Txileko ezkerraren presidentegaia aukeratuko dute igandean

Carolina Toha zentro-ezkerrekoa eta Jeannete Jara dira primarioak irabazteko faboritoak.

Mulet, Toha, Jara, eta Winter, apirilaren 30ean, Santiagon. EFE
Mulet, Toha, Jara, eta Winter, apirilaren 30ean, Santiagon. EFE
Igor Susaeta.
2025eko ekainaren 27a
12:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Presidentetzarako hauteskundeak egingo dituzte Txilen azaroaren 16an, eta horretarako presidentegaia aukeratuko du ezkerrak igandean. Carolina Toha, Jeannete Jara, Gonzalo Winter eta Jaime Mulet dira hautagaiak, eta, kaleratutako inkesten batezbestekoa aintzat hartuta, aurreneko bietako batek irabaziko ditu primarioak.

Azkeneko inkesten arabera, ia-ia parean egongo dira Toha eta Jara; bakoitzak botoen %35-40 bilduko ditu. Biak izan dira ministro Gabriel Boric herrialdeko presidente ezkertiarraren gobernuan —Toha, Barne ministroa (2024-2025); eta Jara, Lan ministroa (2022-2025)—, baina familia politiko desberdinetatik datoz.

PPD Demokraziaren Aldeko Alderdia, ordezkatzen du Tohak (60 urte). Zentro-ezkerreko indar bat da, eta Augusto Pinocheten diktadura militarra (1973-1990) bukatuta, 1990eko hamarraldiaren hasieran, demokraziaranzko trantsizioa gidatzeko Demokraziaren Aldeko Ituna sinatu zuen. Ibilbide politiko luzea du, eta, esaterako, Michelle Bachelet presidente ohiaren lehen agintaldian (2006-2010) gobernuaren bozeramailea izan zen tarte batez; Santiagoko alkatetza hartu zuen (2012-2016) ondoren. Hazkunde jasangarria eta gizarte ongizatea lehenesten ditu, eta zentro-ezkerraren ohiko ideiei eusten die.

Alderdi Komunistako militantea da Jara (51 urte), eta kanpainan, hasi eta buka, nabarmendu du «benetako Txiletik» datorrela, ez «elitetik», herri xehearen botoa bereganatu nahian. Kanpainako azken ekitaldian, atzo Santiagon, berriz azaldu zuen zer esparru dituen lehentasun: «ikuspegi sozialeko segurtasuna», hezkuntza eta giza eskubideak; hain zuzen, Justua, segurua, eta oparoa izena jarri dio proposatu duen programari.

Winter (38 urte) Diputatuen Ganberako kidea, bestalde, botoen %15-20 inguru biltzekoa da, eta, batez ere, hirietan bizi diren gazteak erakarri nahi ditu, aurrera begirako diskurtso bat planteatuz. «Izan bat muturrekoa edo moderatua, iraganeko errezetak atzean uztea dagokigu; izan ere, iragana da azken finean», esan zuen atzo.

Parte hartzearen garrantzia

Presidentetzarako bozetan, herritarrek derrigorrez bozkatu behar dute, legez. Primarioetan, ordea, hautagaiek ordezkatzen dituzten alderdietako militanteek parte hartu dezakete, baita presidentetzarako hauteskundeetan lehiatzen diren alderdietako militante ez direnek ere. Ezkerraren 2021eko primarioetan 1,7 milioi pertsonak parte hartu zuten; Boric nagusitu zen.

Analistek oro har Txileko hedabideetan adierazi dutenez, 1,5 milioi pertsonak baino gutxiagok parte hartzen badute, ezkerrak kolpea hartuko du azaroko bozetara begira; bi milioi baino gehiago badira, ordea, bultzada bat emango diote.

Izan ere, inkestek diotenez, oro har, Evelyn Matthei eskuin tradizionalaren presidentegaiak eta Jose Antonio Kast eskuin muturraren hautagaiak baino boto gutxiago bilduko ditu ezkerraren hautagaiak, edozein dela ere. Boric ezingo da aurkeztu, legez debekatua baitago presidente batek bi agintaldi segidan egitea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.