Txina hegoaldean azken bi asteetan izandako uholdeek eta luiziek dagoeneko 536 pertsona hil dituzte. Beste 137 lagun, berriz, desagertuta daude. Txinan dauden hogeita hamaika eskualdeetatik hogeita bi daude kaltetuta. Kanton, Fujian, Guangxi, Hunan eta Jiangxi dira, dena den, kalte larrienak jasan dituzten eskualdeak.
Aurten uste baino lehenago iritsi dira euriteak Txinara. Hala ere, orain artekoa gutxi balitz bezala, euriteen urtaroan sartu ziren atzo eta datozen orduetan euri jasak ugaritu daitezkeela ohartarazi zuten. Agintarien arabera, luizi arriskua ere handituko da. Oraingoz 44.376.000 lagun baino gehiago daude euriteen ondorioz kaltetuta. Etengabeko euri jasak izan dira egunotan eta hiri askotan ura hirugarren solairuraino iristen da. Mendi inguruetan, uharrek eta luiziek milaka etxebizitza suntsitu dituzte eta jende asko lokatz eta etxe hondakinen artean harrapatuta gelditu da. Nazioarteko Gurutze Gorriak jakinarazi zuenez, uholdeek hurrengo orduetan hondakin urak zabaldu ditzakete eta edateko ura zikindu eta, hartara, herritarren artean osasun arazoak izateko arriskua areagotu egin daiteke.Uraren maila nabarmen igo da hainbat lekutan eta, ondorioz,1.400.000 biztanle ebakuatu behar izan dituzte. Tren zerbitzu eta errepide mozketak daude eta Guangxin ez dago argindarrik. Trenbideetako langileak suntsitutako trenbide zatiak konpondu nahian ari dira, baina eguraldia dela eta ezin izan dute aurrerapen handirik egin.Txinan uholdeak izaten dira urtero ekaina eta iraila artean, batez ere montzoiaren, ekaitzen eta urakanen ondorioz. Gainera, azken hamarkadetako nekazaritza intentsiboak eta zuhaitz mozketek egoera okertu dute, luiziak egoteko arriskua handitu delako. 1998. urtean izan ziren azken hamarkadetako uholderik okerrenak. Orduan, Yangtse, Huanhe eta Sonhua ibaiek gainezka egin zuten eta uholdeen ondorioz 4.200 pertsona hil ziren. Orotara 36.000 milioi dolarreko galerak izan zituzten eta, 240 milioi biztanle izan ziren kaltetuak.
Wuzhou hiria, kaltetuena
Perla ibaiaren Xijiang eta Bijiang ibaiadarrak, aspaldiko ur-goraldi handienetakoa jasan dute egunotan. Xijiang ibaiak hamar metrotan pasa du gehienezko maila eta alarma egoera ezarri dute agintariek Guangxi eta Kanton eskualdeetan ibaiak gainezka egingo duela aurreikusten dutelako.
Guangxi eskualdean, 91 ur erreserba eta 53,4 kilometro dike suntsitu dituzte uholdeek.760.000 lagun ebakuatu behar izan dituzte. Wuzhou hiria izan da azken egunetako kaltetuena. Orotara 42.000 lagun ebakuatu dituzte bertan eta ikastetxeek bertan behera utzi behar izan dituzte azterketak. Xijiang ibaia Perlarekin elkartzen da Wuzhoun eta 10.000 lagun bakanduta gelditu dira. Komunikabide gehienak moztuta daudenez, airez banatu behar izan dute janaria eta larrialdietarako laguntza. Milaka polizia eta soldadu uholdeek gehien erasan dituen zonaldeetara joan dira eta uholdeak eragozteko hondar zakuak jartzen, biztanleak ebakuatzen eta bizirik egon daitekeen jendearen bila dabiltza. Guangxin soilik laborantzako 31.000.000 hektareak kalteak jasan dituzte eta horrek, 1.130 milioi eurotako galerak eragin ditu orain arte. Kanton eskualdean, berriz, 48 pertsona hil dira orain arte eta 120.000 biztanlek euren etxeak utzi behar izan dituzte. Guangxin legez, uholdeen eraginez errepide eta trenbideak itxi dituzte. Hala, eskualdea Pekin Hong Kongekin lotzen duen linea ere zerbitzu gabe dago.Etxaldeen inguruak dira eremu kaltetuenak. Ruby Zhu Txinako ekonomistaren arabera, esportazioan jarduten duten enpresek ez dute ia kalterik jasan. Heyuan hirian, inguruan dauden presak gainezka egiteko beldur dira eta biztanleak ebakuatu dituzte.
Iparraldean, lehortea
Kanton eskualdeko Macao hiria ere alerta egoeran dago, uren urteko mailarik handienera iristear daudelako. Hong Kongen ere egoera okertuz doa, azken egunotako euriteek nahasmen handia sortu dutelako. Milaka ontzik ezin izan dute portutik irten eta 60 hegaldik baino gehiagok atzerapenak izan dituzte. Atzo, lau eguneko euri jasen ostean, alerta gorria ezarri zuten hirian. Izan ere, lehen orduetan 50 milimetro ur erortzen zen orduko eta luiziak izateko arrisku handia zegoela esan zuen Hong Kongeko Behatokiak.
Hegoaldean euriteak dauden bitartean, erdialdean eta iparraldean, hiriburuan barne, beroaldia jasaten ari dira. Anhui eskualdean azken urteetako lehorterik handiena ari dira izaten.
UHOLDEAK TXINAN
Udako uholdeetan 500dik gora pertsona hil dira eta beste ehun desagertu
Kanton, Fujian, Guangxi, Jiangxi eta Hunan eskualdeak dira kaltetuenak; hala ere, 22 eskualdetan jasan dituzte uholdeak eta guztira 44 milioi biztanleri eragin diete
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu