Txile

Txileko diktadurako desagertuak bilatzeko plana aktibatu dute

Boricek adierazi du «konbentzituta» dagoela demokrazia «memoria dela». «Krimen horiez» arduratu behar duelakoan dago gobernua

Gabriel Boric Txileko presidentea, atzo, Santiagon, plana martxan jartzeko dekretuarekin. ELVIS GONZALEZ / EFE.
Igor Susaeta.
2023ko abuztuaren 31
00:00
Entzun
Iazko martxoan Txileko presidente izendatua izan ondoren agindu zituen egitasmoetako bat aktibatu zuen ofizialki atzo Gabriel Boricek, Santiagoko Konstituzioaren plazan egindako zeremonia batean: Augusto Pinochet buru zuen diktadura militarraren aroan (1973-1990) atxilotuak eta gero desagerraraziak aurkitzeko plan nazional bat. Datu ofizialen arabera, urte horietan 1.459 pertsona desagerrarazi zituzten, baina horietatik soilik 307 aurkitu eta identifikatu dituzte. Luis Cordero Txileko Justizia eta Giza Eskubideen ministroak aste honen hasieran emandako elkarrizketa batean nabarmendu zuenez, planak helburu du argitzea zer baldintzatan eta egoeratan atxilotu eta desagerrarazi zuten jendea. Corderoren esanetan, estatuak egin zituen «krimen horiek», eta, horrenbestez, hari dagokio horiez arduratzea.

Desagertze Behartuen Biktimen Nazioarteko Eguna zen atzo, hain justu, eta aintzat hartu behar da, gainera, laster, irailaren 11n, mende erdi beteko dela militarrek Salvador Allende buru zuen gobernuaren aurka estatu kolpea eman eta agintea hartu zutenetik.

Gobernuak azaldu duenez, planak bateratu egingo du azkeneko urteotan egiaren batzordeek, justizia auzitegiek, biktimen senideek eta aurreko gobernuek egindako lana. Corderoren esanetan, desagertuen bilaketa «estatuaren politika publiko iraunkor» bilakatzea dute asmo, eta egitasmoak «balio erreparatzailea» izango duelakoan dago. Boricek atzoko ekitaldian azpimarratu zuenez, «konbentzituta» dago demokrazia «memoria dela, etorkizuna dela».

Orain arte, biktimen senideak arduratu izan dira desagertuak bilatzen ahalegintzeaz; batik bat, emakumezkoak. Eraman zituzten beren kasuak auzitara, eta horiek aurrera egin dutenean soilik identifikatu ahal izan dituzte desagertuetako batzuk lurperatzeko erabili zituzten lekuak.

Esplikatu dute zentralizatuko eta digitalizatuko dituztela espedienteak eta gobernuaren erakundeetan eta giza eskubideen aldeko elkarteetan barreiatuta dauden beste artxibo batzuk, eta «software berezi bat» erabiliko dutela informazio guztia gurutzatzeko. Gobernuak, gainera, finantzatu egingo du bai biktimak lurperatuta egon daitezkeen lekuak arakatzea, baita finantzaketa faltagatik etenda dauden arakatzeei berrekitea ere.

Beste esperientzia batzuk

Proiektuan ez dago jasota nola lortu informazioa armadatik edo, bestela, zigorra betetzen ari diren militarrengandik. Armadak inoiz ez ditu entregatu diktadura garaiko artxiboak, argudiatuta ez direla existitzen. 1970eko hamarkadan mikrofilm bilakatutako batzuk erraustu egin zituzten 2000. urtean.

1970eko eta 1980ko hamarkadetan diktadurapean egondako beste herrialde batzuetan ere egin izan dituzte antzeko saiakerak. Argentinan 1.400dik gora gorpu edo gorpuzki berreskuratu zituzten, eta horietatik 800 identifikatu. Brasilen, berriz, 210 pertsona aurkitzeko ahaleginak ia antzuak izan dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.