Hong Kong

Txinak AEBen kontrako neurriak hartu ditu Hong Kongeko protestak babesteagatik

Pekinek GKE-en aurkako zigorrak handituko ditu, eta Hong Kongen geldialdia egitea galaraziko die AEBetako itsasontzi eta aireontzi militarrei.

Demokraziaren aldeko protesta, atzo, Hong Kongen. EFE
2019ko abenduaren 2a
22:26
Entzun

Txinak AEBen kontrako neurri gehiago hartu ditu Hong Kongeko demokraziaren aldeko protestak babesteagatik. Hua Chunying Kanpo Ministerioko bozeramaileak jakinarazi du debekatu egingo dietela Hong Kongen geldialdia egitea AEBetako itsasontzi eta aireontzi militarrei. Horrez gain, ohartarazi du gobernuz kanpoko erakunde estatubatuarren aurkako zigorrak ere handituko dituztela. Argudiatu du GKE horiek bultzatzen dutela Hong Kongeko kaosa, «Txinaren aurkako mugimendua» babestuz eta «jarrera biolentoak» hartzera animatuz. Ez du zehaztu zer zigor izango diren, baina bai noren aurkakoak; besteak beste, Human Rights Watch, National Endowment for Democracy eta Freedom House.

Neurri horiek AEBek azaldu duten jarreraren erantzuna dira. Izan ere, joan den ostegunean demokraziaren aldeko protestak babestu zituen Donald Trump AEBetako presidenteak, eta berretsi egin zuen «Hong Kongeko giza eskubideei eta demokraziari buruzko legea». Horren arabera, Senatuak urtero egiaztatuko du Txinak Hong Kongen autonomia errespetatzen duela. Hala ez balitz, arduradunak zigortu ahal izango lituzke Washingtonek, baita orain daukan lehentasunezko merkataritza estatusa kendu ere.

Chunyingek salatu du nazioarteko legediaren «urraketa larria» dela lege hori, eta Washingtoni exijitu dio «akatsak konpontzeko» eta ez sartzeko Txinako barne arazoetan. Adierazi du herrialdearen «subiranotasun nazionala» defendatzen jarraituko dutela: «Txinak neurri gehiago hartuko ditu behar izanez gero, eta Hong Kongeko egonkortasuna bermatu». Gainera, AEBei aurpegiratu die haiek izatea giza eskubideen urratzaileak: «Giza eskubideak ez dira eslogan bat; AEBak ez dira inolaz ere giza eskubideen defendatzaileak, baizik eta horiek bortxatzen dituztenak». Adituen arabera, azken mugimenduek zaildu egingo dituzte bi herrialdeen arteko gerra komertziala konpontzeko negoziazioak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.