Txinak aske utzi du Ai Weiwei artista eta disidente txinatarra (53 urte), bermea jarrita. Ohar ofizialaren arabera, atzeman zutenetik "portaera ona" izan duelako, "egindako delituak aitortu" dituelako eta "zor guztiak ordaindu" dituelako laga du libre. "Gaixorik" dagoelako ere askatu dute, Txinak dioenez.
Apirilaren 3an atxilotu zuen Poliziak Ai Weiwei, Pekingo aireportuan. Haren emazte Lu Qingek hainbat egunetan ez zuen bere berririk izan, eta senarraren osasunagatik kezkatuta dagoela aitortu izan du, "egunero hartu behar izaten dituelako medikamenduak presioa eta diabetesagatik".
Hong Kongera abiatzear zela atzeman zuten giza eskubideen aldeko ekintzailea. Txinak esan zuen kontu ekonomiko batzuengatik ikertzen ari zela, baina Weiweiren emazteak zioen hori guztia propaganda dela. "Nire senarra artista da, diseinatzailea, arkitektua, eta haren hitzak eta ekintzak irekiak dira, gardenak eta denek ezagutzen dituztenak".
Poliziak abenduan ere ez zion Txinatik irteten utzi Ai Weiweiri. Aurrekoan Bakearen Nobel sariaren ekitaldira zihoala eragotzi zioten herrialdetik ateratzea —Liu Xiaobo ekintzaile preso txinatarrari eman zioten saria—.