Munduko zentral hidroelektrikorik handiena eraikitzen hasi da Txina

Indiako eta Bangladeshko gobernuak kezkaturik daude urtegiak lurralde horietan izango duen eraginagatik.

Li Qiang Txinako lehen ministroa, artxiboko irudi batean. VINCENT THIAN / EFE
Li Qiang Txinako lehen ministroa, artxiboko irudi batean. VINCENT THIAN / EFE
2025eko uztailaren 21a
13:12
Entzun 00:00:0000:00:00

Larunbatean, Tibeten munduko zentral hidroelektrikorik handiena eraikitzen hasi zen Txina. Hori ospatzeko ekitaldi bat egin zuten Nyinchi hirian (Tibet), zentralaren horma egingo duten tokian. Li Qiang Txinako lehen ministroa bertan zen. Motuo zentral hidroelektrikoaren eraikuntzak kezka piztu du, ordea; Indian eta Bangladeshen bereziki.

Yarlung Tsanpo ibaian eraikiko dute urtegia. Himalaian sortu, eta India aldera jotzen du ibaiak; ondoren, Bangladeshko kostaldean itsasoratzen da. India eta Bangladeshko nekazariek erabiltzen dute hango ura. Txinak ura pilatzen badu, beraz, besteen gaineko kontrola izango du. 2020an proiektua mahaigaineratu zenetik, hiru herrialdeak eztabaidan aritu dira; baina orain inoiz baino gertuago ikusten dute arrisku hori.

Ingurumenean eta Tibeteko biztanleengan ere eragina izango du eraikuntza honek. Tibeteko biodibertsitatea hondatzeak kezkatzen ditu; baita lurrikarak ohikoak diren lurralde batean urtegia eraikitzeak ekar ditzakeen ondorio larriek ere. Horrelako azpiegiturek izan ditzaketen eraginen erakusgarri, beste presa batek eguna laburtu du. Lehengo urtean, Tibetarrak proiektu berri honen aurka egiten saiatu ziren. Manifestazioak egin zituzten, baina kexu zirenak jo eta atxilotu egin zituzten.

Ikusi gehiago

Txinak adierazi du energia berriztagarria sortu nahi duela, ingurumena laguntzeko. Proiektu hori herrialdearen ekonomia sustatzeko lagungarria izango dela gaineratu du.

Urtegi erraldoi hori eraikitzea 12.000 milioi yuan kostako dela aurreikusi dute. Horren truke, oraingo zentral hidroelektrikorik handiena (Hiru Arroilen Urtegia) baino hiru aldiz energia gehiago sortuko du. Proiektu honen bitartez, Txinako mendebaldean sortutako energia ekialdera bidali nahi dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.