Txinako Itsasoan petrolioa duten irlak kontrolatzeko nahiak tentsioa igo du

Spratly eta Paracel uhartediek 17.700 milioi tona petrolio eta gas natural dituzte azpian

Jon Fernandez.
2011ko ekainaren 15a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Gatazka aspaldikoa da, baina tentsioak nabarmen egin du gora azken egunotan Txinako Itsasoan. Txinako, Vietnamgo, Filipinetako, Bruneiko, Malaysiako eta Taiwango lurrak bustitzen dituen itsasoan, ia 800 uharte inguruk osatutako bi uhartedi daude, Spratly eta Paracel, eta herrialde guztiek bere egin nahi dituzte. Eskaria ez da hutsala, ia biztanlerik ere ez duten irlen azpian 17.700 milioi tona petrolio eta gas natural baitaude: munduko laugarren erreserba eremua da tamainaz.

Txinako Itsasoan gero eta nabariagoak dira herrialdeen arteko indar erakustaldiak, eta, bereziki, Txinaren, Vietnamen, Filipinen eta Taiwanen artean egin du gora tentsioak. Aurreko asteburuan Txinaren kontrako manifestazioak egin zituzten Hanoin eta Ho Chi Minhen (Vietnam), eta astelehenean Vietnamgo militarrek itsas maniobrak egin zituzten Spratly uharteetatik oso gertu. Era berean, Taiwanek ere itsasontzi misil-jaurtigailuak eta tankeak bidaliko ditu berehala Spratly ingurura. Keinuok sutan jarri dute Txina, baina indarrik ez duela erabiliko aurreratu du Hong Lei Txinako Atzerri ministroak: «Gure interesak defendatzen baino ez gara ari, beste inori kalte egin barik, modu baketsuan eta indarra erabili barik».

AEBen esku hartzea

Otsailetik ari dira Txinako itsasontziak Filipinetako lurraldean eraikuntzarako materiala deskargatzen, Filipinetako Gobernuak salatu duenez. Eta Pekinek aitortu du «ikerketa jarduera ohikoak» egiten dituen itsasontzi zientifikoa duela inguru hartan, baina besterik ez.

Txina Spratly eta Paracel uharteetako altxorraz jabetuko den beldur dira inguruko herrialdeak. Uharteen inguruko edozein gatazka konpontzeko, bide diplomatiko hutsak erabiltzeko itun bat sinatu zuten denek 2002an ASEAN Asiako Hego-ekialdeko Nazioen Erkidegoarekin, baina errezeloz begiratzen diote denek elkarri.

Gainera, Benigno Aquino Filipinetako presidenteak laguntza eskatu die AEBei, «nabigazio askatasuna berma dezaten eta Txinak nazioarteko legedia errespeta dezan», eta Harry Thomas AEBetako enbaxadoreak babes osoa eskaini dio. Hori horrela, Txinako Gobernuak ez dagokien gatazkan ez sartzeko eskatu die AEBei. Inguruko herrialdeei, berriz, gatazka konpontzeko bitartekotzat mehatxuak bazter utzi eta elkarrizketa erabiltzeko eskatu die.

Alabaina, egoera ez dago eztabaidetarako. Vietnamek balizko gerra baterako militarrak errekrutatzeko dekretu bat onartu zuen atzo bertan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.