WASHINGTON. AEBek, Erresuma Batuak eta Australiak AUKUS aliantza militarra aurkeztu zuten herenegun. Txinaren gaitasun militarrei aurre egiteko tresna militartzat hartu da akordioa, nahiz eta hiru herrialde horietako gobernuburuek ez zuten modu esplizituan halakorik zehaztu.
Aliantzaren berritasun nagusia da AEBek Australiari lagunduko diotela propultsio nuklearra izango duten itsaspekoak eraikitzen. Orain arte, AEBek Erresuma Batuari bakarrik eman diote halako ontziak egiteko teknologiaren berri.
Txinako Gobernuak adierazi zuen aliantza «guztiz arduragabea» dela. «Eskualdeko bakea larriki kaltetzeko» eta «armamentu norgehiagoka biziagotzeko» arriskua duela ohartarazi zuen Zhao Lijian Txinako Atzerri Ministerioko bozeramaileak.
Zeelanda Berriko lehen ministro Jacinda Ardernek, bestalde, Australiari ohartarazi zion hark egin asmo dituen itsaspekoek ezingo direla ibili Zeelanda Berriko uretan.
Txinaren aurkako aliantza militar bat egin dute
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu