munDUA

Txinako presidenteak G8ko hitzordua utzi du, uigurren auzia dela-eta

Hu Jintao Italian zegoen munduko zortzi herrialde nagusien bileran parte hartzeko, baina Pekinera abiatu da bart. Xinjiangera ezingo da bidaia turistikorik egin, Txinako Gobernuaren erabakiz.

2009ko uztailaren 8a
14:25
Entzun
Uigurren protestek eragindako krisia dela-eta, Hu Jintao Txinako presidenteak ez du G8ren Italiako bileran parte hartuko, Pekinerako bidea hartu duelako bart. Gaur ekin diete, hain justu, G8ko batzarrari L'Aquilan, eta munduko zortzi herrialde nagusien buruetako batzuk dagoeneko Italian zeuden atzotik, Florentzian; Hu Jintao, haien artean. Dai BinGou Txinako Estatu Kontseiluko kidea joan da L'Aquilara.

Astelehenean heldu zen Txinako presidentea Italiara, Xinjiang eskualdean uigurren protestak hasi eta ordu gutxira. Ostiralean eta larunbatean Portugalera joateko asmoa zuen, baina orain ez da joango.

Euren etniako bi kide jipoitu eta hil izana salatzeko ari dira mobilizazioak egiten uigurrak. Horiek mozteko asmoz, eskualdeko Txinako Alderdi Komunistako idazkari Wang Lequanek Urumqi hiriburako etxeratzeko agindua eman zuen atzo. Armada izan da nagusi bart hango kaleetan.

Igandeaz geroztik 156 lagun hil ditu Txinako Poliziak, iturri ofizialen arabera, eta milatik gora zauritu. Uigurrek diote 800 pasa direla hildakoak.

Tiananmengo 1989ko gertaerez geroztik, Txinan jazo den liskar handienetako bat piztu da Xinjiangen.

Ezingo da eskualde horretara bidaia turistikorik egin, Txinako Gobernuaren erabakiz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.