"Gerra zibila lehertzear da". Hala ohartarazi du Dmitri Medvedev Errusiako lehen ministroak. "Espero dut erabakiak hartzea dagokionak [Kievek] halako hondamendia ez baimentzeko adinako sen ona izango duela". Arazoari konponbidea emateko modu bakarra elkarrizketa dela dio Medvedevek, eta herrialdeko talde etniko guztien interesak aintzat hartzeko eskatu dio Ukrainari. "Zaila da, baina beharrezkoa. Jendeak bere iritzia agertzeko eskubidea dauka". Turtxinov Ukrainako presidenteak NBEri laguntza eskatu izana arbuiatu du, gainera: "Oro har, ez du ezer konpontzen haien presentziak. Zoritxarrez, arazoa mantendu besterik ez du egiten".
Tiroketa izan da gaur Kramatorskeko aerodromoan. Slaviansk hiritik gertu dago, "matxinoen gotorleku" deitu dutenetik. Ukrainako armadaren hainbat ibilgailu blindatu antzeman dituzte eguerdian, eta gutxi barru hasi dira istiluak. Rusia Today agerkariak zabaldutako informazioen arabera, 60 ibilgailu blindatu inguru zeuden Kramatorskeko aerodromoan. Hildakoak milizianoen aldean izan dira. Lau direla zabaldu den arren, zenbat izan diren ez dago guztiz argi; lau eta 11 bitartean izan daitezkeela diote Errusiako zenbait hedabidek; Efek, ez duela hildakorik ikusi. Aerodromoa kontrolatzen ari zen milizianoen buruaren arabera, duela egun batzuk ari zen Ukrainako armada erasoa prestatzen: "Jendeak, manifestariek, ez diete utzi sartzen, eta tirokatzen hasi dira, biktimak eraginez. Gureek [milizianoek] atzera egin dute. Hamabost tanke ari dira erasoan, eta gainerakoak ibilgailu blindatuak dira". Ukrainako Defentsa ministroak albistea jakin eta gutxira baieztatu du "operazio berezia" abiatu dutela Kramatorsken.
"Operazio antiterroristaren" lehen urratsak
Eguerdian zabaldu da Ukrainako hogei ibilgailu blindatu inguru eta garraio lanetarako bi helikoptero militar zeudela Izium herriaren inguruan, Slaviansk hiritik berrogei kilometrora. Hortik gertu dago, baita ere, Kramatorsk herria, eta aerodromoa. Gainera, Vasili Krutov jeneralak, Ukrainak abiatutako "operazio antiterroristaren" buruak, esan du ez zela ultimatum gehiagorik izango, eta "atzerriko inbaditzaileei" erasoko ziela. Krutoven arabera, hirurehun lagun armatu daude Ukrainaren ekialdean, gehienak Slaviansk hirian.
Ukrainako Gobernuak goizean jakinarazi du ekin diola herrialdearen ekialdean matxinatutako taldeen aurkako "operazio antiterroristari". Parlamentuko saioa hastean eman du operazioaren berri Oleksandr Turtxinov Ukrainako behin-behineko presidenteak. Azaldu duenez, operazioa "epeka, modu arduratsuan" egingo da, eta "Ukrainako herritarrak babestea eta izua etetea" du helburu. Ez du xehetasun gehiagorik eman. Bestalde, Kremlinek dio ez duela troparik bidali Ukrainaren ekialdera: "Adierazpen zentzugabeak dira. Han ez dago Errusiako troparik. Esana dute lehendik ere presidenteak eta atzerri ministroak".
Europako Batasuneko inteligentzia militarreko buru Georgij Alafuzoffek Finlandiako egunkari bati baieztatu dionez, ez du uste Ukrainaren ekialdean Errusiako troparik dagoenik. "Ez dira talde handiak. Jatorri errusiarra izan arren, bertakoak dira, eta besterik gabe, protestan ari dira egoerarekin ados ez daudelako", azaldu du Alafuzoffek.
Azken ultimatuma
Ukrainaren eraikin publikoak hartu zituzten taldeei ultimatuma eman zien Turtxinovek, hartutako bulego ofizialak uzteko. Astelehenean 07:00etan —Ukrainan 08:00etan— amaitu zen epea, eta atzotik ez zen Turtxinovek hitzemandako oldarraldiaren berririk.
Donetsk lehenbizi. Kharkiv gero. Eta Mariupol, Luhanks, Kramatorsk, Zaporizhia, Sloviansk eta Horlivka ondoren: Ukrainako hego-ekialdea egunez egun urrunago dago Kievetik. Errusiako hedabideek atzo zabaldu zutenez, presidenteak operazio militar bat abiatzeko dekretua sinatu zuen atzo arratsaldean; zenbait ordutan, erasoa edozein unetan gerta zitekeela zirudien. Iluntzean, ordea, oraindik ez zegoen balizko esku hartze militarraren berririk.
Putin-Obama deia
Ameriketako Estatu Batuek eta Europako Batasuneko hainbat estatuk Errusia jo dute Ukrainako Donetsk eskualdean piztutako indarkeriaren erantzuletzat. Igande gauean Nazio Batuen Erakundeko Segurtasun Batzordeak eginiko bileran, Vitali Txurkin Errusiaren NBErako mandatariak ukatu egin zuen Errusia gertakarien atzean dagoela, baina, gaur goizaldean, Barack Obama AEBetako presidenteak Vladimir Putin Errusiako presidenteari eskatu dio erabil dezala bere "eragina" matxinatutako taldeak kontrolatzeko.
"Presidenteak nabarmendu du Ukrainan dauden indar irregular guztiek armak utzi behar dituztela", azaldu du Etxe Zuriak ohar batean. Halaber, Obamak "kezka handia" azaldu du Errusiako Gobernuak talde horiei adierazitako" babesa" dela eta.
Putinek, berriz, Obamari eskatu dio bere esku dagoen guztia egin dezala "indarraren erabilera eta odolaren isurtzea" saihesteko, eta berriro ukatu du Errusia Ukrainako gertakarien atzean dagoela: "Kieveko erregimenak errusiarren eta errusiar hiztunen interesak aintzat hartzeko borondate eta gaitasun faltaren ondorio da [Ukraina] ekialdeko protesta".