Zelenskik ziurtatu du Ukrainak ez duela lurralderik «oparituko»

Trump eta Putin ostiralean batzartuko dira, Alaskan. AEBetako presidentearen arabera, Ukrainarako bake akordio bat egingo dute, eta iradoki du horrek barne hartuko duela Kieven eta Moskuren arteko «lurralde trukaketaren bat».

Zelenski eta Trump, Etxe Zurian, otsailean. JIM LO SCALZO / EFE
Zelenski eta Trump, Etxe Zurian, otsailean. JIM LO SCALZO / EFE
Aitor Garmendia Etxeberria.
2025eko abuztuaren 9a
16:56
Entzun 00:00:00 00:00:00

Ataka estuan dago Volodimir Zelenski Ukrainako presidentea. Errusiako presidente Vladimir Putin AEBetako bere homologo Donald Trumpekin biltzekoa da ostiralean, eta Etxe Zuriko maizterrak iradoki du «lurralde trukeren bat» barne hartuko duen bake akordio bat adostuko dutela Ukrainarako. «Truke» horrek Errusiak Ukrainan hartutako lurraldeak finkatuko lituzke, atzo AEBetako Bloomberg hedabideak kaleratu zuenez. Hori adostuko balute, Ukrainako presidenteak erabaki beharko luke herrialdeko hainbat eskualde Errusiaren esku utzi, edo akordio horri muzin egin eta AEBen babesa galtzeko arriskua hartu. Bada, gaur egindako adierazpenetan, Zelenskik ez du zalantzarako tarterik utzi: «Ukrainak ez die lurralderik oparituko okupatzaileei».

Sare sozialetan zabaldu duen bideo batean, Ukrainako presidenteak ohartarazi du Putinek eta Trumpek bilera horretan Ukrainarako hartuko dituzten erabakiek ez dutela etorkizunik: «Gure aurkako edozein erabaki, Ukraina kontuan izan gabe hartutako edozein erabaki bakearen aurkakoa da. Ez dute ezer lortuko». Horregatik, AEBetako presidenteari mintzatu zaio, eta gogorarazi Kiev prest dagoela Washingtonekin elkarlanean aritzeko «bake iraunkor» baten alde. Baina gaineratu du Putinek inoiz ez dituela kontuan hartu ukrainarrak. Gerra Errusiak amaitu behar duela ere esan du, «Errusiak hasi baitzuen».

Trumpek iradokitako lurralde trukeari buruz ere mintzatu da Zelenski, eta adierazi du erantzuna Ukrainako Konstituzioan dagoela: «Ez diogu saririk emango Errusiari». Eta argi utzi badu ere ukrainarrek bakea merezi dutela, «bake duina» aipatu du: «Bazkide guztiek ulertu behar dute zer den bake duina». Ukrainako militarrei mintzatu zaie adierazpenaren amaieran: «Eutsi gogor, hau gure lurra da!».

Trumpek atzo gauean iragarri zuen datorren ostiralean bilduko dela Errusiako presidentearekin, eta Kremlinek gaur goizaldean baieztatu du. Alaskan elkartu asmo dute, abuztuaren 15ean. Asteazkenean, Etxe Zuriaren Ekialde Hurbilerako eta Errusiarako ordezkari Steve Witkoff Putinekin bildu zen, Moskun. Horren ostean, Etxe Zuriak eta Kremlinek jakinarazi zuten bi herrialdeetako presidenteek bilkura bat egingo zutela «laster». Eta bart argitu dute noiz izango den. Oraindik eguna zehaztu gabe bazegoen ere, atzo AEBetako presidenteak iragarri zuen Ukrainako gerra amaitzeko itun bat lortzetik «gertu» daudela. «Bi aldeentzako onuragarriak izango diren lurralde trukeak egongo dira», adierazi zuen. Eta gaineratu zuen Putin «gogor» ari dela lanean bakea lortzeko.

Trump eta Putin 2018an egon ziren aurrez aurre azkenekoz, Helsinkin. Eta Errusiako presidentea 2021ean batzartu zen azken aldiz AEBetako presidente batekin; Ukrainako inbasioa hasi baino urte erdi lehenago, Joe Biden Etxe Zuriko maizter izandakoarekin (2020-2025) bildu zen, Genevan (Suitza). 2022ko otsailaz geroztik, Luhansk, Donetsk, Kherson eta Zaporizhiako eskualdeak okupatu ditu Errusiak.

Babes bila Europan

AEBetako eta Errusiako estatuburuen arteko akordio hori gauzatzeko aukera dagoela ikusita, Zelenskik Europako herrialdeen babesa ziurtatu nahian jarraitzen du. Etxe Zuriak eta Kremlinek negoziazioetatik at utzi dituzte EBko estatuak eta Erresuma Batua. Eta Ukrainako presidentea zenbait herrialdetako ordezkarirekin bildu da azken egunetan. Gaur, besteak beste, Erresuma Batuko, Frantziako, Espainiako eta Danimarkako gobernuburuekin hitz egin du Zelenskik, eta, ziurtatu duenez, guztiek berretsi diote aurrerantzean ere Ukraina babesteko asmoa.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.