U-1eko 10.000 boto kutxak gordeta zeuden biltegiko giltzak bi pertsonaren esku zeuden soilik. Bat Lluis zen, operatibo klandestinoaren burua, boto kutxak erosteko 100.000 euroko faktura pagatu zuen gizona, eta bestea Marc —kontakizun honetako izen guztiak asmatuak dira—, Ipar Kataluniako ekintzaile bat, operazioaren momentu zailenetako batean boto kutxak salbatu zituena: Txinatik iritsitako hiru kontainerrak Marseillako portuan deskargatu ahal izan ziren, Marcek mugako agenteei emandako esplikazioengatik. Surrealista eman dezake, baina esan zien plastikozko 10.000 kutxak casteller talde batentzat zirela. Agenteak ase zituen aitzakia horrek, eta boto kutxak Marseillatik Riberalera eraman ahal izan zituzten, Marcek berak alokatu zuen biltegira.
Erreferenduma egin zenetik urte erdia pasatu berri den honetan, Marcek lehen aldiz azaldu du bere istorioa. Aitortzarik jasotzeko inolako asmorik gabe kontatu du. "Pieza bat besterik ez naiz ni, eta arrisku gutxien hartu dituena, gainera", adierazi dio Ara-ri Perpinyatik, eta azpimarratu du beti Frantziako lurretan aritu zela. Diskretua baina ezinbestekoa suertatu zen bere inplikazioa, eta hura gabe erreferendumak ezingo zuen aurrera egin ziur asko: boto kutxak jasotzeaz aparte, U-1aren aurreko hilabeteetan gordeta egon ziren biltegia ere alokatu zuen, eta Ipar Katalunian konplizitate sare bat josi zuen, guztiz berea bezala sentitzen duen bozketa bat egin ahal izateko, nahiz eta berak ezin izan zuen parte hartu, nazionalitate frantziarra duelako. "Ni kataluniarra naiz, eta hegoaldeko beste edozein bezain katalana sentitzen naiz. Nire hiriburua Bartzelona da, ez Paris, eta hobeto sentitzen naiz Figueresen, Narbonan baino", laburtu du.
Hasieratik da operatiboko kide Marc. Martxo bukaeran, orain dela urtebete, Lluis joan zitzaion etxera, bazkaltzera. Aspalditik elkar ezagutzen dute, Kataluniarekin duten konpromisoa dela medio. "Galdetu zidan ea esku bat eman ote niezaiokeen, ea prest egongo ote nintzatekeen kontu batean laguntzeko, eta ea ba ote nekien ingelesez". Galdera gehiago egin gabe onartu zuen proposamena Marcek: "Niretzat berezkoa da laguntzea, eta eskatzen zidana egin banezakeen, ba, egin, eta kito".
Boto kutxen ereduak, hegazkinez
Egunak dira Lluis, bere kasa, boto kutxak fabrikatzen dituzten enpresei buruzko informazioa biltzen ari dela, Kataluniako Gobernuaren plan ofizialak —hautetsontziak lehiaketa publiko baten bidez erostea— huts egingo balu ere, eta azkenean, hala gertatu da. Horregatik, Lluisek buruan dauka erosketa operazioak Frantzian izan behar duela —Espainiako edozein portu edo aireportutan susmo gehiegi sortuko ziratekeen—, eta horregatik behar du ingelesez ongi egiten duen arduradun bat, hautaturiko enpresa Txinakoa delako, eta ereduei eta prezioei buruz adostasun bat egin behar delako.
Esan, eta egin. Marcek bi pakete jaso ditu, bakoitzaren barruan hiruna boto kutxa eredu dauzkatenak; zein aukeratuko duten erabakitzeko bidali dizkie enpresak. Eredu horiek, azkeneko bidalketa ez bezala, hegazkinez iritsi dira, denboraz larri dabiltzalako. "Garraiatzeko erraza izango zen material bat behar genuen. Batzuk tolesgarriak ziren, 23 bat zentimetroko garaierakoak, baina muntatzeko zailak, eta hautsi egin zitezkeen garraiatzerakoan edo bozketak iraun bitartean".
"Nik ez dut ezer erabakitzen. Paketeak ireki ere ez nituen egiten. Iristen zirenean, Lluisi abisatzen nion Signaletik. Etortzen zen, eramaten zituen, eta zegokionari galdetzen zion", aitortu du Marcek. Faktura 100.000 eurokoa izan da, eta Lluisek ordaindu du; eskaria ekain bukaeran itxi dute, eta itsasontzi batean iritsi da Marseillako portura, hilabete inguru geroago. Paperetan, "plastikozko kutxak" direla jartzen du, 10.000. "Handiegia izango zen paperetan ‘boto kutxak’ jartzea!", esan du Marcek.
Eskariaren arduraduna denez, mugako agenteek deitu egin diote, arraroa iruditzen zaielako partikular batek produktu beraren hainbeste unitate eskatzea. "Galdetu zidaten ea saltzeko ote ziren". Marcek: "Ezin niela gehiago esplikatu erantzun nien, sorpresa bat zelako. Baina hainbeste tematu ziren... Azkenean burutik pasatu zitzaidan aurreneko gauza esan nien, ez baineukan ezer pentsatua". Momentu erabakigarria da. "Esplikatu nien eraikuntza handi bat egin behar genuela, hogei urte bete zituen casteller talde bat omentzeko, eta espero nuela inbertsioa berreskuratzea instituzioetatik eta enpresa batzuetatik laguntzak jasota". Nahiz eta, printzipioz, azalpenak agentea konbentzitu duen, idatziz bidaltzeko eskatu dio Marci, eta honek segidan igorri dio esandako hori posta elektronikoz. Oraindik badauka bala bat gordeta, azkeneko aukera gisa: "Galdera gehiago egin izan balizkidate, esango nien Katalunian dauden 10.000 casteller-etako bakoitzari eramango niola kutxa bat".
"Portuarentzat miseria bat ziren"
Hilabeteak pasatuta, eta momentu estuenetako bat bizi eta gero, Marcek uste du Marseillako portuan ez zirela gai izan kontainer haien garrantziaz jabetzeko, garai hartan Frantzian oraindik ez zelako erreferendumari buruz hitzik egiten, eta beharbada mugako agente nagusietako batzuk oporretan egongo zirelako edo. "Marseilla portu ikaragarri handia da, milaka kontainer iristen dira hara egunero. Guretzat, hiru kontainer haiek izugarrizko balioa zuten, baina haientzat miseria bat ziren". Marcen amarruak U-1eko boto kutxak salbatu zituen. Eta boto kutxarik gabe, ez zen erreferendumik izango.
Gestioak egiteko eta garraiolariak kontratatzeko Marseillako portuan astebete igaro eta gero, boto kutxak hiru kamioitan joan ziren Riberaleko biltegira. Aldi berean diskretua baina nahikoa handia izango zen biltegi bat, 10.000 boto kutxak gordetzeko modukoa, aurkitzeko misioa zeukan Marcek. "Hiriaren erdian konplikatua zen, baina oso urrun ere ez zen komeni. Kamioien sartu-irtenak arrotzak izango ez ziren leku bat nahi genuen, kargatzea eta deskargatzea normala izango zen leku bat". Abuztutik urrira alokatu zuen leku bat. "Jabeei esan nien kutxa batzuk sartzeko nahi nuela biltegia". Marcen azalpenak aski izan dira. "Irailean, biltegiaren jabeek esan zidaten furgonetak eta autoak ikusi zituztela, eta Kataluniako aktualitatea jarraitzen dutela. Ez dira tontoak! Ulertarazi zidaten bazekitela zertan ari ginen, baina ez zidaten ezer eskatu". Nahiz eta, Marcek dioen bezala, biltegiko jabeak ez diren katalanistak.
Konfiantzazko lagunekin
Hiru kamioiak husteko, Marcek fenwick bat alokatu du, eta guztiz konfiantzazkoak dituen sei-zazpi lagunekin harremanetan jarri da. "Esan nien: ‘Ordu honetan, leku honetan’, eta ez esateko inori, eta ez egiteko ez argazkirik, ez galderarik", gogoratu du. Marcen lagunek ez dute huts egin. "Ezin zutela etorri esan zidatenek ez zekiten zer gindoazen egitera; jakin izan balute, etorriko ziren". Portuarekin harremanetan, Marcek eskatu die hiru kamioiak egun berean bidaltzeko, abuztuaren 7an, ordu pare bateko diferentziarekin. "07:00etan, 09:00etan eta 11:00etan iritsi ziren, eta 13:00etarako dena deskargatuta zegoen". Hamar bat lagunen artean, 800 bat kaxa jaitsi dituzte, bakoitzak dozena bat boto kutxa dituela barnean. Kamioiak hustu dituzten bitartean, garraiolari bat lo geratu da, bestea buelta bat ematera joan da, eta hirugarrenak ez du alferrik galdu aukera, ogiarekin, tomatearekin eta urdaiarekin prestatu dioten hamaiketakoa jateko.
Abuztuaren 7 hartan Lluis eta Marc laguntzera Kataluniatik etorri den pertsonetako batek berarekin eraman ditu 40 bat boto kutxa Printzerrira —material guztia gordetzeko zortzi lokal handi lotuak daude han—. Bartzelona eskualdeko biltegiaren arduraduna da, Guti; boto kutxa gehien gordeko dituena izango da. Hainbeste behar ditu, beste bi alditan ere joango baita Riberalera, bidaia bakoitzean 500 boto kutxa garraiatzeko. "Beste pertsona batzuk behin etortzen ziren, eta kito. Ja ez ditut gehiago ikusi", azaldu du Marcek.
Gutiren bidaia horietako bat etenda gelditu da, hala ere, Bartzelonan abuztuaren 17an gertatu diren atentatuen eraginez. Lluisek eta Marcek abuztuaren 25erako kanpora atera nahi dituzte boto kutxa guztiak, baina jihadisten erasoen ondorioz biderkatu egin dira mugako kontrolak, eta hautetsontziak lekuz aldatzeko operatiboa eten behar izan dute. "Abuztuaren 17rako 6.000 bat boto kutxa atereak zeuden, baina oraindik 500 inguru gelditzen zitzaizkigun banatzeko. Gainerako 3.500 kutxak biltegian geldituko ziren".
Boto paperak ere, Frantzian
Katalunian, zortzi biltegi handietatik, beste berrogei bat lokal txikiagotara mugitzen ari dira boto kutxak. Eta handik, milaka boluntarioren etxe eta auto partikularretara; haiek izango dira bozkalekuetara eramango dituztenak. Operazio hori herrialdean zabaltzen ari den bitartean hasi dira boto paperak egiten. Baina horretarako ere Ipar Kataluniaren laguntza logistikoa jaso du erreferendumak. "Eskatu zizkiguten 6,5 milioi boto paperak inprenta bakar batean egin ziren", berretsi du Marcek. Bozketa baino egun batzuk lehenago, autoaren maletategia ondo beteta egin zuen bidaia bat berak.
Espainiako segurtasun indarrak ez ziren gai izan boto kutxa bakar bat ere atzemateko, baina milaka boto paper bai harrapatu zituzten. U-1aren aurreko azkeneko kolpe handia ostegunean egin zuten, Igualadan: Guardia Zibilak 2,5 milioi boto paper atzeman zituen han. "Eskatu ziguten 1,5 milioi gehiago egiteko, baina 6,5 milioi haiek egin zituen inprentak ez zeukan paper gehiago, eta 800.000 besterik ezin zituztela bermatu esan ziguten". Elkartasuna piztu da berriz, eta Ipar Kataluniako beste enpresa bat lortu dute, bi egunean 700.000 boto paper egiteko konpromisoa hartu duena. Ostiral eta larunbat artean, erreferendumaren bezperan, Rosellora dozenaka pertsona joan dira, materiala jaso, eta Printzerrian barrena zabaltzeko.
Marcek ezin du erreferenduma galdu, eta Kataluniara joan da bozketaren asteburuan. Ondo goiz iritsi da bozkaleku batera, eta ilusioz eta urduri itxaroten ari da boto kutxak noiz iritsiko, berak bi hilabetez zaindu dituen boto kutxa horiek. "Hotz nintzen, eta autora joan nintzen, bost minutu, beroki baten bila", gogoratu du. Bost minutu besterik ez dira, baina boto kutxak bozkalekura sartzeko aski izan diren bost minutuak, hain justu. "Boto kutxen iritsiera galdu nuen, eta hori ikustean zen ilusio gehien egiten zidana". Egun hartako memoria kolektiboan betirako gelditu den irudietako bat galdu du, zeinek, eta berak, kutxa horiek eskuetan hainbeste alditan izan dituenak. Igande hartan ez ditu ikusi ere egingo boto kutxak. "Hainbeste jende zegoen bozkalekuan, ezin izan nuen sartu!", damutu da barre eginez.
Beti leku berean gordeta
Biltegiaren alokairua abendura arte luzatu zuten, ezin izan zutelako hustu hasieran pentsatu bezain azkar. "Ez genekien non sartu han geneuzkan 3.500 haiek, eta pentsatu genuen leku seguruena huraxe zela, ordura arte ez zuelako inork aurkitu". Abuztuan boto kutxen bila joan ziren pertsona berak izango dira, handik aurrera, gelditutakoak ateratzeaz arduratuko direnak, batzuetan alokatutako furgonetetan. Marcek ez du galdetzen nora eramaten dituzten, baina pentsatzen du Printzerrira doazela.
200 bat boto kutxa, edonola ere, Sant Miquel de Cuixako monasteriora eraman dituzte, enkante bat egiteko, eta preso politikoen familientzako dirua biltzeko. Boto kutxa bakoitzak 50 euro balio zituen, gutxienez, baina pertsona batzuek 500 euro ere pagatu dituzte enkantean. Ekitaldiak halako arrakasta izan du, ezen hurrengo egunetan salgai jarriko baitituzte boto kutxa gehiago. "3.500 boto kutxa haiek biltegian geratu izan balira, denak salduko genituen", ziurtatu du Marcek. Aukeratutako lekua ez zen ausazkoa. Sant Miquel de Cuixako monasterioa erresistentzia katalanistaren sinbolo bat da; erregimen frankistak Montserratetik botatako fraide beneditarren talde bat han babestu zen; Aureli Maria Escarre abadeak demokrazia, askatasuna eta identitate katalana defenditzeko adierazpen batzuk egin zituen Le Monde-n, 1963an, eta abadearen alde agertu zen fraide talde hori.
Nahiz eta bere inplikazioa ezinbestekoa izan zen U-1ean, eta ondoren etorri zen errepresio guztia ikusita ere, lasai dago Marc. "Zer egin dut ilegala nik? Interrogatu nazakete, baina nik ez dut ezer ilegalik egin lurralde frantziarrean", argitu du. "Harro nago parte hartu dudalako. Baina nik ez dut egin inplikatutako beste 2.000 edo 3.000 pertsona horiek egin dutena baino gehiago, edo ni autora joan nintzenean ni nengoen herrira boto kutxa sartu zuen doilor hark baino gehiago", erantsi du, irribarre zabal batekin. Eusten dio irribarre horri, oztopoak oztopo, sinistua dagoelako: "Egun batean ez bada hurrengoan, Katalunia independentea izango da. Ez dut beste aukerarik ikusten". Eta egun horretan segurua da cava kopa batekin egingo duela topa, Urtezahar gauean egin zuen bezala, etxean daukan boto kutxaren barruan izotza sartuta hoztutako botilekin. Bera gabe posible izango zen ez erreferendum baten sinbolo.