Udako hondartza astegun eder batez, Europan

Espainian, Almeriako Cabo de Gata natur parkean dago Europarako sarbideetako bat, eta bertako hondartza ederretan maiz gurutzatzen dira turismoa egitera doazen bisitariak eta migrazio betean diren gazteen estuasunak.

Almeriako Cabo de Gata natur parkeko Cala del Plomo hondartza, Espainian. ANE ESTRELLA
Almeriako Cabo de Gata natur parkeko Cala del Plomo hondartza, Espainian. ANE ESTRELLA
Inigo Astiz
Nijar
2025eko abuztuaren 7a
05:05
Entzun 00:00:00 00:00:00

Badago bigarrenez begiratu beharra pizten duen zerbait. Udaleku bateko kuadrilla baten itxura dute lehen begiratuan; haien ibilkera hutsak, urrundik ere, argi adierazten baitu haien gaztetasuna. Taldean doaz, gainera. Baina badago zerbait. Denak baitoaz beltzez, batetik, eta, bestetik, daramaten norabideak ere ez baitu bat egiten hasierako interpretazio onbera horrekin. Ez doaz hondartzara, barrualderantz baizik. Eta detaile horrek erakusten du argi, azkenik, munduaren ze alde tokatu zaien. Itsasoa gurutzatu berri duten migratzaileak dira. Hogei mutil inguru izango dira lehen taldekoak. Gehiago ere etorriko dira gero. Eskuarekin ura eskatzeko keinua egiten diete —haiek bai— hondartzara egun-pasa doazen autoetako turistei. Gelditu egiten dira gehienak. Ura ematen diete. Eskerrak ematen dizkiete gazteek, keinuz, arabieraz, frantsesez baten batek. Norabide kontrajarrietan jarraitzen dute aurrera gero. Gizon ez hain gazte bat da bidean azken doazenetako bat. Aurrekoak ez bezala, izerdi patsetan dago. Ura eskatu du berak ere, eta belauniko jarri da ura edan ahal izateko. «Algérie» esan du gero, frantsesez. Esker onez. Eta haren ezpainetan, garaipen ikur bat da jatorriaren aipamena. Azken gazte bat ere badago, halere. Almeriako Cabo de Gata natur parke ederreko mendi gorrixketan behera korrika eta jauzika doan puntu beltz bat.

«Gehiago eman behar genien». Neska boskote gazte batek ezin du ezinegona gainetik uxatu. Euskaldunak dira haiek ere. Aparkatzean, keinu etsiak gurutzatzen dituzte kalarainoko bide hondartsuan autoetan bata bestearen atzetik joan diren turistek, eta hondartzara abiatu dira gero. Haizerik ez dago, eta, baretasun horri esker, ertzean bertan, busti ere egin beharrik gabe ikus daitezke arrainak igerian. Orain badakite. Edertasun hori dute itsasoa gurutzatzera arriskatzeko egunik onenek.

Itsasertzean dabilen helikoptero baten zarata ozenak orbantzen du postala. Erreskate txalupa bat heltzen da gero kalara. Norbait dakar. Hondartzaren mendebaldekoek bakarrik ikusten dute nor den, baina ikusi beharrik gabe denek dakite gazte taldeko bat dela. Turisten artean den mediku bat laguntzera doa. Gazteak buruan kolpe handi bat hartu du alboko kalan, eta koman heldu da. Koman dago. Osasun langileek tentsioa neurtzen diote, pultsua, manta termikoa jarri, seruma, eta oporretarako sonbrillekin zaurituari itzala emanez laguntzen diete turista batzuek. Hamar bat pertsonako talde bat da.

Oinez baino ezin da heldu gaztea erori den kalaraino. Goizean bertara iritsi den turista batek bertan topatu du jada gaztea, eta berak eman die abisua larrialdi zerbitzuei. Motiboren batengatik, errepide sarbide hobeak dituen eta itsasoz bertatik bertara dagoen Agua Amarga herrira eraman beharrean, erreskate taldekoek autoz heltzeko bide zailagoa duen kalara eraman dute zauritua. Helikopteroan ospitaleratuko dute. Eguzkitakoak biltzeko agindua ematen die erreskate taldeko kide batek hondartzan daudenei, horregatik. Baina helikopteroa gainetik pasatzen da, lurrik hartu gabe. Dirudienez, gaztea jadanik ospitaleratu egin dutela heldu zaie nonbaitetik, baina gazteak han jarraitzen du, eta, beraz, tarte batera, bigarrenez dator helikopteroa. Hondartzan lur hartu beharrean, ordea, barrualderago doa. Berriz zabaltzen ditu eguzkitakoak jendeak.

Beste gazte bat gerturatzen zaie zaurituaren ingurukoei. Mutila ezagun ote duen ikusi nahi du. Ez duela ezagutzen esan du, eta hura ere badoa aurrekoek aspaldi hartutako bidean aurrera. Dagoeneko Guardia Zibilak atzemanak ditu gainerako guztiak, eta bera ere hartuko dute, seguruenik. Paraje apartatu horretan hasiko da, beraz, hainbat urtez luzatuko zaien eta amaiera batere argirik ez duen labirinto burokratikoa haientzat. «Zergatik?», galdetzen dio aitari 7 urteko ume batek hondartzan. Arretaz entzuten ditu haren erantzun nahasiak, eta jarraitzen du ulertu gabe.

Kalara heldu denetik hiru ordu ingurura eraman du helikopteroak eria, azkenik. Bizirik. Edo. Izenik gabe. Haren izenik esan dezakeen inor gabe. Egun argiz. Udako hondartza astegun eder batez. Europan.

hainbat bainulari migranteen aurka oldartu dira granadako hondartza batean

Migrantez beteriko ontzi bat Granadako Castell de Ferro herriko hondartzara (Espainia) iritsi zen igande arratsaldean, eta han zeuden hainbat bainulari etorkinak atxikitzen saiatu ziren. Azken egunetan sare sozialetan zabaldutako zenbait bideotan ikus daiteke nola hondartzan zeuden pertsona batzuk migranteen aurka oldartu ziren, horiek hondarretara botaz eta haiei lurraren aurka eutsiz. Poliziak bederatzi migrante atxilotu zituen, eta Espainiatik kanporatu bitartean paperik gabeko etorkinentzako zentro batean edukiko dituzte, Espainiako Gobernuaren Granadako ordezkariaren arabera.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.