Txinako Alderdi Komunistak urratsa egin du belaunaldi aldaketarako

Amaitu da alderdiaren XVIII. Kongresua, eta gaur jakinaraztekoak dira zuzendaritza berriaren osaketa

mikel rodriguez
2012ko azaroaren 15a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Txinako Alderdi Komunistak bukatu du XVIII. Kongresua. Zuzendaritza berria aurkeztea falta du soilik —gaur dira jakinaraztekoak—. Bilkuraren azken egunean, baina, zuzendaritzaren azpitik dagoen Batzorde Zentraleko 205 kideak izendatu dituzte. Hor eman da jada agintearen belaunaldi aldaketarako lehen urratsa, Hu Jintao alderdiko idazkari nagusia eta herrialdeko presidentea, Wu Bangguo Herriaren Batzar Nazionaleko (parlamentuko) presidentea, eta Wen Jiabao lehen ministroa ez baitira Batzorde Zentralean egonen. «Lider beteranoak gazteagoekin ordezkatu ditugu», azaldu du Huk. Izendapen horiez gain, estatutuen erreforma jakinarazi du Alderdi Komunistak. Berrikuntza nagusia helburuen artean «garapen ekologikoa» kokatzea izan da.

Laugarren belaunaldiko agintariek bortzgarrenekoei tokia utziko diete Txinan —Alderdi Komunistak boterea hartu zuenetik zenbatzen dira belaunaldiak, 1949tik—. Batzorde Zentraleko kideen erdia inguru berriak izanen dira. Kongresuko 2.000tik goiti ordezkarik hautatu dituzten 205 kideetatik soilik hamar izanen dira emakumeak, eta bertze hamar han etniakoak ez direnak.

Politburo-ko (zuzendaritzako) Batzorde Iraunkorra nortzuk osatuko duten gaur iragarriko dute, eta horrek zehaztuko du Alderdi Komunistako zein sektore nagusituko den lehian: liberal-kontserbadoreak edo sozial-erreformistak. Zehazteko dago, halaber, Hu presidenteak alderdiaren Batzorde Militar Zentraleko buruzagitza hartuko duen. Organo hori zuzendaritzaren azpitik dagoen arren, alderdiaren eta armadaren arteko lotura da; hori dela eta, eragin handiko batzordea da, eta lehenbiziko lerroan egon diren agintariek haien eraginari eusteko baliatu izan dute; errate baterako, Deng Xiaopingek eta Jiang Zeminek idazkari nagusi izateari utzi ondotik ere Batzorde Militar Zentraleko presidentetzari eutsi zioten.

Jiangen eta Huren lehia

Hain zuzen, alderdi barreneko lehiaren buruan Jiang eta Hu daudela uste dute analista gehienek; Jiang liberal-kontserbadoreekin, eta Hu sozial-erreformistekin. Batzorde Iraunkorraren osaketak Jiangen sektorea indartuko duela uste dute, idazkari nagusiaren izendapenetik hasita; ezustekorik izan ezean, Xi Jinping bihurtuko baita gaur Alderdi Komunistako buruzagi. Gainera, Batzorde Iraunkorrean sartzeko kinieletan zegoen bertze liberal-kontserbadore batek ere puntako postu bat lor dezake, alderdiko Diziplina Batzordeko buru izendatu baitute, eta azken egunetan hedabide publikoetan presentzia nabaria izan du. Wang Qishan da, egungo lehen ministrordea. Batzorde Iraunkorra bederatzi kidetatik zazpira jaisteko aukerak indar hartu du.

Hala ere, Huk bere eraginari eutsiko diola uste dute analistek. Alde batetik, estatutuen erreformak bere printzipio ideologikoa jaso duelako: Garapenaren Ikuspegi Zientifikoa, zerbitzu publikoak indartzearen aldeko hautua eta ekologismoa aldarrikatuz, bertzeak bertze. Gainera, Ling Jihua, presidentearen idazkari pertsonala, Batzorde Zentraleko kide hautatu dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.