai; arlo horietan baitituzte desberdintasun nabarmenenak.
Ekonomiari dagokionez, Boricen lan ministro ohi Jarak karguan egon den bitartean onartu diren erreformak zerrendatu zituen, hala nola lanaldia 40 ordura murriztea, gutxieneko soldata igotzea eta pentsioak erreformatzea. «Txile zuek gobernura iritsi zinetenean baino txiroagoa da orain», erantzun zion Kastek, gobernuak azken urteetan egindako lana zalantzan jarriz. Ultraeskuindarrak, berriz, esana du gobernura iritsiz gero 18 hilabetean 6.000 milioi dolarreko murrizketa fiskala egingo duela —5.600 milioi euro inguru—, eta gastu sozialik ukitu gabe, gainera. Hori, baina, zalantzan jarri zuen Jarak.
Migrazioa eta segurtasuna izan dira, ezbairik gabe, eztabaidetan tentsio handiena piztu duten gaiak. Kastek hainbatetan esan du Txilen bizi diren 340.000 «migratzaile irregular» inguru herrialdetik kanporatuko dituela —horietako asko Venezuelatik joanak—, eta mugak ixtearen alde egiten du. «Jakinarazi nahi diet [migratzaileei] 90 egun dituztela beren gauzak bildu, saldu eta Txiletik alde egiteko», adierazi zuen azken eztabaidan. Horrez gain, Nayib Bukele El Salvadorko presidentea jarri zuen adibidetzat: «Gaur egun, txiletar orok bozkatuko luke Bukeleren alde». Hala ere, ez du argitu zer prozedura baliatuko lukeen migratzaile horiek herrialdetik kanporatzeko.
Segurtasunari dagokionez, berriz, Kastek legedia gogortzearen eta militarizazioaren alde egiten du. Jarak, bestalde, proposatzen du «legez kanpoko» diruaren arrastoari jarraitzea, eta teknologia erabilita armen kontrola indartzea.
Segurtasunean eta migrazioan ez ezik, beste gai batzuetan ere ikusi daiteke Kasten ideologia ultraeskuindarra: besteak beste, norbanakoaren askatasunari dagokionez. Sexu berekoen ezkontzaren aurkako jarrera erakutsi izan du, baita abortuaren kontrakoa ere. Baina 2017an eta 2021ean ez bezala, gai horiek alde batera uzten ahalegindu da oraingoan, eta segurtasunean eta migrazioan jarri du arreta, oro har. Horren inguruan galdetu izan diotenean, adierazi du «orduko pentsamendu bera» daukala, baina Txileko herritarrek «beste kezka batzuk» dituztela egun.